Futbol selekzioa, erregea eta garagardoa

Horiexek omen dira, oraindik orain Belgikako presidente den Yves Leterme-k esan zuenaren arabera, bere herritar guztiek, hau da, flandestar eta waloiek, komunean dauzkaten gauza bakarrak. Hortik aurrera, elkarrekin ia bat ere zerikusirik ez duten bi eskualdek osatzen dute Belgika. Hizkuntza da ezberdintzen dituen bereizgarri ezagun eta nagusienetarikoa. Alabaina, diferentziak alor linguistikotik aratago doaz, belgikar estatuak gobernurik osatu gabe ia urtebete eramateak erakusten duen moduan.

Geurera ekarriz, txirrindularitzara alegia, aurreneko begiratuan Belgikak nolabaiteko osotasun bat erakusten duela pentsa daiteke. Tradiziorik handienetakoa duen lurralde modura aipatzen da Belgika, hango zaletuek duten jakituria, etab. Has¡erako begiratu honen ostean ordea, neurri txikiago edo handiago batean bereizteko moduan azaltzen zaizkigu Flandes eta Walonia. Aurrenekoak, berezko nortasun ukaezina duen egutegia aurkezten du, udaberriko klasikoetako puntu beroenak izaten direnak, eta horren zirraragarriak gertatzen diren harbidez hornituak. Waloniak aldiz, nazioartean erreferentzia garrantzitsu diren bi lasterketa izan badituen arren, euren bereizgarri propioekin, ez du bere auzokoak duen garrantzia izaterik lortu lasterketa horietaz gain, bere arreta-gunea dezentez mugatuagoa azaltzen delarik. Horrez gain, Historian zehar belgikar izenik esanguratsuenak errepasatzea besterik ez dago Flandesek duen garrantzia erlatiboa erabatekoa dela ikusteko. Eddy Merckx-en jatorriaren eztabaida alde batera utzita, izenik ospetsuenek (Roger De Vlaeminck, Rik Van Looy, Rik Van Steenbergen, etab.) nederlandera darabilte, eta kopuruari dagokionez ere aldea oso handia da. Errepide bazterretako kolore-lehiak ere, banderenak, emaitza antzekotasuna uzten digu: Flandeseko lehoiak nonahi; oilar waloiak oso noizbehinka.

Honenbestez esparru gehienetara zabaltzen den talka horrek txirrindularitzan ere islada duelaz jabetzea ez da zaila. Munduko txapelketak jokatzen diren garaietan belgikar selekzioan kontu honen harira sortzen diren eztabaidak gogora ekartzea besterik ez dago arazoak bete-betean eragiten diela jakiteko. Baina are eta urrunago joanda, txirrindularitza bera bizitzeko modua irudikatzea da estatu bereko bi lurraldek alor jakin batean izan dezaketen ezberdintasuna azaltzeko biderik argigarriena.

Aurrez esan bezala, Flandesek nazioarteko egutegiaren barnean bere azpi-egutegi propioa duela esan daiteke. Talde askok denboraldiko une nagusienetako baten modura hartzen dute, baina lasterketon garrantzia eta handitasuna ulertzeko Flandesen txirrindularitza ulertzeko modua gomutan hartu behar da derrigor. Pasioz bizi dute eurentzako kirola baino ia erlijioa den hau, eta etxekoak euren benetako heroi izanagatik, lasterketekiko, bideekiko eta txirrindulariekiko azaltzen duten heziketa eta ezagutzak flandestar zalegoaren benetako dimentsioa azaltzen digu begi aurrean. Askorentzako jarraibide ezbairik gabe, bai eta kanpo txirrindulari zein zaletuentzat bertaratu eta giro ezin hobe hori arnasteko erakargarri paregabea. Guzti honi bizikletak egunerokotasunean duen garrantzia ere gehitu behar zaio, bai erabilpenaren zein bideen egokieraren aldetik, beste europar alde batzuetan ez bezala txirrindularitzari ematen zaion garrantziarekin erlazio zuzena duena.

Txanponaren beste aldean azaltzen zaigu Walonia eta bere txirrindulari zalegoa, beti ere orokorrean hitz eginda, noski. Flandestarrek lasterketek nora eurek hara egiten dutela esan izan da, waloiek lasterketek eurengana joan behar duten bitartean bide bazterretan oilar gorria ikus dadin. Eta hein handi batean egia denik ezin uka. Flèche-Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja alde batera utzita, gutxitan izaten da euren presentziaren berri. Bi lasterketa horietan azaltzen duten jokaera epaitu behar da horrenbestez euren inguruan zerbait esan ahal izateko. Eta hor ere ondorio positibo askorik ateratzerik ez dago. Lasterketekiko azaltzen duten errespetua oso bestelakoa dela ikus daiteke hara bertaratuz gero. Antolakuntza ere izan behar lukeenaren mailatik urrun xamar geratu arren, bere aldetik ezarritako mugak inolako erreparorik gabe zeharkatzen dituzte ikusle askok. Txirrindulariekiko errespetua kasu honetan txalogarria denik ez dago esaterik, ez eta gainerako zaletuekiko azaltzen dutena. Labur esanda, futbol zalego baten antz handiagoa du benetako txirrindulari zalego batena baino. Bere gogoko kirolariak (txirrindularia kasu honetan) nola irabazten duen ikusi eta gainerakoak bosta axola diona. Txirrindularitzak, eta urteko klasiko handiek batez ere, suposatzen duten guztia ahaztu edo ulertu ez eta errepidera beste gauza batzuetara hurbiltzen den horietakoa. Txirrindulari guztiak pasatzen ikusi beharrean, lasterketa burua ikusi eta azkenekoak (eta hortaz gehienetan animo beharrean gehien izaten direnak) eta horren atzean ere ez direnak ahantzi egiten dituena. Ez da zorionez guztien aldetik ikusten dena, baina halako jokaera azaltzen duen ikusle kopurua, zoritxarrez, ez da arbuiatzeko modukoa. Ondorioz, nik neuk erreparorik gabe esango nuke Gilbert waloiek merezi ez duten txapeldun handia dela. Garagardoa, futbol selekzioa eta erregearen kontuari gehitu beharreko elementua agian, izatez waloia izan arren, jokaeraz flandestar ausartenaren parekoa baita, nederlanderaz hitz egiten jakiteaz gain, rara avis Walonian.

Udaberriko benetako loreak dira txirrindularitza zale askorentzat klasikorik handienak, eta zeresanik ez bertatik bertara jarraitzeko aukera izatea. Bertan bizi daitekeenak ordea, bi kasuetan polita izanagatik, bi poloak, iparra eta hegoa, azaltzen dizkigu; etorkizunean belgikar estatuarekin gertatuko denaren esperoan, gaur egun denaren isla.

Argazkiak: www.CartoonStock.com / Andrea Hübner