Txirrindularitzaren benetako arazoaz

VerbruggenTxirrindularitza kinka larrian dago. Errepideko txirrindularitza profesionala zehazkiago esateko. Zalantzarik ez. Baina ez da doping-a errudun nagusia. Doping aferak arazo sakonago baten ondorioetako batzuk besterik ez dira, zoritxarrez jendartean ezagunenak eta minik gehien egiten ari zaizkienak kirol honi. Baina oker dabiltza txirrindularitza doping-aren arazoa konpontzeak salbatuko duela pentsatzen dutenak.

Txirrindularitzaren arazoa, instituzionala da. Egiturazkoa, nolabait esateko. Goitik hasita, hots, UCI nazioarte mailan, beheraino, probintziarteko edo autonomietako federazioak, lotsagarri jokatzen ari dira arlo askotan. Eta nire irudipena da beren kirola krisian ikustearekin batera areagotzen ari dela erabaki okerrak hartzeko duten joera. UCI eta 3 handien arteko liskarra edo gipuzkoar eta euskal federazioetako klanen arteko botere borroka etengabea aski ezagunak dira txirrinduzale askorentzat. Baina erakunde hauen funtzionamenduari arreta pixka bat jarri dionak badaki 2 adibide hauek ur tanta batzuk besterik ez direla astakerien ozeanoan.

Ez nituzke ahaztu nahi ere, ez taldeen patronalak (ECP Espainiar Estatuan, AIGCP nazioarte mailan) ez, ez antolatzaileen elkarteak (AEOC Espainian, AIOCC nazioartean) ez eta txirrindularien sindikatu bakarrak ere (ACP Espainiar Estatuan, CPA nazioartean). Gehienbat nazioarteko hiru elkarteak, UCIrekin lerrokatutako txontxongiloak besterik ez dira (ez ECP, ez ACP, ez AEOC, ez beste herrialdetako erakundeek ez dute ia eraginik nazioarteko beren parekideen jarduera eta erabakietan; eta euren jarduera eta influentzia txirrindularitzan hutsaren parekoak dira). Ordezkatzen dituzten talde, antolatzaile edo txirrindularien beharrak ez asetzeaz gain, euren gehiengoen aurkako erabakiak hartu izan dituzte sarritan. Beren funtzionamendua guztiz antidemokratikoa da eta txirrindularien eta taldeen artean dagoen batasun eskasaz eta komunikazio faltaz aprobetxatzen dira. Horretan erantzunkizun handia dute bai talde bai txirrindulariek eurek, baina salagarria da zein lotsagabe jokatzen duten, euren estatutuei jaramonik ere egin gabe sarritan.

Discovery podiumeanBestalde, pasa den astean, Discovery Channel taldeak ez duela jarraituko adierazi zuten bere arduradunek. Sponsorrak ez zuela jarraituko ezaguna zen aspalditik. Harridura sortu duena, atzean dagoen Tailwind enpresaren uzteko erabakia izan da. Erabaki honen benetako arrazoiaz zalantza asko baditut ere, honela azaldu zuen bertako arduradun Bill Stapleton-ek: “There are all kinds of issues in the sport, doping and others. It’s not an environment conducive to a lot of investment”. Unibet-ek astebete beranduago erabaki berdina hartu du. Segurtasun juridiko ezaz dihardu bere managerrak ere.

Armstrong-ek adibide batez azaltzen du segurtasun juridiko eza: “If you get a company to invest and then all of a sudden the ASO decides that it should go back to national teams, their investment goes to zero. Issues like that up in the air it is too risky to ask people for that kind of money.”.

Egunotan baita ere, erreferentziazkoa zen web orri batek agur esan dio zibermunduari (www.cycling4all.com). Bere agurrean, nekatuta agertzen da Wim van Rossum egilea. Musutruk urtetan txirrindularitzari eskaini dion denbora guztiaren ondoren, nekatuta hainbeste hankasartze eta inkonpetentziaz. Merezi du irakurtzea. Azkenaldian txirrindularitzaz irakurritako diagnostikorik interesgarrienetakoa da, tristea bada ere egilea zein bakarrik sentitu den ikustea, betiere bere tesietan tinko.

Inkonpetentzia du aipagai. Ez alferrik eta ez dut uste kasualitatez ere. Bat baino gehiago harrituko litzateke txirrindularitza profesionalean dagoen profesionaltasun ezaz. Txirrindularitza profesionaletik jende asko bizi den arren, oso gutxi dira lan egiten duten arloan benetako profesionalak. Profesionaltasunak honako ezaugarriak beharko lituzke: gaitasuna, prestakuntza, dedikazioa eta noski, lan-saria edo etekin ekonomikoa. Zoritxarrez, txirrindulari gehienak eta taldeetako mediku eta auxiliar asko salbu (paradoxikoki, fama txarrena dutenak eta zigortuenak), oso gutxi dira profesionaltasunaren ezaugarri horiek betetzen dituzten pertsonak txirrindularitzaren munduan. UCIn, bere elkarte sateliteetan, federazioetan eta taldeetako zuzendaritzetan etekin ekonomikoa atera bai, baina gaitasun eskas eta prestakuntza urriko pertsona gehiegi daude. Eta beraiek hartzen dituzte kirol honen inguruko erabaki garrantzitsu gehienak.

Ikusi duzuenez bada, eraldaketa sakon bat eman beharko da eta seguraski erakunde berri batzuk beharko dira aurrerantzean. Boxeizazioa? Ez litzateke onena, baina oraingo erakundeetan edo berrietan, aldaketa bat behar da: jende berria, ideia berriekin. Ez, UCI Pro Tour bezalako partxeak. Gogoratzen al duzue zertarako sortu zen duela 3 urte? Asmatzaileen aburuz txirrindularitzari sinesgarritasuna emateko, audientzia handiak erakartzeko, horren ondorioz sponsor indartsu eta egonkorrak izateko, doping-arekin amaitzeko etab. Arrakasta bikaina izan du ba Verbruggen-en ideiak: inoiz baino doping kasu sonatuagoak, audientziak behera (eta alemaniar telebista Tourretik at) eta sponsorrak ihesi (Discovery eta Unibet badoaz; Astana, Gerolsteiner, Cofidis, Credit Agricole etab. kolokan). Txirrindularien soldatak ere gainbehera. Lau izar salbu, soldata minimoetara hurbiltzen gainontzekoak. Hori bai, Verbruggen bera harro dabil Beijingo joko olinpikoen buruzagitzan, amesten duen Komite Olinpikoko lehendakaritzari so.

Hor dago ba arazoa, eta horri heldu ezean etorkizun iluna du gure kirol maiteak. Txoko honetatik bada, txirrindularitzak dituen egiturazko hutsune nabarmenenak argitzen eta salatzen saiatuko naiz aurrerantzean ere.

Eneko Garate