Zoetemelken itzal luzea

Iragan Italiako Giroak irudi gogoangarri asko utzi zizkigun, Iban tropelkideak joan den asteko artikuluan aipatu bezala. Hala ere, lasterketan izango zuen garrantziagatik, esan liteke Steven Kruijswijk-en erorikoa eta bere ondorengo helmugaratzea izan zela aurtengo edizioko irudia. Lasterketa oso baten erdibidekoa suposatu zuen, LottoNL – Jumbo taldeko gizonaren agintaldiarekin bukatu eta bere gainbehera ekarriko zuena, eta horrekin batera Vincenzo Nibaliren susperraldia ahalbidetuko zuena.

kruijswijkKolpe fisikoa bera baino psikologikoa gainditzeko lana hartu beharko du Kruijswijek. Aurreneko itzuli handia hain gertu izan eta horrelako zorigaiztoko akats batengatik galtzeak benetan izan behar duelako gogorra. Eta txirrindulariaz beraz gain, Herbeheretan ere atsekabez ikusi izango zuten seguru asko Giroaren amaiera. Iaz Tom Dumoulin 35 urteko izurriari amaiera ematetik hain gertu egon ostean, bazirudien aurtengoak behar zuela Joop Zoetemelk handiaren lekukoa hartzeko unea. Baina esan bezala, ez zen horrela izan.

Txirrindularitzan tradizio handia duen lurraldea da Herbehereak. Eta hala ere, azkenaldian sortu den garaipenaren beharrerako grin hori erlatibizatzeko arrazoiak izan badituzte. Bi arrazoi nagusi aipa litezke horretarako.

Lehenik eta behin, tradizio handi hori izanagatik, itzuli handietarako horrenbeste izar eman ez dituen lurraldea dugula. Eta horren lekuko, datu esanguratsu bat: historia osoan zehar, bi herbeheretarrek baino ez dute lortu hiru asteko itzuli batean gailentzea. Jan Jansen eta Joop Zoetemelk bera izan ziren, Vuelta eta Tour banarekin. Eurekin batera Jan Raas eta Hennie Kuiperrek osatu dituzte lurralde txiki honen txirrindularitzaren urrezko orrialdeak, 60.hamarkadaren erdialdetik 80.aren erdialdera, gutxi gora behera.

Garaipen ez horrek, gainera, ez du esan nahi Zoetemelken lorpen harez geroztik podiumak zapaldu eta zapaldu ibili direnik: azkenekoa Erik Breukinkek erdietsi zuen 1990.eko Tourrean. Bolada txar horretatik ere libratzerik ez zuten izan Dumoulinek eta Kruijswijkek, hatz-puntekin ikutzeko moduan izan baziren ere.

Bistan da horrenbestez azken 25-30 urteetan Herbehereen protagonismoa apala izan dela itzuli handietako sailkapen nagusietan. Hau jarraian azaltzen den grafikoan baiezta daiteke; bertan ikus daiteke beste lurralde askok emaitza on askoak lortu dituzten bitartean (tartean, Euskal Herriak berak), Herbehereak tarteko maila batean geratu dela. Eta hori 1981-2016 tarteari dagokionez; urteen tarte hori 1991.urtetik aurrera ezarriz gero, desagertu egiten da.

Honek hein batean erakusten du, garaipenaren beharra badela argudiatu baliteke ere, garaipena bera baino lehian izatea faltan dutela herbeheretar txirrindulariek. Eta berau indartzeko, jarraian beste grafiko bati errepara dakioke. Urte tarte berdin horretan hiru itzuli handietan sailkapen nagusirik onenak lortutako txirrindulariak ageri zaizkigu bertan, aurreneko 25 postuetan sailkatu badira, beti ere. Hortaz, hor ageri diren hutsuneek edizio eta lasterketa konkretu horietan postu horretatik aurrera inor izan ez zutela esan nahi du (are gehiago, amaierako sailkapenean herbeheretarrik gabeko lasterketarik ere egon da tarte horretan).

Eta hemen grafikoak argitzen duen daturik interesgarrienetako bat: Zoetemelken garaipen handi horri beste postu on dezentek eman zioten segida, Giroan eta Tourrean batik-bat, baina 90. hamarkadatik aurrera gainbehera nabarmen bat ezagutu zuen lurraldeak. Datu esanguratsu bat: 1993 eta 2008 urteen artean (15 urtetan, beraz), 10 lehenetan bi postu baino ez zituzten lortu (Michael Boogerdek biak, Frantziako Tourrean).

Horretxegatik aipatzen zen bigarren arrazoi hori, irabazteko behar hori erlatibizatzeko gonbidapen gisa: 90. urte inguruan hasitako hamarkada t’erdiko bolada txar horri buelta emana dela dirudi Herbehereak, eta horretxegatik, horri jarraipena ematea bera albiste positibotzat hartu behar da. Egia da azken bi urte hauetan bere garaian Robert Gesinkekin izan zituzten itxaropenak piztu zirela, itzuli handi bat irabaz dezaketela alegia, baina berez, bistan da inork baino gehiago harrobiko lana zaintzen duen lurraldea ari dela hein batean fruituak jasotzen.

Eta azken aipu honengatik artikuluari jarritako izenburua: berez Zoetemelk zaharrari egindako aipamena oso garrantzitsua ez bada ere, bere garaipenak utzitako erreferentzia-puntu horrek bere horretan dirau, eta batez ere herbeheretar zaletuen buruan, seguru asko azken urteotako hobekuntza nabari hori behar bezala baloratzen uzten ez diena. Helduko zaie dena den, lehenago edo beranduago, beren txirrindulari kuttunaren argazkia aldatzeko eguna.

Irudia: gettyimages (Tim de Waele)
Datuen iturriak: Memoire du Cyclisme | Cycling Quotient