Txirrindularitzari diru publikoaren iturria ixten (1)

Aste honetan, Espainiako Vueltak 2012an Euskal Herrian etapa gehiago izango dituela konfirmatu da. Ezagutzen zen Iruñeako hasieraz gain, Oion eta Arrate artean etapa bat baieztatu dute eta Barakaldon laugarren etapa bat hasiko da, Orduñatik igaro ondoren Valdezcarayn amaituko dena. Dirudienez, Unipublic antolatzaileak interes berezia erakutsi du berriro euskal errepideetara itzultzeko, eta beherapenak eskaini dizkie bai Eibarko, bai Barakaldoko udalei. Ondorioz, iaz ez bezala, Eusko Jaurlaritzak xoxik jarri beharrik gabe pasako da Vuelta EAEtik.

Iaz, Eusko Jaurlaritzak guztira 150.000 euro ordaindu omen zizkion Unipublic-i, eta Bilboko zein Gasteizko Udalek bere aldetik gehiago. Bilboko Udalak aitortu duenez, 197.111,14 euro kosta zitzaion etapa baten amaiera eta hurrengoaren hasera izatea eta horietatik 75.000 soilik ziren Eusko Jaurlaritzak jarritakoak. Gasteizen 109.700 eurotaz hitzegiten da, eta badirudi 75.000 direla Eusko Jaurlaritzak jarritakoak.

Zifrak zifra, PP-PSOE gobernuak Vueltara bideratzeko zituen 200.000 euroak Euskal Herriko Itzulira bideratuko dituela argitaratu zuen asteartean Bizkaiko egunkari batek. Titularra irakurriz kontrakoa dirudien arren (“PSE y PP pactan destinar los 200.000 euros de la Vuelta a España a la del País Vasco”), ez dute erabaki hori hartu Itzulia lehenesten dutelako. Izan ere, interesa duten udalen diruarekin, jada bermatuta dago Vuelta berriro Euskal Herritik pasatzea.

Titularra desegokia izan arren, eskertzen da berrian ematen diren zenbait daturen zehaztasuna, datu horiek baitira titular bera leku txarrean uzten dutenak (eta gobernua ere bai hein batean). Hasteko, aurten Barakaldo eta Eibarrek 45.000 euro ordainduko omen dituzte iaz Bilbo eta Gasteizek 150.000 euro ordaindu zituzten “zerbitzu” beragatik. Unipublic-ek interesa izango du itzultzeko, zalantzarik ez, baina 100.000 euro baino gehiagoko beherapenak zer pentsa ematen du iaz ordaindutako diru kopuruaren inguruan. Unipublic bezalako enpresa ez da itzuliko horrek galerak ekarriko badizkio eta horregatik, iaz gehiegizko kopuru bat ordaindu zela pentsa genezake.

Beste alde batetik, benetan, Euskal Herriko Itzuliak behar duela diru hori dio Patxi Mutiloak, Euskal Autonomi Erkidegoko Kirol Zuzendariak, ez Vueltak, eta horregatik eskaintzen dizkiotela 200.000 euro. Eskerrak salbatu nahi duten! Horregatik jaitsi al diote iazko laguntza ia erdira? Artikulu berean ematen diren zifrak ontzat emanez, agian egokiagoa luke EHko Itzuliari egiten dioten diru ekarpena 390.000tik 200.000 eurotara jaitsi behar izan dutela esatea.

Patxi Mutiloa berak, asteazkenean emandako elkarrizketan ere leku txarrean uzten du El Correoko artikulua. Bertan, Unipublic-i 2012an dirurik ez ziotela emango aspaldi esan ziotela dio. Nolatan zeuzkaten ba 2012ko aurrekontuetan 200.000 euro gordeta?

Interesak interes, eta informazio bera zabaltzeko trikimailuak trikimailu, zenbakiek nahikoa diote. Guztira, Eusko Jaurlaritzak Vuelta eta Itzuliari emandako diru-laguntza %63 murriztuko da 2011tik 2012ra. 540.000 eurotik 200.000 eurotara. Hori da datua.