Spartacusen berpiztea

Atzoko prologoa irabazteko faboritoen artean aurkitzen zen Cancellara eta Tourrari sasoiko ekin diola erakutsi du. Kiniela gehienetan Cancellara eta Tony Martin ziren faborito gaurkoan, baina zoriak Suitzako txirrindulariaren alde egin du; zoriak eta bere saio bikainak.

2004ean irabazi zuen lehenengoz Tour bateko sarrerako etapa. Orduan ere Liejan jokatu zen etapa eta 6,1km zituen. Azken urteetan gainbeheran zetorrela zirudien, batez ere Tony Martin eszenan agertu zenetik. Alemaniarrak, ordea, gaurkoan zulatua izan du (marka da gero 6,4kmtan zulatua izatea!!) eta horrelako tarte txikian galdutako denbora errekupera ezina da.

Nik zalantzak nituen Cancellararengan. Alde batetik lehen aipatu bezala gainbeheran zetorrela baitzirudien. Bestetik erorikoa izan eta gero, ez nekien behar bezala errekuperatuko zen. Hori bai, Bruyneelek Tourra hasi baino hilabete lehenago RadioShack-Nissan-Trek taldeko zerrendan sartu zuen aukeratuen artean txirrindulari ziur bakarra Cancellara zelarik. Horrek zerbait esan nahi zuen. Atzo agerian geratu zen zergatik.

RadioShack-Nissan-Trek okerren zegoenean (garaipenak urri, Armstrong-Bruyneel eta dopin auziak,…), Cancellarak garaipen oso garrantzitsua lortu du: aitzin etapa eta maillot horia. Gainera aste osoan eraman lezake soinean; ez litzateke lehen aldia izango.

Haimar Zubeldiak taldearen inguruko kritikei erantzunez zioen Tourrak urteko balantzean pisu handia zuela. Hasi dira, beraz, balantza beraien alde jartzen.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.