Giroan, matxinadarako tarterik ez

Rujanok irabazi du Austriako Grossglockner mendatean. Venezuelako igotzaile ttikia Contadorrekin helmugaratu da. Espainiarrak aldea handitu du Nibali eta Scarponirekiko sailkapen nagusian. Igor Antonek etapa egin du; bosgarren bukatu du eta zazpigarren posturaino igo da. Bide batez, antolakuntzak jakitera eman berri du azkenean ez dutela bihar Crostis mendatea igoko arriskuagatik. Etapa, hori bai, aurreikusi bezala, Zoncolanen bukatuko da.

Udal eta foru hauteskundeetan bezperetan haserrea eta matxinada bezalako berbak denon edo askoren ahotan daude. Giroan, ordea, ez dago matxinadarako tarterik. Scarponik, Nibalik edo Menchovek beharko lukete matxinoak, baina ezin. Contadorrek beste kolpe bat eman du mendiko bigarren etapa handian. Txapeldun handien artean, nork bere estiloa du. Batzuek helmugara iristeko bizpahiru kilometro gelditzen direla erakusten dute euren nagusitasuna. Saxo Bankeko ziklistak, aldiz, urrutitik jotzen du; gaur 10 kilometroren faltan joan da, eta Grossglocknerrera bidean bai, Rujanok eutsi egin dio. Pena da, Igor Anton bikotea kate motzean lotzen ahalegindu da, eta gutxigatik ez du lortu. Ezin aipatu gabe utzi Mikel Nieve leitzarrak eginiko lan bikaina eguneko ihesaldia harrapatzeko; berak sakabanatu du tropela, Rujanok eta Contadorrek jo aurretik.

Contadorrek eta Rujanok tartea ireki dute: minutu eta erdikoa helmugan. Atzeko multzotxoan izan da ezustekorik. Beharbada ez da sekulako ustekabea izan, baina gutxik espero genuen AG2r taldeko bi ziklista nagusiak, Gadret eta Dupont, horren ondo ibiltzea. Biek ausart jokatu dute eta hirugarren eta laugarren sailkatu dira. Haien atzetik Igor Anton iritsi da. Eta jarraian, Scarponi, Nibali, Kreuziger, Menchov…

Ikuskizunerako tarte handia dago oraindik aurtengo Giroan, Zoncolanetik eta Marmoladatik hasita. Contadorrek hiru minutuko aldea du jada bigarrenarekiko, Nibalirekiko. Baina, erne. Nibalik eta Scarponik lehen postuari begira amore emanda ere, podiumera igotzeko lana beltz egin beharko dute. Dupont eta Gadret grinatsu dabiltza. Baita Igor Anton ere. Galdakaoko txirrindularia aurrera egiten ari da eta Austriako mendatean segundotxo batzuk jan dizkie podiumerako hautagai batzuei. Txakalaldirik ez izatea izango da giltzarria datozen etapa pusketan.

Eta Rujanorekin ere erne; igotzaile aparta dela erakutsi du Giroko lehen aldapa gogorretan. Desagertua ibili da ia-ia azken urteetan. Bitxia da, izan ere, talde indartsuek ateak parez pare ireki zizkioten 2006an eta 2007an, Quick Steep eta Caisse D’epargne kasu, baina hala batean nola bestean, deus ez. Azkenean, badirudi Androni talde apalean bere burua aurkitu duela. Une batez, Pantani ekarri dit gogora Rujanok, erasoa jo duenean, italiarrak Madeleinen gora 1998ko Tourrean egin bezala, eskulekua behetik heldu eta aurrera egin du. Jakina, ez dago alderatzerik, baina Venezuelako txirrindulariak gasolina badu, ikuskizuna eskainiko du datozen egunetan ere.

Contadorri inor matxinatuko zaion? Zaila dirudi, baina Piban adiskidearen lehen asteko balantzearen harira egin nuen iruzkina mahai gainean jarriko dut berriz ere: ez dago azken aldaparen hasierara espainiarrarekin iristerik. Borroka lehenagotik hasi beharra dago, estu hartu nahi bazaio. Bai, badakit esaten egiten baino errazagoa da.

Argazkia: Roberto Bettini /Cyclingnews