Hamar urte ez dira alferrik igaro

Hementxe da World Tourra. Australiako epeletik iritsiko zaizkigu denboraldiko lehen notiziak. Txirrindulariek lehenengo pedalkadak emango dituzte Australia aldean, Tour Down Under lasterketan. Oso lasterketa berezia izango da bereziki Mikel Astarloza sanpedrotarrarentzat, izan ere, aurten 10 urte beteko dira itzuli hori irabazi zuenetik.

22 urte besterik ez zituen Mikel Astarlozak 2003ko Tour Down Under irabazi zuenean. AG2R taldean zebilen eta bere garaipen zerrendari distira ematen dion proban gailendu zen. CSC taldeko Kristensen danimarkarra eta Credit Agricole taldeko O’Grady igo ziren Astarlozarekin batera podiumera. Bi taldeok honezkero desagertu dira; ez, ordea, AG2R. Parte hartzaileen artean, Cadel Evans zegoen; bederatzigarren sailkatu zen artean Telekom taldean zegoen txirrindulari australiarra. Urte gorabeheratsuak izan zituen haiek Evansek; batean bale eta bestean kale.  Boonen ere tropelean zegoen. Eta jakina, Astarlozarentzat berarentzat ere gazitik eta gozotik izan dute hamar urte hauek: Tourreko etapa garaipena, zigorra, itzulera… Gauzak ondo, astebete barru Tour Down Underren bertan ariko da Astarloza, Euskaltel-Euskadiko taldekideekin batera: Gorka eta Ion Izagirre, Jose Antonio Lobato, Juan Jose Oroz, eta debuta egingo duten Jon Aberasturi gasteiztar eta Garikoitz Bravo lazkaotar gazteak. Ziklista horiekin ekingo dio talde laranjak.

Txirrindulari ezagun asko
Urrun harrapatzen gaitu Tour Down Underrek, inondik ere. Urrun geografikoki eta baita denboraldiko karrera garrantzitsuenak tokitan daudelako egutegia begiratuz gero. Hala ere, ziklismo zaleok begiradatxo bat botako diogu, ziur, Australian gertatuko denari. Azken urteetan, gauza bat zela edo bestea zela, ikusmina piztu du lasterketak. Armstrongen itzulera eta behin betiko agurra bertan izan ziren, eta Valverdek, bi urteko zigorra bete ostean, Australiako errepideetan bueltatu zen lehiara joan den urtean.

Aurten lasterketa hilaren 22an hasi eta 27an bukatuko da eta izen aipagarririk ez da falta: Gilbert (BMC), Hutarovich (AG2r), Boasson Hagen (Sky), De Gendt (Vacansoleil), Greipel (LottoBelisol), Peter Velits (Omega)… Ibilbideak aurten ere sprintean ondo moldatzen diren ziklistentzako aukera asko ematen ditu, eta litekeena da itzulia Old Willunga Hill koskan erabakitzea: hiru kilometroko igoera da, eta batez besteko malda %7,6 da.