Armstrongek ez du ezer aitortuko

New York Timeseko artikuluaren argazki batEz behintzat probetxurik ateratzen ez badio bere egoera berriari. Hori da behintzat nire iritzia. Izan ere ez dut ulertzen orain ustezko asmo hauek publiko egitearen arrazoia. Edo bai?

Gogoratu Armstrong bizi osorako zigortua izan zela iaz eta irabazi zituen lasterketa gehienak kentzeaz gain, bere garaian irabazi zituen Tour guztiak ere kendu zizkiotela. Aitorpen bat egingo baluke, berriro ere triatloi eta ironmanetan lehiatzen hasteko aukera izango luke, nahiz eta jada 41 urte izan.

Ez da, ordea, balizko aitorpen hau egiteko arrazoi nahikoa konpetizioetara itzultzea eta horretara zerbaitek bultzatzen badu hori bere Livestrong fundazioa da. New York Timesen gaurko artikuluan esaten den moduan, dirua ematen duten askok beharrezko ikusten dute Armstrongen aitorpen bat, batez ere galdu duen imaginaren zati bat berreskuratzeko. Horrek bai, horrek zentzua izan lezake. Baina ez da hain erraza kontua.

Armstrong sekula arauz kanpo ez dela aritu berresten jardun da. Ez dugu ahaztuko bere etxean Tourreko maillotekin ateratako argazki hura. Hori da ezinbestean mantendu behar duen rola izan ere kontrakoa frogatzeko aukerarik balego epaiketa zibil larri bati aurre egin beharko lioke: US Postal taldeak jaso zuen diru publikoa gaizki erabiltzea leporatuko liokete. Hau ez litzateke txantxetakoa izango eta hau da nire ustez Armstrongen beldurrik handiena.

Zalantzarik gabe gustura hartuko nuke Armstrongen aitorpen bat. Txirrindularitzari lagunduko liokeelakoan naiz orain jaso duen zigorrak txirrindularitzari laguntzen diola uste dudan moduan. New York Timeseko artikulu hau lehen mugimendua izan da baina xake partida hasi besterik egin ez delakoan naiz, baina aurrez esan dudan moduan, Armstrongek aurrera eginda galtzeko gehiegi duelakoan naiz.

Zuzenketa: Armstrongi ez zizkioten garaipen guztiak kendu Raulek bere postean gogora ekarri zigun moduan

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.