Podiumean, behingoz?

Denbora ez da alferrik pasatzen. Bederatzi urte joan dira euskal ziklista bat hiru asteko itzuli batean podiuma azkeneko aldiz igo zenetik. Aurten Igor Antonekin amets egin dezakezu? Amets egitea librea da eta Antonek iaz, Espainiako Itzulian bertan, erakutsi zigun gai dela onena edo onenetako bat izateko. Ea ba…

Aitor Gonzalez zumarragarra da orain arte hiru asteko itzuli bateko podiumean izandako azken euskal ziklista. 2002ko Espainiako Itzulia irabazi zuen. Sasoi betean zegoen Zumarragan jaiotako karrerista, baina handik hiru urte eskaera, 2005ean, Suitzako itzulian positibo eman eta hor bukatu zen bere kirol ibilbidea. Kitto. 2002ko Vueltan Aitor Gonzalezen ondoan Joseba Beloki izan zen, lazkaotarrak hirugarren postuan bukatu baitzuen. Tourreko podiuma ere zapaldu zuen Belokik denboraldi hartan, Armstrongen ondo-ondoan.

Denboran pixka bat atzera eginez, 2001 ere oso urte emankorra izan zen euskal ziklistentzat itzuli handietan. Tourrean, Beloki hirugarren sailkatu zen eta Giroan, bat ez bi txirrindulari igo ziren podiumera: Abraham Olano -argazkian, horiz- bigarren izan zen eta Unai Osa, hirugarren. Simonik irabazitako lehen Giroa izan zen hura.

2002tik hona, Giroan, Tourrean eta Vueltan ondo moldatu den txirrindulari bat baino gehiago izan dugu, Iban Mayo eta Haimar Zubeldia datozkit burura bat batean, besteak beste, baina arrazoi batengatik edo besteagatik ez dute lortu. Igor Anton, joan den urteko Vuelta esku-eskura zuenean, jausi eta erretiratu behar izan zuen. Aurten bera da faboritoetako bat. Galdakaoztarrak du aukera gehien lehortearekin bukatzeko. Noski, Mikel Nieve eta Beñat Intxausti-azkenean parte hartzerik badu- ahaztu barik.

Hiru asteko itzulietan azken 20 urteetan podiumera igo diren euskal ziklistak
1991. Miguel Indurain Tourrean irabazle eta Vueltan bigarren, eta Marino Lejarreta hirugarren Vueltan
1992 Miguel Indurain irabazle Giroan eta Tourrean
1993 Miguel Indurain irabazle Giroan eta Tourrean
1994 Miguel Indurain irabazle Tourrean eta Giroan hirugarren eta Mikel Zarrabeitia bigarren Vueltan
1995 Miguel Indurain irabazle Tourrean eta Abraham Olano bigarren Vueltan
1996 Abraham Olano hirugarren Giroan
1998 Abraham Olano irabazle Vueltan
1999 Igor Gonzalez de Galdeano bigarren Vueltan
2000 Joseba Beloki hirugarren Tourrean
2001 Joseba Beloki hirugarren Tourrean
2002 Aitor Gonzalez irabazleVueltan eta Joseba Beloki bigarren Tourrean eta hirugarren Vueltan