Costa Ricako heroia

amador_madonna_di_campiglio_(movistarteam)

Astebete pasa da Giroa amaitu zenetik eta jada urrun geratzen da Giroa. Dauphiné hasi berri da eta laster izango dugu ere Tourra gainean. Gaurko honetan ordea tropelak Italian igaro dituen hiru asteek utzi diguten protagonistetako bat ekarriko dut gogora: Amador.

Andrey Amador (San Ramón, Costa Rica, 1986) Giroko ezusteko nagusietariko bat izan da. Sanremoko irteeran inork gutxik espero zuen hain maila altuan aritzea lasterketan osoan zehar. Erakutsi zuen erregulartasunak sailkapen orokorreko 4. postua lortzeko balio izan zion, baina baita bere herrialde osoaren errespetu eta miresmena eskuratzeko ere. Costa Rican sekulako oihartzuna izan du Movistarreko txirrindulariaren lorpenak eta ez da gutxiagorako. Komunikabideek herrialdean bizi izan den zirrara argi islatzen zuten euren titularrekin: mitotzat jotzen du La Nación egunkariak; balentria historiko bezala definitzen du Amadorrek egindakoa Diario Extrak. Laudorio eta goraipamen amaigabeak jasotzen ari ditu Lizarte talde nafarrean hezitako txirrindulariak.

amador-crono-giro-(movistarteam)Esan bezala, erregulartasunaren Giroa izan da berea. Ez du ikuskizun handirik eman, berarentzat oso aproposak ez ziren etapetan ahalik eta gehien eustea helburu zuelarik. Mendiko etapetan sufrituz, egunero 10. postuaren inguruan helmugaratzen zen eta horrek sailkapen orokorrean apurka-apurka gorantz egiteko balio izan zion. Bere Giroko momentu garrantzitsuenetariko bat Valdobbiadeneko erlojupekoa izan zen. 60 kilometroetan zehar egin zuen lan txukunak podiumeko 3. postuan kokatu zuen. Mendate asko zituen oraindik aurretik ordea, hirugarren aste oso gogor bat. Berak onartu zuen zalantzak zituela ez bait zen horrelako egoera batean sekula egon. Hala ere argi zuen egin beharrekoa. Eutsi. Hortzak estutu. Sufritu. Eta hala egin zuen. Tantaka-tantaka denbora galtzen joan zen baina, atzean zituenekiko denbora tartea kudeatuz duintasun osoz amaitu zuen Giroa. Azkenean 4., Mikel Landa ikusgarri batek soilik gaindituta.

Amadorren Giroak ez du soilik zaletuen arreta bereganatu: aurten amaitzen du kontratua Movistarrekin eta baditu jada World Tourreko pare bat talde ate joka. Kolore desberdinekin ikusiko dugu beraz agian datorren denboraldian Costa Ricako heroia.

 

Argazkiak: Movistar Team.