Espainiako Vueltak bira eman du

Daniel Martinek irabazi du La Covatillan eta Mollema lider jarri da. Wigginsek erakustaldia eman du, Rodriguez larri ibili da, Scarponi lehertu da erasoa jo ostean eta sailkapen nagusian bederatzigarren da Haimar Zubeldia.

Purito Rodriguez surik gabe geratu da La Covatillan gora. Bere taldeak lan handia egin du, El Escorialera bidean bezala, baina liderrak ez du errematatzerik izan. Taaramae, Scarponi, Van den Broeck eta Pardilla izan dira aurrera jotzen lehenak. Tropeltxoa txikitzeko balio izan dute eroasook. Daniel Martinek jo du ondoren, eta harekin batera, Nibali joan da. Bidea egiten ahalegindu dira, baina atzetik, Skyko Froomek lana beltz egin du Wigginsen mesedetan. Aurretik zuten bikotea harrapatzeaz gain, Rodriguez liderra atzean utzi dute.

Wiggins, Froome, Cobo, Nibali, Martin eta Mollema. Boskote hori lehiatu da etapa irabazteko eta Martin izan da azkarrena. Haren atzetik Mollema sartu da helmugan eta lider jarri da. Haien ondotik Taaramae, Menchov, Haimar Zubeldia, Kessiakoff, Poels, Van den Broeck…

Mikel Nieve 41 segundora heldu da, eta Rodriguez 50 segundora. Scarponi hustu egin da erasoka eta azkenerako ia bi minutu galdu ditu; Igor Antonekin batera iritsi da.

Edozein modutan, aldea txikia da batzuen eta besteen artean sailkapen nagusian. Mollema da liderra eta Brajkovic 20. postuan da. Bien artean, 2 minutu eta hamar segundo baino ez. Itzulia oso irekia dago bai, baina akaso antolakuntza ez da horren pozik egongo, Anton-Rodriguez lehia espero zuten eta agian horrek zale gehiago jarriko zituen telebista aurrean…

Astelehenean erlojupekoa izango da. Laua denez, Wiggins, Nibali eta Brajkovic lehem postuetan egotea da lojikoena. Beti ere sailkapen nagusiaz ari garela. Mollema, Kessiakoff, Martin, Monfort, Seeldraeyers edota Wigginsen taldekidea, Froome, zer moduz moldatuko diren ikusteke dago. Etapa irabazteko lehia polita izan daiteke: Tony Martin, Cancellara, Phinney, Talansky… Horiekin ere kontatu behar da. Mikel Nievek eta Haimar Zubeldiak denbora gutxi galduko ahal dute!

Hona hemen sailkapen nagusia erlojupekoaren atarian:
1. Mollema
2. Rodriguez segundo batera
3. Nibali 9 segundora
4. Kessiakoff 17 segundora
5. Van den Broeck 28 segundora
6. Moreno 35 segundora
7. Fuglsang 39 segundora
8. Seldraeyers 42 segundora
9. Zubeldia 42 segundora
10. Cobo 46 segundora

13 Wiggins minutu batera
15 Mikel Nieve minutu eta zortzi segundora
20 Brajkovic bi minutu eta bost segundora
21 Menchov bi minutu eta hamar segundora

Argazkia: Bettini / Cyclingnews