Gilbertek etapa garaipena eta Di Luca segundorik gabe

Gilbert. 20. etapan garaipenaGilbertek ederki irabazi du gaurko etapa, azken igoeratxoan erasoa joaz. Gaurkoan Di Lucak etapa garaipena behar zuen sailkapen nagusian Menchovekin zuen tartea jaisteko, etapa irabazleak 20 segundoko gain saria baitzuen. Italiarra ez etapa garaipen ez gain saririk irabazteko gai ez da izan eta maglia arrosa janzteko zituen amets eta asmoak ezerezean geratu zaizkio gaurko etaparen ondoren.

Tropelak etapari ekin bezain laster eguneko ihesaldia osatu da. Zortzi izan dira ihesalditxoa osatu duten txirrindulariak: Bonnafond, Cardenas, De Bonis, Förster, Angel Gómez, Lastras, Lund eta Swift. Cardenas (10, 17 eta 18 etapetan), De Bonis, Angel Gómez eta Lastras aurreko etapetan ere ihesaldietan sartutako txirrindulariak izan dira. Tropeltxo honek ia lau minutuko tartea atera dio tropel nagusiari, baina LPRko txirrindulariek garbi zuen gaurko etapan bere taldeko liderrari lagundu behar ziotela ahalik eta gain sari gehien eskuratzeko Menchovekin zuen errenta jaisteko.

Gaur Di Lucaren lehen helburua Frosinoneko tarteko helmugako gain saria bereganatzea zen 6 segundo baitziren lehenarentzat. LPRek ihesaldia neutralizatzea lortu du tarteko helmuga hori baino 8 kilometro inguru lehenago. Guztia eskura zuen Killerrak, baina azken aldapatxoan Menchovek erasoa jo du segundo horien bila. Atzetik Di Luca eta Petacchi, aurtengo Giroan bi etapa garaipen lortu dituen txirrindularia. Di Lucak ez du orain arteko freskotasuna erakutsi eta ez da gauza izan errusiarraren aurretik pasatzeko. Eskerrak Petacchi taldekidea erne ibili den eta errusiarrari gailendu zaion. Ondorioz, Petacchik 6 segundoko gain saria, Menchovek 4koa eta Di Lucak 2koa jaso dute. Momentu horretan Di Lucak sailkapen nagusian 20 segundoko atzerapena zuen. Di Lucaren gaurko lehen hutsa izan da.

Tarteko helmugak sailkapen nagusian zuen garrantziaren presioa pasata, tropela erlaxatu egin da eta abentura zaleek beste saiakera bat egin dute. Brutt eta Fothen izan dira horiek, baina hauen ihesaldiak ez du gehiegi iraun. Ez da bestelako ihesaldirik sortu Agnani inguruetara iritsi arte. Szmydek tropel buruan sakabanaketa eragin du taldetxo bat osatuz, baina ez da behar bestekoa izan eta bat egin dute aurrerago.

Tropela helmugatik lehen aldiz pasa denean guztiak elkarrekin ziren. Gaurko etapan ere txirrindulariek zirkuitu bati buelta eman behar zioten eta gaurkoan itzuli hori 18 kilometroko zen. Agnaniko aldapan behera saiakera gehiago izan dira. Anabasa sortu da tropel buruan eta mugimendu asko izan badira ere, ganoraz osatu den ihesaldia Charteau, Huzarski, Pinotti eta Tiralongok osatu dutena izan da. Hauen ihesaldia ia 15 kilometrotakoa izan da baina aurrez esan bezala, LPR taldeak garbi zuen Di Lucari lagundu behar ziotela etapa garaipenean. Bosisio buruan zuela, Agnani aldapan eta etapa amaierarako 2 kilometroren faltan,  ihesaldia harrapatu dute. Oraindik etapa garaipena nahi zuten txirrindulariak ziren eta horien artean Gilbert. Belgikarrak erasoa jo du eta bere atzetik Popovych eta Voeckler joan zaizkio. Hirurak bat egin dute eta tartea atera tropel nagusiari, baina Popovych geratzen hasi da. Frantziarra belgikarraren gurpilean zen kilometro bat falta zenean, baina Gilbert indartsuagoa zen eta etapa amaiera hori beretzako aproposagoa. Erritmo aldaketa berri bat egin du eta Voeckler atzean utzi. Azkenean belgikarrak etapa garaipena eskuratu du eta Di Luca gain saririk gabe utzi. Etapa amaiera bikaina Gilbertek egin duena eta merezitako garaipen ikusgarria berarentzat eta Silence-Lotto taldearentzat.

Gaurko etapan LPRek bere ahaleginak egin ditu biharko erlojupekorako Rabobankeko liderrari tartea txikitzeko, baina ez tarteko helmugan ez etapa amaieran ez da gauza izan gain saririk lortzeko. Ez hori bakarrik, tarteko helmugako gain sariei esker Menchovek tartea 2 segundo gehiagotan gehitu du. Nire ustez, atzokoan aurreratu bezala, Menchovek Giroa erabakita utzi du batez ere gaurkoa ikusita. Iragarpenek Erroman eguraldi txarra izango dela esaten dute eta horrek zalantzarik gabe erlojupekoari eragingo diote, baina ez zait iruditzen Di Lucari horrek laguntzen dioenik.

David Lopez erori eta erretiratu egin da

Ez dute aurtengoan euskaldunek Giroan zorterik. Dagoeneko hirugarren euskalduna da era honetan Giroa uzten duena. Lehena Pedro Horrillo ermuarra izan zen, gero Iban Mayoz eta azkena David Lopez. David Lopezek ETBn esan dutenaren arabera, behin erori eta jarraitu egin omen du, baina bigarren eroriko bat izan omen du eta orduan bai, lasterketa utzi beharrean izan da. Ez dut berri gehiagorik. Iban Mayozi dagokionez, dirudienez ez zuen hausturarik izan eta honez gero etxean izango da. Pedro Horrilloren inguruan ditugun azken berrien arabera etxera ekartzekoa ziren aste honetan.

Iker Camaño bakarrik geratzen da tropelean eta aurtengo Giroa bukatuko duen euskaldun bakarra izango da biharko erlojupekoan ez bazaio ezer gertatzen behintzat (hala espero dezagun).