Buelta erdia eman zuen ziklista

ViettoAstelehenean, ehun urte beteko dira Rene Vietto jaio zenetik. Viettok ez zuen Frantziako Tourra behin ere irabazi, baina ziklismoak emandako lehen idoloetako bat izan zela esan daiteke.Viettok hainbat lasterketa irabazi zituen, tartean Tourreko zortzi etapa, baina jendeak maite zuen bere taldekideen mesedetan egindako lan handiagatik. Horren adibide, 1934ko Tourrean gertatutakoa: Perpignan eta Aix Les Thermesen arteko etapan, Antonin Magne Frantziako taldeburua zen, Viettoren nagusia alegia, eta arazo mekaniko bat tarteko, estu eta larri zebilen. Hori horrela, Viettok itxaron eta bere gurpila utzi zion. Denbora asko alferrik galdu zuen Viettok beste gurpila bat lortu arte; badago egun hartako irudi hunkigarririk sarean eta aldizkari zaharretan:Rene ageri da negar malkotan.

Baina Viettoren balentria handiena biharamunean gertatu zen, Aix Les Thermesen hasi eta Luchonen bukatu zen etapan. Eskuzabaltasuna muturrera eraman zuen, egiazki. Pirinioetako bihotzean Magne taldeburuak katearekin arazoa izan zuen. Renek horren berri izan zuenean,  buelta erdia eman, eta jaitsitako mendate bat berriz igo zuen, Magnerekin topo egin arte eta bizikleta utzi zion. Tourra joan zitzaion, baina hala ere, bosgarren bukatu zuen sailkapen nagusian Rene ttikia, eta igotzailerik onena izan zen. Eta garrantzitsuena dena: toki bat lortu zuen zale askoren bihotzetan.

1939an izan zuen gertuen Tourreko garaipena, baina Maes flandestarra nagusitu zitzaion. Ondorengo urteetan ez zuten Tourra antolatu Bigarren Mundu Gerraren erruz, baina hura bukatuta txirrindularitza itzuli zen…eta baita Vietto ere. 1947an, 33 urterekin bi etapa eskuratu zituen Tourrean. Bere ibilbidean 26 egunetan jantzi zuen maillot horia.

Oso igotzaile ona izan zen Rene Vietto , baina ezer izatekotan, gregario handia izan zen, luxuzko gregarioa. Rene Vietto 1988ko urriaren 14an hil zen. 1934ko Tour famatu hartan Braus mendatean erakustaldi handia egin zuen, eta mendate hartan daude bere errautsak, oroigarri baten ondoan.