Peter Saganen 260 eguneko lehortea

sagan-tirreno-adriatikoa

37 aste eta egun bat, hau da, 8 hilabete eta 16 egun. 260 egun, guztira. Denbora hori igaro da 2014ko ekainaren 29aren eta 2015eko martxoaren 16aren artean. Lehenengo datan, Eslovakiako errepideko txirrindularitza txapelketa irabazi zuen Saganek. Bigarrenean, herenegun, Tirrenoko 6. etapan gailendu zen. Tarte horretan, 2. postuetan espezializatu da eslovakiarra.

Lehenengo postuaren ateetan geratu da maiz Sagan, garaipen bilduma ikusgarria daukan txirrindularia. Aurten, irabazi gabe eman ditu lehenengo hilabeteak. Tinkoff-Saxoren milioi askoko fitxaketari lehenengo arrazoia emateko itxaron behar izan du. Nolakoak izan ziren, baina, 9 hilabete hauetako bigarren postuak?

Frantziako Tourra

1. etapa: Azken kilometroko tarte batzuk gorako joera zuten arren, Kittelen atzetik geratu zen Sagan. Giant-Shimanok ondo bideratu zuen alemaniarra. Esprinta taldetxo batek lehiatu zuen, eroriko baten erruz. Cavendishek etxera joan behar izan zuen Ingalaterran hasitako Tourrean, baina maillot horia ez zion Saganek kendu, Kittelek baizik. Navardauskas ere eslovakiarra aurreratzetik gertu egon zen, baina Harrogaten azkarrena Alemaniako esprinterra izan zen. Momentuz, baina, osorik zeuden gogoak eta itxaropena Tourra hasi berrian.

3. etapa: Kittel, maisuki, Saganen borrero beste behin. Alemaniako erraldoiak taldea lagun izan zuen, eta ez zien aukerarik utzi gainontzekoei. Sagan gurpilera atxiki zitzaion, baina lana ezinezkoa zen. Saiatu ere ez, Londresko helmuga Kittelentzat diseinatua zegoen eta. Kittelen bizikleta osoa igaro zen Sagan baino lehen. Eslovakiarra, behintzat, gizakietan azkarrena, Renshaw, Coquard, Kristoff, Demare eta besteak atzean utzita.

7. etapa: Vosgoen aurreko azken esprinta estua izan zen oso. Badaezpada, inork ez zuen helmugan ospatu. Telebistako esatariek Sagani eman zioten garaipena, baina helmugako argazkiak erabaki zuen: oso gutxigatik, Trentin eslovakiarra baino lehenago. Inoiz baino gertuago, baina bigarren.

12. etapa: Kittel eta Greipel gabe, Kristoff garaile. Mendateak igaro behar zituzten txirrindulariek, baina esprinta heldu zen Saint-Etiennera. Cannondaleren lana ezin aprobetxatuta, apur bat berandu ibili zen Sagan Kristoffen indarraren aurrean. 2013an lau etapa lortu zituen, eta honekin, laugarren 2. postua gehitu zion 2015eko kontuari.

Gainera, beste 3. postu bat, hiru 4., eta 5. bat eskuratu zituen. Helmuga usaindu egin zuen askotan, baina lehena igaro ez. Hala ere, edo hobeto esanda, horri esker, Pariseko podiumera igo zen, puntuen maillotarekin.

Espainiako Vuelta

2. postu zehatzik ez, baina aipatu beharra dago Cannondale bigarren geratu zela Movistarrek irabazi zuen taldekako erlojupekoan. Gero, Degenkolb eta Bouhanni esprint guztiak irabazten ari zirela ikusita, Vuelta utzi zuen eslovakiarrak.

Qatarreko Itzulia

Denboraldi hasi berriarekin, gauzak aldatzeko grina erakutsi du Saganek. Aurreko postuetan hasi zuen lehenengo lasterketa, Qatarren, baina garaipenik eskuratu gabe. Oraingoan ere, Kristoffen atzetik geratu zen eslovakiarra 4. eta 5. etapetan, eta beste hiru aldiz, laugarren. Tinkoff-Saxori garaipena emateko gogotsu aritu bai, baina saririk gabe. Denboraldi zati honetako gizonik azkarrena izan du aurkari.

Tirreno-Adriatikoa

2. etapa: Eroriko batek kanpoan utzi zituen Cavendish, Viviani, Modolo eta Nikias Arndt bezalako esprinterrak, baina Debusschere baino gutxiago izan zen Sagan.

3. etapa: BMCk partida irabazi zion Tinkoff-Saxori. Lan paregabea egin zuen Saganen taldeak etapa osoan zehar, baina azken momentuan Bodnarrek bakarrik utzi zuen eslovokiarra. Van Avermaet, aldiz, taldeak lagunduta heldu zen azken metroetara.

Maila eman arren, errematatu gabe jarraitzen zuen Italian, 6. etapan miraria gertatu zen arte.

Eta orain zer? Oleg Tinkoven itxaroaldia bukatu da, behingoz. Udaberrirako prest dago Sagan. Porto Sant’Elpidion, presio guztiarekin bukatu zuen. “Presioa? Berezkoa da talentu handiko pertsonetan. Eta milioi askoko kontratua badaukazu, are gehiago”, argi eta garbi Errusiako bankariak.

Besoak altxatuta, 2. postuetako mamuak uxatu dituela dirudi. Hurrengoak normaltasunez hartuko ditu, garaipena hurbil egongo denaren ziur.