Euskaltel-Euskadi mendiko maillota galtzear?

Amets Txurruka Aiako maldak igotzen erorikoa izan eta geroAtzoko etapan ikaragarrizko erakustaldia emanda Joaquim “Purito” Rodriguez-ek etapa garaipena eskuratu zuen. Aiako maldak hasterako erasoaldia jo eta aurrean zuen Kolobnev-en laguntzarekin, tropelari eta gainontzeko faboritoei behar besteko errenta atera zien atzokoan etapa garaipena lortzeko.

Beharbada, bestela gerta zitekeen Amets Txurrukak erorikoa izan ez bazuen. Aiako %28ko malda igo aurretiko jaitsieran aurreko gurpilak irrist egin zion eta lurrera jauzi zen. Lepauztaia minduta zuela kexatu zen, baina hala eta guztiz ere etapa amaitzeko gauza izan zen. Ikaragarria Ametsek eman zuen erakustaldia atzokoan ere, aste honetan hirugarren aldiz sartu baita ihesaldi batean eta mendiko maillota ziurtatzeaz gain, etapa garaipenaren lehian sartzeko moduan izan zen. Pena ikaragarria genuen Aiako maldetan geunden zaleok, goitik ikusi baikenuen nola Amets aurretik zen ihes eginda errenta politarekin.

Dakizuen bezala Amets Poliklinikara eman zuten. Ez dugu jakin ahal izan azkenean lepauztaia hautsia edo zartatua duen eta oraindik duda da gaur erlojuaren aurkako saioan parte hartuko duen ala ez. Nahikoa luke etapa amaitzea mendiko maillota irabazteko orain bi urte Egoi Martinezek egin zuen bezala. Hala ere, badakigu zauri larriak baditu ez zaiola horrelako esfortzurik egitea komeniko. Duda izango da, beraz, Etxebarriako igotzailea gaurkoan azken unea iritsi arte orain bi urte David Herrerorekin gertatu zen bezala. Gure animorik beroenak Amets Txurrukari, gaur irteten ez bada ere, ikaragarrizko itzulia egin baitu eta hori inork ez baitio kenduko.

Valverde Vs Horner

Faboritoen artean atzo Gesinkek huts egin zuela entzun dugu. Egia da, huts egin zuen, baina arrazoia ez zen izan indarrik gabe geratu izana. Aian geundenok ederki ikusi genuen nola Gesinkek gorputzaren eskuin aldean zauri eta odol arrastoak zituen. Garbi zegoen erori egin zela eta horrek lasterketaren lehiatik kanpo utzi du holandarra.

Gesink kanporatuta, Euskal Herriko Itzulia Valverde eta Hornerren artean erabakiko dela dirudi. Bi hauen artean segundo bakarreko tartea dago murtziarraren alde. Gainontzekoak 34 segundotik gorako atzerapenak dituzte, beraz, ezustekorik ezean, hauetakoren bat izango da gaur Euskal Herriko Itzuliaren garailea. Eta norbaiten alde egitekotan, faborito Valverde hartzen badute ere, nik Horner gailenduko delakoan naiz.

Argazkia: www.cyclingnews.com

Samuel Sanchezek arantza kendu du

Lehendabiziko etapan minutu eta erdi luzea galdu eta gero, gainerakoetan beste helburu batzuk lortzeko lanean ariko zela esan zuen Samuel Sanchezek. Etapa bat irabaztea zuen buruan Euskaltel Euskadiko asturiarrak, eta Arrateko gainean erdietsi du.

Samuel Sanchez Arrateko helmugan

Espero zitekeen bezala, etapa azken aldapan erabaki da. Caisse D’Epargnek jarri du hasieran erritmoa eta Andy Schlecken eraso bortitzak hautsi du tropela. Luxenburgoko igotzaile finak aurrera egin du, eta oso txirrindulari gutxi izan dira gai haren pare jartzeko: Gesink (Rabobank), Horner (RadioShack), Peraud (Lotto), Valverde (Caisse D’Epargne) eta Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi). Chris Horner izan da erritmoa aldatzen hurrena, eta bidea egin du. Samuel Sanchezek, ordea, harrapatu du mendiko pankarta pean, eta pixka bat aurrerago bat egin dute bikote horrekin Valverdek eta Gesinkek. Azken metroak maldan behera zirela baliatuta, tartea ireki du Samuel Sanchezek eta etapa irabazi du. Valverde, Gesink eta Horner orpoz orpo iritsi dira. Sailkapen nagusirako Euskaltel Euskadiren apustu nagusiak, Beñat Intxaustik, nagusitu den taldekidearengatik minutu erdira iritsi da. Aurreneko erasoa jo duen Andy Schleck eta Cunego 40 segundora helmugaratu dira, eta Arraten irabazteko askoren ahotan zegoen Purito Rodríguez, 49 segundora. Amets Txurrukak ihesaldian egin ditu kilometro asko eta saritxoa jaso du: mendiko maillota.

Azken bi etapetan, Orioko aldapek epaile lana egingo dute eta ezustekorik ezean, Valverdek, Hornerrek edo Gesinkek irabaziko dute aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Izan ere, segundo bakarraren bueltan daude hirurak sailkapen nagusian. Haietako batek huts egin lezake, baina hirurek, nekez.

Argazkia: Susi Goetze (www.cyclinginside.com)

Valverdek, bitik bi

Valverde garaile ViananEuskal Herriko Itzuliko lehen bi etapak jokatu dira eta Alejandro Valverde da orain arteko izen nagusia. Asteleheneko etapan bigarren helmugaratu zen, Freireren atzetik, baina epaileek erabaki zuten garaipena eta maillot horia Caisse D’Epargneko txirrindulariari ematea, Freirek enbarazu egin ziolakoan.

Bigarren etapan murtziarra nagusitu da, eta haren atzetik Oscar Freire sailkatu da. Zierbena eta Viana artekoa izan da bigarren etapa. Eraso festari etapa hasi eta berehala ekin diote txirrindulariek eta hiruk egin dute aurrera: Euskaltel-Euskadiko Amets Txurruka, HTC-Columbiako Michael Rogers australiarra eta Footon-Servettoko Alberto Benitez. Zazpi minututik gorako aldea ere izan dute, baina tropelak ibilian ibilian hirurak harrapatu ditu, banan bana: Benitez aurrena, Txurruka ondoren eta Rogers azkenik. Bukaera gertu ikusita, Gomez Marchante saiatu da eta kilometro eskasera Wigginsek egin du aurrera, tropela ustekabean harrapatu nahian. Ez du lortu, ordea. Aldapatxoan zegoen helmuga eta bertan Valverde izan da indartsuena.

Asteazkeneko etapan nekez geratuko da atzean faboritoren bat. Beraz, ostegunean, Arratera bidean argitzen hasiko da sailkapen nagusia. Schleck anaien, Gesinken, ‘Purito’ Rodriguez edota Cunegoren gurpilak gertutik zaindu beharko ditu Alejandro Valverdek.

Argazkia: Susi Goetze (www.cyclinginside.com)

1.etapa: Freire sinetsi ezinik

Freire sinetsi ezinik

Hauxe izan zen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapako irudia. Oscar Freire kantabriarrak helmuga lehen postuan eta besoak goian zituela pasa arren, epaileek bere esprinta ez zuten ontzat eman eta garaipena kendu zioten. Nire ustez, Freireren esprinta zuzena izan zen ala ez eztabaidagarria da eta ondorioz, epaileentzat erabaki errazena sailkapena zegoen bezala uztea zela deritzot. Baina ez. Epaileek garaipena bigarren sailkatuari, Alejandro Valverderi, eman zioten eta irabazlea, normalean egin ohi den bezala multzoaren azken postura (24. postura) atzeratu beharrean bigarren postua “oparitu” zioten. Nire ustez erabaki hori ulertezina eta interesatua da eta epaileek hanka sartu zutelakoan nago.

Freire irudian ikus dezakezue, gertatutako sinetsi ezinik. Badirudi gaur beste aukera bat izan dezakeela, bai etapa irabazteko eta baita lidergoa “berreskuratzeko” ere. (Horretarako utzi dute epaileek bigarren postuan ezta?)

Argazkia: Susi Goetze (www.cyclinginside.com)