Rodriguez, bikain: 10

Joaquim Rodriguezek irabazi du denboraldiko azken klasiko handia, Lonbardiako Giroa. Ikuskizuna emanda irabazi ere. Azken mendatetxora indartsuenak bil-bil eginda iritsi dira eta bertan egin du aurrera Katusha taldeko liderrak, gainerako guztiak atzean utzita. Rodríguez bakarrik helmugaratu da, pozarren. Denboraldi bikainari ginga jarri dio, benetan: Euskal Herriko Itzuliko bi etapa, Giroan beste bi eta maglia arrosa hainbat egunetan, hiru etapa Espainiako Vueltan eta maillot gorria egun askotan… Samuel Sanchez bigarren sailkatu da.

Lasterketa ikusi ez duzuenok jakin ezazue sekulako zaparrada bota duela azken kilometroetan –kamerek ere nahikoa lan izan dituzte azken kilometroak eskaini ahal izateko-. Gazteak zaretenok ez zarete gogoratu ere egingo, baina 1992ko Donostiako Klasikoaren antza handia izan du gaurko lasterketak, ia ilunpetan iritsi direlako ziklistak helmugara, ia zazpi orduko lan egunaren ondoren. Hala iritsi zen duela 20 urteko Donostiako Klasikoan Raul Alcala mexikarra. Euria goian behean ari zuela jo du Rodriguezek eta 20 bat segundoko aldea lortu. Contador, Henao, Uran eta Santambrogio saiatu dira kataluniarra harrapatzen, baina azkenean kontrakoa gertatu da; atzetik zetozen beste txirrindulari batzuek laukotea atzeman du, besteak beste Samuel Sanchez bertan zela –Mikel Nieve eta Gorka Verdugok ederki babestu dute liderra azken aldapara arte-. Jaitsiera eta gero –ausarta behar da gero errepidea zegoen bezala egonda arriskatzeko- zenbait kilometro lauri egin behar izan dizkio Rodriguezek, baina hor ere ez da kikildu eta eutsi egin dio. Pozaren pozez bota du bidoia airera helmuga gurutzatu duenean. Samuel Sanchez bigarren izan da eta Uran, hirugarren.

Rodriguezek garaipen bikoitza lortu du gaur. Izan ere, World Tourreko sailkapen nagusia eskuratu du. Bejondeiola. Sasoi betean zegoen apirilean Euskal Herriko errepideetan erakutsi zuen bezala, eta sasoi betean iritsi da irailera. Katushako txirrindulariak gauza asko erakutsi ditu denboraldi honetan; esate baterako, bi itzuli handi lehia daitezke:bigarren Giroan eta bigarren Itzulian. Biak ‘galdu’ ditto, bai, baina biak irabaztekotan izan da.