Contadorrek Cancellararen marka itzalpean utzi du

Cancellara erlojuaren kontrako Munduko txapeldun berriro

Badirudi bere garaipen ikaragarrian Contadorren ustezko positiboak itzalean utzi duela. Ez zait gutxiagorako iruditzen txirrindulariatzaren munduan Tourra irabazi duena auzitan jartzeak asko esan nahi baitu.

Txirrindularitzako berri nagusia Contadorren ustezko positiboa den arren gaurkoan lekua Cancellarari egin behar diogula iruditzen zait. Eta batez ere gure urteko azken lehiaketa jokoan jarri delako gaurkoan. Dopin kontuak bihar edo izango ditugu mintzagai.

Ez du hutsik egin suitzarrak. Bere esanetan gaurkoan gaurko erlojuaren kontrakoan gailentzea aurreko hiruretan baino gehiago kosta izan zaio. Niri ez zait hala iruditzen bigarren izan den Millar-i minutuko errenta atera baitio. Horrenbestez laugarren aldiz erlojuaren aurkako munduko txapelduna izango da Cancellara merezimendu osoz.

Eta gainontzekoak? Txapela kentzeko moduko erlojuaren kontrakoa etxekoek egin dute. Porte gazteak 4. egitea lortu du 1’19”rekin eta 5. Rogers 2’25”era. Gutxik espero zuten bi australiarrak lehen bost postuetan sailkatuko zirenik.

Ezustekoa ematen bestea Millar izan da. Egia da hirugarren izan den Tony Martinek zulatua izan duela eta horrek gutxienez 15 bat segundo galarazi dizkiola. Hala ere erlojuaren kontrako saio bikaina eginda bigarren sailkatu da Millar 1’02”ra eta hirugarren Martin 1’12”ra.

Nire ustez hiru maila ezberdinduko nituzke gaurko erlojuaren kontrako saioan: irabazlearen maila gaindi ezina, minutura sartu diren Millar, Martin eta Porte, eta azkenik gainontzekoak, 2’25”etik gorakoak.

Grabsch eta batez ere Larssonen maila baxua, nire ustez bederen, aipatu nahiko nituzke. Biak ere Cancellarak baino 3 minutu gehiago behar izan dituzte. Nik Larsson behintzat podiumetako postuen lehian arituko zela espero nuen, baina ez dakit ba zer gertatu zaion. Bere mailatik kanpo geratu dela uste dut.

Esan bezala, gaurko berriek Cancellararen garaipen itzela itzalean utzi dute. Ez dakit oihartzun handiagoa izateko igandeko errepidekoan lasterketa irabazi beharrean izango ote den.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.