Liquigasen nagusitasuna agerian!

Gaurko etapak zer pentsatua eman beharko lieke Vuelta irabazteko asmotan dabiltzan gainontzeko taldeei. Ihesaldia gauzatu arren azken mendatean (#altodelcatorceporciento gogoan), Liquigasek ederki ekin dio maldan behera ihesaldiko ausartak harrapatuz eta helmugaraino bere bi liderrak tarteaz eramanaz.

Bigarren mailako mendatea zuten helmugatik 20 kilometro ingurua eta bera igotzerako tropela bat eginda zegoen. Harritzekoa iruditu bazait ere, Leopard-Trek taldea tiraka zebilen. Bazirudien Bennati indartsu ikusten zutela, etapa eramateko moduan. Gauzak, ordea, talde Luxemburgarrak espero ez bezala jazo dira. Moncoutie nekaezinak atzo nahikoa ez eta gaur beste saiakera bat egin du. Beranduago Tony Martin irten da, baita Seeldrayers eta De la Fuente. Laukote polita osatu dute, batez ere ordeka antzeko tartean Tony Martin tiraka jartzen zenean tropelari tartea handitzen baitzion. Baina ez, Liquigasek ez zuen horrelakorik nahi.

Atzo ere sumatu nion Liquigasi Nibali lider jartzeko gogoz ari zela. Gaur ere hala izan da zalantzarik gabe. Lau iheslariak harrapatzeaz gain tropel nagusia zatitzea lortu dute Capecchi, Agnoli, Nibali eta Saganek maldan behera. Tartean Lastras bakarrik sartu zaie kolore zuri-berdeari urdina gehituz. Ikaragarria! Uste dut edozein talde zuzendarik amestuko lukeen etapa amaiera zela: lau taldekide elkarrekin bostgarren baten aurka etaparen lehian eta atzetik Vueltako faboritoak denbora tartea jan nahian.

Bazirudien Liquigasek Nibaliri denbora tarterik handienaz saritzeko asmotan etapa garaipena ere izango zuela 20 segundoren gain-saria ere jokoan baitzen. Ez da hala suertatu Lastrasek ia etapa garaipena kendu baitio talde italiarrari. Azkenean Saganek -21 urteko gazteak itzuli handi batean lortzen duen lehen etapa garaipena- erraz gailendu zaio azken esprintean. Nibaliren zoritxarrerako 4. sailkatu da eta ezin izan du gain-saririk eskuratu. Ez dakit Agnoliri gaur afaria emango ote zioten egindako hutsegite -ez larria, noski- horrengatik.

Liquigas taldea eta Nibali ematen ari den mailak harrituta nauka. Atzo oso ondo eta gaur bikain. Nibalik ez du segundo txikienik ere utzi nahi Vuelta hau irabazteko, hori agerian utzi du. Eta momentu honetan tropeleko talderik sendoenetakoa duela ere agerian utzi du. Vuelta gaur bukatuko balitz Nibalik irabazi beharko lukeela esango nuke, baina oraindik gezurra badirudi ere –Juanma Garate ere ezin sinetsita dabil– oraindik lehen astean gaude.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.