Herrialdea taldearen gainetik

Pirinioak heldu dira eta horrekin batera hautagai nagusiak Parisen amaituko den itzulian izango duten posizio sailkapen nagusian pixka bat ikusiko da. Aurreko etapetan protagonismoa esprinterrek eta ihesaldiek izan dute. Ez da ahaztu behar erorketek izan duten garrantzia. Hautagai nagusiak egun hauetara arte ahal izan duten neurrian gorde egin dira. Horrek ez du kentzen egunero deklarazioak egin dituztela prentsari.

Gaurko honetan tropelako kinielak egiterakoan, beste hautagaien multzoko txirrindulari baten adierazpena ekarri nahi dut. Samuel Sanchez-ek (Euskaltel-Euskadi) esan du ahal badu Contador lagunduko duela Pirinioetan. Pertsonalki oso minduta sentitu naiz ikusle eta afizionatu bezala, horrelako adierazpenak bat ez datozelako kirol honekin.

Arrazoi nagusia argi dago. Herrialde berekoak direnez, espainiarrak, elkar lagundu behar dute interes desberdinak defendatu arren (orain ematen du Samuelek ez duela tourreko garaipen absolutuan pentsatzen – taldeari errespetu falta izugarria beste alde batetik). Ez zait oso logikoa iruditzen. Honekin ez dut ukatu nahi lasterketa barruan herrialde berdinekoen artean harremanak eta laguntza ekintzak egoten direla askotan.

Ez zait gustatzen tourreko edo edozein itzulitako txirrindulari baten garaipena herrialde batekin lotzea. Contadorren garaipen bat, edo Andy Schleck-rena, edo Andreas Kloden baten garaipena ez da espainiar baten, luxenburgotar baten edo aleman baten garaipena lasterketa honetan. Kirol indibiduala izan arren, taldekako garaipena da. Adibidez aipatutako txirrindulari horiek ez balute izango errepidean beste 7-8 taldekide eta errepidetik at pertsona gehiago ez lukete besoak altxatuko helmuga zeharkatu ondoren.

Orain dela berrogei urte erabaki zen Frantziako tourra taldekako itzuli bat izatea. Merkataritza markak lasterketan sartu ziren. Albo batetara utzi ziren herrialdeka sortzen ziren taldeak. 1969an ez zen izan kasualitate bat erabaki hori hartzea. Herrialdeka taldeak egitea txirrindulari ugari lasterketa honetatik kanpo uztea suposatzen zuen, ikuslearen kaltetan ikuskizuna gutxitu egiten baitzen. Berriro 1950 eta 1960ko hamarkadetara itzultzea izugarrizko atzerapausoa izango litzateke.

Pentsa dezagun ACB saskibaloi ligan Bilbao Basketeko ordezkariek adierazten dutela Baskoniak Liga erregularreko lehen tokian sailkatu ahal badira lagunduko dietela. Harritzekoa izango litzateke ezta? Madril eta Bartzelona inguruan ez ahal lukete jokabide hori gaitzetsiko?

P.d. Grazia asko egiten dit jendea pozten denean horrelako kirol batean irabazlea bere herrialdekoa delako. Beste herrialdetako kirolarik nolabait gutxietsiz.

Azken finean pentsatu behar dugu horrelako lasterketetan garaipenak internazionalak dira. Egia da agian gure herrikide batek altxatzen baditu besoak irribarrea handiagoa jarriko zaigula aurpegian, baina ez dugu ahaztu behar kirol honetan nazionalitateak bigarren maila batean geratuko beharko liratekeela.

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.