Comeback 3.0

Gertaerak azkartzen ari dira Lance Armstrongen inguruan. Hamar egun pasa dira balizko aitorpen baten inguruko lehen hotsak entzun zirenetik eta lerro hauek idazterakoan, aitorpen hori jada grabatua izan denaren aukera, hipotesi huts bat baino gehiago da.

Eta bien bitartean, erregistroz aldatu dugu. Atzo Eneko Garate-ri irakurtzen nion bazela, ia ez dugu zalantzan jartzen dopatu zen ala ez, aitortuko duen ala ez baizik. Eta azken hau ere, geroz eta gutxiago.

Beraz, suposatuz hala izan dela, zerk eraman ote du Lance Armstrong hainbeste urtetan irmoki ukatu duen hori aitortzera? Zertarako?

Nire ustez, erantzunaren zati bat bere izakeran aurkituko dugu. Bere “ego” bortitz eta menperaezin horretan (USADAren txostenean hain presente dagoen “ego” horretan). Lancek ezin du, nire ustez, bizitza publikotik aldenduta bizi; gezur bati eutsita, bere burua gorde, isolatu, bere “popularitatea” egunez egun nola jausten den ikusten duen bitartean. Lancek, ezin du gainbehera hori irentsi. Bere bizitzaren bigarren zatirako zituen asmoei (fundazioa, karrera politikoa) ezin die betirako uko egin. Ez behintzat saiatu eta borrokatu gabe.

Lancek bizitzari aukera berri bat eskatuko diolakoan nago. Bere burua “american citizen” bezala birgaitzen saiatuko delakoan, lehenik, ondoren, berriro ere erronka berriei ekiteko. Eta birgaitze hori lortzeko, aitorpena da pasa beharreko langa mingarria (eta arriskutsua), derrigor. Aitorpenarekin zail, baino aitorpenik gabe ez dago aukera berririk. Aitorpenik gabe, ezin sartu den blokeo egoeratik irten.

Itzuleretan norbaitek sinisten badu, hori texastarra da. Eta horretarako arriskuak hartzeko prest dagoela erakutsia du aurretik. Hortik post honen izenburua, Iosu Garateri mailegatuta hartu diodana: “Comeback 3.0”.

Bistan da “comeback” hau, aurrekoak baino oraindik konplikatuagoa dela. Baino, nire ustez, Lance eta bere “ego”ak, edozein bide eta arrisku nahiago, ostrazismoa baino.