Ama Birjinak bultzatu du De Clercq

Montevergine di Mercogliano eta Oropa dira Giroak ezagutarazi dizkigun santutegietako bi. Oropako igoera dezente gogorragoa da. Monteverginen nekez apurtzen da tropela, eta aurten ere ez da ezustekorik izan. Onenen taldetxoa ez da apurtu. Hala eta guztiz ere, oso etapa bukaera hunkigarria izan da. De Clercq-ek ihesean egin ditu igoeraren azken kilometroak, eta tropelak harrapatu egin du…helmuga gurutzatu bezain laster. Alegia, Omega Pharma-Lottoko txirrindulariak sekula ahaztuko ez duen etapa eskuratu du. Instant batean pedalei eragiteari utzi izan balio ez zukeen irabaziko. Baina ez du amore eman eta saria potoloa jaso du. Ama Birjina parez pare ikusi duela esan daiteke, izan ere, etapak 20 metro gehiago izan balitu…

Helmugarako hiru kilometro eskas falta zirela mugitu dira Androniko Ochoa kolonbiarra eta Colnagoko Pirazzi italiarra, baina bikoteak ez du lasterketa buruarekin bat egiterik izan. De Clercq-ek -24 urte ditu eta aurreneko denboraldia du profesionaletan- zukua atera dio minutu erdiko aldeari. Bihurgune asko ditu Monteverginera doan maldak eta akaso horrek bere alde jokatu du, tropelak ez bistaratu azken unera arte ikusi. Tropelaren esprintean Scarponi izan da azkarrena, eta horri esker bera da orain faboritoen artean sailkapen nagusian ondoen dagoena. Weeningek maglia arrosari eutsi dio, baina Scarponik amets egin dezake gaur eta bihar gauean liderraren mailotarekin. Etna sumendian gora -azkenean igotzerik badute, behintzat- Contador, Nibali eta gainerako oilarrak kate motzean lotzen baditu, Lampreko igotzaile italiarrak sailkapenaren burua har dezake.

Mendiko lehen etapak ez du apenas beste ondoriorik utzi. Euskal Herriko txirrindulariei dagokienez, Euskaltel-Euskadiko Igor Antonek eta Mikel Nievek ez dute denborarik galdu. Hori seinale ona da. Sastrek segundo batzuk galdu ditu eta horri gehitzen badiogu asteleheneko etapa beltzean galdutako minutua, argi dago espainiarrak Menchoven aldeko morrontza lana egingo duela Italiako itzulian. Baita Duarte kolonbiarrak ere, Monteverginen irabazlearengandik hamabost minutura helmugaratu baita.

Weilandten heriotzak zeharo belztu duen Giroa Etnara begira dago orain; igandean, berriz ere aldapan gora izango dute txirrindulariek helmuga.

Ikamikarako gaia utziko dut mahai gainean; egia da batzuentzat etapa eskas samarra izango zela, aldapa samurra zelako, baina etapa ‘humanoa’ iruditu zait niri. Ziur naiz aurretik etapatzar asko izango ez balituzte, Scarponik, Nibalik eta gainerakoek Monteverginen gora abiada azkartu eta borroka ikusiko genukeela. Alde txikia izango zen edozein kasutan, bai, baina esan bezala, nik ez diet muzin egiten tankera honetako etapei.

Argazkia: Bettini / Cyclingnews.com