Txirrindularitzari diru publikoaren iturria ixten (2)

Eusko Jaurlaritzaren murrizketak lasterketa profesionaletara iritsi dira. Baita Euskaltel-Euskadi taldera ere. Patxi Mutiloak asteazkenez ETBSat-en honen inguruan azalpen asko eman zituen. Eta baita zentzuzko gauza asko esan ere. Txirrindularitza aipamenez gain, kirol profesionalaren finantzaketaren inguruko gogoeta interesgarriak ere egin zituen. Galdera politak behintzat utzi zituen airean.

Erakunde publikoek lasterketa profesionalak lagundu behar ote dituzten bere zalantzak agertu zituen. Unipublic antolatzaile pribatuen eredu bezala jarri zuela iruditu zitzaidan, Euskal Herriko Itzuliarekin alderatuz. Ez zaio arrazoirik falta Itzulia antolakuntza eredu bat ez dela esatean, hemen aurretik esan izan dugun zerbait, baina ahaztu egiten zaio Unipublic azken urteetan aurrera atera bada, babesle publikoei esker izan dela. Iaz, urrutira joan gabe, honakoak ziren Vueltako babesleak: Idae, Españarecicla eta Renfe.

Euskaltel-Euskadi taldearen finantzaketaz ere azalpenak eman zituen. Ez hanka ez bururik ez duen errealitate bat azaldu zuen: taldeari dirua 3 sail desberdinetatik iristen zaiola: nekazaritza sailetik, turismo sailetik eta azkenik, kirol zuzendaritzatik. Paradoxikoa bada ere, 2012an murrizketak kirol zuzendaritzatik bakarrik jasoko dituela aitortu zuen Mutiloak, dirudienez, beste 2 sailek bere diru ekarpena mantentzea espero baitute 2012an.

Txirrindularitza profesionalak jasotzen duen babes publikoaren mataza oraindik gehiago korapilatzeko, ezaguna zen beste datu bat ere eman zuen. Euskal Herriko Itzulia, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik babesten dela gehienbat. Azken 3 urteetan, urtero 360.000 ordaindu dituztela babesle bezala. Aurretik, Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuek ere babestu izan dute Itzulia. Antolatzaileek, baina ez dirudite oso esker onekoak. Kuriosoa da (lotsagarria ez esatearren), 3 urtetan milioi bat euro baino gehiago ordaindu dituen babeslearen aipamen txiki bat ere ez aurkitzea frogaren webgune ofizialean. Horrelako frogak finantzatzea gure zergak egoki gastatzea dela suposatuz ere, exijentzia minimo batzuk eduki beharko lituzke laguntza horrek eta webguneak horietako bat behar luke. Webgunean DVren aipamena besterik egiten ez duen lasterketa batek ez dut ulertzen nola lor dezakeen babesle sendorik. Egiari zor, ez ditu lortzen. Eta dirua ematen dutenek, publizitatearen truke behintzat ez dutela ematen argi dago.

Eusko Jaurlaritzan egon zen aldaketa politikoak ere ez zuen eragin handirik izan EHko Itzuliak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik jaso izan ohi zituen laguntzetan. Honek, Gipuzkoan Errealarekin gertatzen ari den aldrebeskeria ere gogora ekartzen dit, non futbol taldea babesteko dirua ere euskara laguntzeko aurrekontuetatik irteten den. Gipuzkoan ere gobernu aldaketa gertatu da, baina Bilduk ere futbolari profesionalen soldata neurrigabeak ordaintzen laguntzeko asmoa duela dirudi.

Benetan falta dena, diru publikoak oinarriko kirola eta ohitura osasuntsuak bultzatzea da. Horretarako baina, haur eta gaztetxoekin lan egiten duten klubetan eta kirol azpiegituretan gastatu beharko litzateke dirua, ez elitean. Orain arte ordea, gobernuen, gobernarien eta euren alderdien irudia saltzeko erabili izan ohi da sarriegi kirolera bideratutako diru publikoa. Marketing polita da politikarientzat denon ahotan dabiltzan kirolarien alboan agertzea. Beraz, hobe eliteko kirolariak babestea, oinarria diruz laguntzea baino. Elitea diruz laguntzean, politikariek hurbilean dituzte “beren” kirolariak: zerbait irabazten duten bakoitzean medioetan elkarrekin agertzeko, edozein motatako ekitaldi instituzionaletara gonbidatzeko eta behar bada, baita hauteskunde ekitaldi alderdikoietan agertzeko ere. Kirolari asko, halabeharrez, dinamika horretan erori dira, eta euren proiektuak diru publikoaren guztiz menpeko bihurtu.

Horietako kasu aipagarri eta guztiz salagarri bat Epsilon-Euskadi proiektuarena da. 1 Formulan lehiatuko zuen talde bat izango omen genuen laster euskaldunok! Bai Madrilgo gobernuak, bai Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak ere, milioika euro xahutu dituzte proiektu honetan. Argi dagoena da, ez duela itxura onik. Garesti atera behar zaigu! Iturri batzuen arabera Eusko Jaurlaritzak 39 milioi euro galdu ditzake abentura honetan, baina Industria sailburuak 16 milioi baino gehiago ez izatea espero du. Konkurtso legearen pean, likidazio egoeran dago orain, duela urte batzuk Euskadiren izena 1 Formulara eramango zutela ziotenen proiektu erraldoi lotsagarria.

Paradoxikoa baita ere, automobilen kultura sustatu eta gasolinari gorazarre egiten dion proiektu batek gure “Green Capital”-ean edukitzea egoitza. Koherentzia gutxi erakusten du gutxienez. Proiektu hau kirol bat babestea baino gehiago zela argudiatuko dute, industri proiektu bat zela, lanpostu asko sortuko zituela etab. Baina automobilgintza, sektore aski heldua da, hazkunde handirik izango ez duena eta EHko industrian pisu handia izan arren, Boroako AIC-n egin dute egin beharreko apustua sektore zaharkitu hau bultzatzen saiatzeko, 1 Formula eta txorakeriarik gabe. Epsilon bezalako inbertsioak bada, zenbait “buru argiren” erabaki irrazional bezala ulertu behar dira, inbertsio erabaki arrazional bat bezala ikusi beharrean. Ikurriñak eskutan, Monaco edo Monzako VIP palkoetan xanpain garestia edatearekin amesten zuten batzuek…
Bizi dugun abagune ekonomiko estuak baina, egoera hau zuzentzen joatea ekarriko ote du. Bizkaia adibide bezala hartuz, murrizketa osasuntsuak iristen ari zaizkio kirol profesionalari. Dena den, astakeria bat da oraindik ere Bizkaiako Foru Aldundiak 7 milioi euro bideratzea urtero kirol profesionalera. Horietatik gehienak, gainera, Athletic taldera, 11 milioi euro datozen 4 urteetan.

Mutiloak une batean aipatzen du ospitaleak itxi baino beste murrizketa batzuk lehenago egin beharko liratekeela edo antzeko zerbait. Erraz esaten dira horrelakoak, kosta aurrera eramatea. Lehentasunak zehazteko unea da eta kirol profesionalak ez luke lehentasuna behar. Ezta txirrindularitza profesionalak ere. Bai Euskaltel-Euskadik, bai Itzuliak jasotzen dutena, murrizketen ondoren ere gehiegizkoa deritzot. Jasotzekotan, gazte edo amateur mailako talde eta frogek errentagarritasun handiagoa aterako lieke milaka euro horiei. Eta epe luzera, maila altuko kirolariak izatean ere izango luke isla.

Argazkia: noticiasdegipuzkoa.com