Tropela.net-en sari banaketa ekitaldia bihar, ostirala, Zarautzen

Txirrindularitza denboraldia bukatzen ari den honetan, Tropela Elkarteak sari banaketa ekitaldia egingo du bihar, hilak 7, Zarauzko Merkatu Plazan, Torre Luzearen aurrean, 18:30ean. Martxoan abiatu zen Tropelaren denboraldia Paris-Niza lasterketarekin batera. Handik hona, Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako Hirukotea, Italiako Giroa, Dauphine Libere, Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketan beren kinielak egin ahal izan dituzte Tropela.net-eko zaleek. Ziklismoaz gozatu ahal izan dute, euskaraz. Parte hartzaileei dagokienez, marka guztiak hautsi ditu Tropelak. Frantziako Tourrean izan dira kiniela gehien: 12.739. iPad 2a, iPod Touchak, mendi bizikletak, otarreak, kirol arropa, otorduak… Hamaika sari banatuko ditu Tropelak finen ibilitakoen artean.

Ostiralean Zarautzen, saritu guztiez gain, zenbait txirrindulari profesional izango dira, tartean, Koldo Fernandez de Larrea. Sari banaketa ekitaldiaren ostean,mokadutxoa jan ahal izango dute bertara joaten diren guztiek.

Oharra: sari banaketa ekitaldira joateko gonbidapena behar da. Norbaitek gonbidapena nahiko balu [email protected] helbidean eska dezake.