Impey Vinokouroven pare!

Impey tropelari erronka irabazten

Gogoan dut iaz nola Vinokourovek (AST) Murgian amaitzen zen 3. etapa hartan tropelari esprinta ohostu zion azken kilometroetan erasoa jota. Gaur antzerako zerbait egin du Impeyk (GEC) Gasteizen eta garaipena berarentzat.

;

GreenEDGEko txirrindularia esprint bideratzailea da eta Davisin (GEC) esprinta bideratzeko lana zuen. Agerian geratu da hori tropelaren buruan jarri denean. Baina metro batzuk aurreratu da (nire ustez oharkabean) eta egoeraz jabetuta, aurrera egitea erabaki du. Berak edo Stephensek. Kontua da pultso horri ederki eutsi diola eta garaipena eskuratu duela Impeyk. Atzetik esprinterrak sartu dira Davis buru zutela, nahiz eta batzuk GreenEDGEn apustua Albasini (tropelan: %60,3) izango zela uste bazuten ere.

Lehen hego afrikarra izan da Euskal Herriko Itzulian etapa garaipena lortzen duena. Hori ere historia liburuetara pasako da.

Bikain dabil GreenEDGE talde australiarra bere lehen urte honetan. Ez ninduke harrituko oraindik beste garaipenen bat lortuko balu talde australiarrak aste honetan.

Sailkapen nagusiari begira Rojasek (MOV) eusten dio lidergoari gaur laugarren postuan sailkatu baita. Bihar, ordea, Arraten amaitzen da etapa eta zalantza gutxirekin esan genezake Rojasek itzuliaren lehian izango den txirrindulari bati emango diola maillot hori hori.

Gaurko galtzaileak

Atzokoan Raulek Klodenek nola sailkapen nagusiari agur esan zion gogorarazten zigun. Gaurko etapak ere beste bi hautagi utzi ditu itzuliaren lehiatik kanpo. Nabarmenena Gesink (RAB, tropelan: %22,3) da, iaz podiumean ikusi genuen holandarra. Bestea, berriz, Daniel Martin (GRM, tropelan: %13,2) izan da. Biek ere 2’14” galdu dute helmugan.

;

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.