Nibali, Contador… eta Igor Anton

Italiako Giroa irabaz dezaketen txirrindularien izenak emateko garaian, Nibali italiarra eta Contador espainiarra aipatu behar nahita ez. Izan ere, italiarrak podiuma zapaldu zuen iaz eta Espainiako Vuelta etxeratu zuen. Contadorri dagokionez, 2008an irabazi zuen Italiako itzulia. Azken urteetan biek erakutsi dute hiru asteko itzulietan oso ondo moldatzen direla.

Contador eta Nibali, bai. Baina ezin ahaztu Igor Anton. Ezta pentsatu ere. Galdakaoztarrak joan den urteko Espainiako itzulian agerian utzi zuen igotzaile onena zela, eta eroriko malapartu hura gertatu ez balitz, ziurrenik irabaziko zukeen. Vueltan Nibali bera hartu zuen mendean mendiko etapetan, eta beraz, Italiako Giroko mendate pusketan ere Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak ez du zertan beldurrik izan.

Eta Igor Antonek ez badu beldurrik izan behar, beste horrenbeste esan daiteke Scarponiri buruz. Italiarra Giro gizona da, eta iaz Basso eta Nibaliren aurrean ez zuen amore eman. Badaki Tourrean, esate baterako, nekez eutsiko liekela Nibaliri edo Contadorri, baina Giroa beste kontu bat da. Menchovek ere tartea merezi du izen nagusien artean. 2009an maglia arrosa irabazi zuen eta iaz Tourrean hirugarren bukatu zuen. Ez dirudi errusiarra sasoian dagoenik, baina eskarmentu handia du eta jakin badaki sasoi puntua itzulian bertan lor dezakeela, gakoa azken astera gasolinarekin iristea izango baita.

Handik aurrera, borroka ziurtatuko duten beste hainbat ziklista. Sastre, adibidez; espainiarrak bi etapa irabazi zituen duela bi urte. Rodriguez kataluniarrak iaz hiru asteko itzulietan lehen postuetan ibil daitekeela erakutsi zion bere buruari; Tourrean eta Vueltan lehen hamarren artean sailaktu zen, eta hori ez dago edonoren esku. Sella italiarrak erakustaldia eman zuen 2008ko Giroan, baina ordutik zigortuta ibili da positiboa eman izanagatik. Eta Rujanorekin, erne. Venezuelarrak aho bete hortz utzi gintuen 2005eko Giroan –irabaztekotan egon zen-, baina handik hona ia ez dugu haren berririk izan. Ondo badago, kontuan izanda oso ibilbide menditsua prestatu dutela antolatzaileek, aurrean ibil daiteke, oilarrekin mokoka. Kreuziger txekiarrak Tourrean maila polita eman izan du eta Giroan gertutik jarraitu beharreko laguntzailea izango du gainera: Kiserslovski gaztea; iaz hamargarren amaitu zuen, Basso eta Nibaliren mesedetan –Liquigasen zebilen- hustu bazen ere. Joan den urtean zenbait egunetan maglia arrosa soinean eramandako Richie Portek ere parte hartuko du; itxura batean baina, ez du askatasun handirik emango, Contadorren taldekidea baita.

Bistan denez, kate motzean lotu beharreko txirrindulari asko. Eta aipatu gabe utzi ditugun beste batzuk: RadioShackeko Machado eta Popovitx, Duarte kolonbiar ttikia… Ahalik eta eroriko gutxien egotea. Hori gura dut nik, bigarren, eta bereziki hirugarren asteko etapa erabakigarrienetara den-denak iristeko.