Britainiarrak Italian protagonista

Twitter bidez jarraitzen nauzuenok eta ezagutzen nauzuenok badakizue gaurko post hau bereziki Wigginsen inguruan idatziko dudala. Hala izango da, baina ezin albo batera utzi gaurko protagonista garrantzitsuena: Cavendish.

100. garaipena profesionaletan britainiarrak gaurkoan lortu duena. Italiako Giroan bertan 3 garaipen lortu ditu, aurrikusitako guztiak esan behar. Hau bai esprinterra!! Taldekideekin purrustaka ikusi genuen lehen etapan, baina taldea bikain portatzen ari zaio eta bere erantzuna ere mailakoa. Zenbat etapa gehiago irabazteko gai izango da Cavendish?

Sir Bradley Wiggins jota

Datu objetiboa da jada Wigginsek agur esan diola aurtengo Giroari. Ostiralean eta igandean ere denbora galdu zuen eta jendea ari zen jada aukera guztiak galdu zituela esaten, nahiz eta oraindik laugarren zen sailkapen nagusian. Gaur, ordea, sailkapen nagusian 13. posturaino jaitsi da eta 5’22″ra izanda ezin miraririk egin. Wiggins Girotik kanpo dago.

Gaur eguerdian oraindik esperantza nuen Wigginsengan. Ez dut ezkutatuko. Atzo gaixo zela publiko esan zuenean batzuk Giroari agur esateko prestaketaren parte zela esaten aritu dira; nik, berriz, hobeto zegoelako esan zituela uste nuen eta asteburu honetako mendiko etapa garrantzitsuetan protagonista ikusten nuen britainiarra. Bada ez, itxuraz ez da osatu gau txar bat pasa ondoren eta gaur agur esan dio sailkapen nagusiari.

Egoera honek asko eragin dio Wigginsi. Inoiz baino hobeto zetorrela entzun genion, eta hala izango da, baina ez zaizkio gauzak ondo atera. Horrek buruari eragitea ekarriko zion eta egoera honetan motibazioak eta konfidantza berreskuratzea zail ditu. Baina egoerarik txarrenei aurre egiteko moduko pertsonalitatea duelakoan naiz, oker izan banaiteke ere.

Jarraituko al du Giroan? Brailsford zuzendariak garbi adierazi du: gaua ez badu gaizki pasatzen, lasterketan jarraituko du. Kasu horretan ingelesaren helburu berriak azken erlojupekoa eta taldeari laguntzea izango dira. Ez bada hobetzen, ordea,…

SKYk Uran (3. postuan) eta Henao (11. postuan) ditu sailkapen nagusirako lehian. Zalantzarik gabe norbaiten alde jokatu beharko badute hori Uranen alde izango da. Uran pasa den igandean etapa garaipena lortuta sendo azaldu da. Brailsfordek Uranekin gutxienez podiumaren aldeko lehian izango direla adierazi du. Jada ez dio ardura ostiralean bi kolonbiarrak Wigginsi laguntzera geratu izanagatik denbora galdu izana, hala izan ez balitz ez baitzukeen nire aburuz Uranek igandeko etapa irabaziko. Lider izango zela? Bai, baina taldeko liderra Wiggins zen eta taldeak berarengan konfidantza osoa zuela erakutsi zuten, nik nuen bezala, nahiz eta horrek bere prezioa izan zuen.

Pena ematen dit Wiggins %100ean Giro honetan ikusi ez izana. Egia da SKYren nagusigoa azken bolaran gehigizkotzat ere jo izan dela –  begiratzea besterik ez Twitterren -, baina Wigginsengan konfidantza osoa nuen. Eta sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo izan arren Giroa bukatzen ikustea gustatuko litzaidake. Zergatik? Bada itxura txarra ematen ari bada ere eta errekuperatuko dela pentsatuta, taldeari laguntzen jarduteak zalegoan, nigan behintzat, irudi ona eskainiko luke. Gogoan duzue nola Parisen maillot horiarekin Cavendishi azken metroetan nola lagundu zion? Eta horretaz gain hurrengo asteko kronoeskalada irabazteko lehian izan eta irabazteko gauza izan daiteke. Hala egingo balu konfidantza berreskuratuko luke.

Bere osasunak eta buruak esango dute ba. Bihar berriei tentuz izango gara.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.