Bi handiak

Pare bat hilabete pasa dira urteko zita garrantzitsuena den Frantziako Tourrera begira itzuli handietako lau handien prestaketa nola zihoan aztertu genuenetik. Ordura arterakoan Quintana zen beharbada emaitza onenak zituenak, eta Contador berriz exkaxenekin zena. Bi hilabete hauetan ordea gauzak aldatu dira, majo gainera.

Pintoko txirrindulariak Giroa irabazi du, bere bigarrena, guztira bere zazpigarren itzuli handia izan dena. Marka itzela dudarik gabe.

Presiorik gabe hasiko du Tourra madrildarrak, bere lehiakideek baino askoz gutxiagoz behinik behin. Gogoratu, azken Vuelta ere berak lortu zuela, hau da, azken 2 itzuli handiak poltsikoratu ditu. Pantani zenak 1998an lortu zuenetik Giro-Tour bikoa ez du inork errepikatu, baina norbaitek egin ahal badu hori Contador da.

Romandiako emaitza exkaxaren ondotik, kolonbiarraren berririk ez dugu izan aldiz azken bi hilabetetan. Komentatu bezala, bere herrialdeko altiplanoan igaro ditu azken bi hilabeteak eta aurreko asteko Route du Sud arte ez diogu aurpegirik ikusi. Han topatu zen Contadorrekin, eta indarrak parean daudela ikusi genuen. Prestaketa hau egin zuen azken aldian 2014ko Giroa poltsikoratu zuen Quintanak. Balioko ote dio oraingoan?

Beste biak, azken bi Tourren garaileak, Dauphinén ikusi dute elkar. Froome eta Nibali. Lehenak bi etapa garaipen eta sailkapen nagusia etxera, 2013ko Tourra irabazi zuenean bezalaxe. Italiarrak erdipurdiko maila erakutsi du, ihes eginda izan zeneko etapa bat salbu, iazko Tourra irabazi zuenean bezalaxe honek ere.

Prestaketa beraz, orokorrean bakoitzak bere azken itzuli handia irabazi zuenekoan bezalakoa daramate lau handiek. Hauetako batek irabaziko baitu aurtengoa, ez izan horren zalantzarik. Guztiak daude beraz puntu-puntuan Contador salbu, baina gogoratu azken hau hondartzatik zuzenean joanda Giroa irabazteko gai izan zela, zergatik ez oraingoan? Tropela kinielan 4 hauetatik 2 aukeratu beharko ditugu. 3 astetan zehar gure 2 handiak izango diren txirrindulariak. Zein dira zure 2 handiak?

Argazkiak: niewsblad.be, cyclingweekly.co.uk