Gaur aukera izan dut Itzulia bertatik bertara bizitzeko Zarautzen. Eguraldi paregabea egin du, ezin uka, eta giroa ere paregabekoa izan da. Hoberena presiorik gabe joan naizela da, izan ere, Itzuliako webgune ofizial eta sare sozialak kudeatzearen ardurak alde batera uzteak lasaitasun handia ematen du. Era horretan, gustura egin dugu sinadura bilketaren jarraipena eta nola ez, gustura agurtu antolakuntzako eta batez ere prentsa aretoko kideak, azken urte hauetan ezagutu ahal izan ditugunak genituen ardurak tarteko.

Gogoa nuen komunikazio arduradun berriak, Borja Vergarak eta bere lantaldeak, Donostiako Klasikoatik kargua hartu zutenetik, bertatik bertara eta internet bidez, Itzulia honen zabalkundea nola gauzatzen zuten ikustea. Nioen moduan lau urteko esperientzia izan dut eta esan dezaket ez dela gauza bera egun bateko lasterketa, Klasikoa kasu, edo 6 egunetakoa, Itzulia.Sinadura gunean jabetu naiz gutxienez 5 lagun bazirela komunikazio lan talde horretan. Poz handia eman dit horrek, izan ere gu aritu ginenean 2-3 baino gehiago izateko aukerarik ez genuen antolakuntzak ez baitzuen komunikazioan inbertitzerik nahi. Prentsa aretora joan naizenean 5-6 bazirela ikusi dut eta “kontxo!” pentsatu dut nire barrenerako, “badirudi behingoz antolakuntzak komunikaziorako giza baliabideetan inbertitzea erabaki duela”. Oso positibotzat jo dut hasera batean, baina gaurko egunak eman duena ikusi ondoren jabetu naiz giza baliabide kopurua eta lortutako emaitzak ez direla zuzenki proportzionalak izan.

Youtubeko kanala

Sinadura kontrolean aipatutako 5 kide aritu dira bideoak grabatzen eta sare sozialetan argazkiak argitaratzen. 5 dira grabatu eta argitaratu dituzten bideoak ikusi dudanez, bideo sarrera ikusgarri batekin, dena esan beharra dago. Alaphilippe (QST) gaurko irabazleari, De la Cruzi (SKY), Mikel Landari (MOV), Edu Pradesi (EUS) eta Gorka Izagirreri (TBM) grabatutako elkarrizketak izan dira. Baina bideoan bertan errotulurik ez gehitzea eta audio kalitate kaxkar horrekin grabatzea oso maila baxuko lana iruditu zait. Eta beste behin agerian geratu txirrindularitzaz ez dakitela gehiegiez baitira gai izan Gorka Izagirreri egin diotela elkarrizketa jakiteko, ez Ion Izagirreri argitalpenaren azalpenean jarri duten moduan. Jakina nuen txirrindularitza ezagutza baxua zutela, baina beste behin ere baieztatuta geratu da akats honekin.

Zuzenekoa

Esango nuke jarraitu dudanagatik ondo xamar jardun direla, betiko hizkuntza akats larriak kontutan hartu gabe, noski. Positiboa iruditu zait lasterketako pare bat argazki kontakizunean bertan txertatzeko aukera izan dutelako, baina gainontzean Tropelak zuenaren oso antzekoa da (akaso uste baino hobeto zegoen guk landu genuena). Baina behin bukatu denean ez dago aukerarik berrikusteko eta gustatuko litzaidake errepasatzea. Guk erakusgai uzten genuen historiko moduan.

Lasterketako emaitzak

Zalantzarik gabe hauxe da gaur Borja eta bere lan taldeak izan duen porrotik handieneko atala, grabeena inondik ere. Izan ere guk ardura hartu genuenean garbi genuen emaitzak zuzen eta ahalik eta lasterren argitaratu behar genituela. Hori baita zale eta komunikabideek jakin nahi duten lehen gauza eta ez ordubete beranduago zenbait lasterketatan gertatzen den moduan. Horregatik aritu ginen lanean denbora eta sailkapenez arduratzen den enpresakoekin, G93ko adiskideekin, zuzenean emaitzak izan bezain laster guk jaso eta webgunean argitaratzeko. Bada egungo lantaldearen webgunea ez da gai izan emaitzak argitaratzeko orain gutxi arte (oraintxe 22:25ak dira). ProCyclingStats webgune ezagunekoek lehen 20ak lehenago egin dituzte publiko eta denbora aurrera zihoan bezala emaitza guztiak oraindik falta zirela ikusita, webgune horren Twitter kontu ofizialean zain zirela adierazten zuten ez baita normala izan. Gure webgunean ez zen horrelako atzerapenik.

Prentsa aretoan nengoen eta entzuten nien webgunearekin arazoak zituztela. Ezin zituzten sailkapenak erakutsi. Presioak jota edo, sailkapen nagusia txiokatzea erabaki dute eta gaurko etaparen kronikan gehitu dute, sekulako txapuzarik handiena, nire ustez behintzat. Ez hori bakarrik, tarteka sailkapen batzuk agertu, agertu dira webgunean baina guztiz oker: Omar Fraile jartzen zuten euskaldunik onenaren sailkapenean buru eta Powless gazteenean, non bagenekien Pello Bilbao taldekidea izan dela euskaldunik onena eta gazterik onena, berriz, Enric Mas. Zorionez orain emaitzak jarri dituztenean akats horiek zuzendu dituzte, baina sailkapen bat bera ere ez dago ondo!!

Hasteko, webguneko sarrerako “Sailkapenak” menuaren esteka ez dabil. Nabigatzen jarraitu beharra dago dabilen estekarekin topo egin arte, adibidez taldeen orrialdera joanda. Bertan azpi-menu bat agertzen da ondorengo aukera hauekin: Banakako Sailkapena, Mendiko Sailkapena, Puntutako Sailkapena (bai, badakit “puntukako” dela baina webgunean agertzen den moduan idazten dizuet) eta Gazteen Sailkapena. Nire harridurarako ez dago taldekako sailkapenik, eta okerragoa dena, ez da bereizten etapako eta nagusiko sailkapenik. Hau horrela izan da, beldur naiz bihar ez ote den sailkapen nagusi eta etapakoak ikusteko aukerarik izango. Hori bihar jakingo dugu.

Baina nioen moduan, sailkapen bat bera ere ez dago ondo eta hori oso oso larria da.

Sailkapen nagusian bi txirrindulari falta dira (151 daude webguneko zerrendan eta ofizialean 153) eta dakizuen moduan Enric Mas izan da 4. sailkatu dena, eta ez Bardet, beste akatsen artean. Mendikoan ere 4. postutik aurrera akatsak agertzen dira, baita puntu zein gazteen sailkapenak ondorengo irudietan ikus dezakezuen moduan. Eta dortsalen zutabean izena errepikatzen da dortsala erakutsi beharrean. Ondorengo irudietan markatzen ditut akatsak.

Erretiratuak ere zein diren ez da agertzen webgunean inondik ere. Lasai, jakin ezazue erretiratu den bakarra, edo hobe esanda, irteera hartu ez duen bakarra, Tusveld (SUN) izan dela.

Prentsa gunea

Ezer gutxi eskaintzen digu lasterketa jarraitzeko garaian prentsa gune berri honek. Gaur gehitu duten gauza bakarra “Etapa 1” karpeta hori izan da eta bertan lau argazki daude eskuragai. Zoritxarrez horien artean ez dago ez garailea helmugatik pasatzen, ez podiumeko argazkirik. Jakin dezazuen, guk gutxienez 3 argazki gehitzen genituen erresoluzio altuan argazkilari profesional batek emanak: lasterketan zeharreko bat, helmugako bat eta podiumeko bat. Honetan ere, kale prentsa arduradun berriak.

Baina ez dut hori bakarrik bota faltan, baita sailkapenak PDF moduan eskuratzeko aukera bera ere, batez ere taldeka denbora eta erretiratuak agertzen zirena. Gogoan dut nola Joxemari Apaolazak Arraten komentatu zidan asko erabiltzen zutela irratsaioetan eta hori jakinda hurrengo ediziorako prestatu genuen. Hori ere haizeak eraman du.

Akats asko eta lan kaxkarra, hori da nik gaur Zarauzko bizipenetik jaso dudana. Logoa aldatu du antolakuntzak, batek baino gehiagok txalotuko du aurrera egin dela komunikazioan, baina pixka bat gertuago begiratzen baduzue, eta zinez, ni hala egiten saiatu naiz ahalik eta modurik objektiboenean, aurtengo edizioan komunikazioari dagokionez, euskararen gaia aparte utzita beste baterako, antolakuntzak aurrera ez, atzera nabarmen egin duela esango nuke.

Argazkia: “Etapa 1” karpeta horretako argazki bat, Itzuliaren prentsa gunekoa

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.