Zerurantz txistua botatzen duenari…

Bukatu berri da aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Nork bere gogoeta egingo du, ziur. Nirea Alemaniako txirrindularitzari buruzkoa da. Alemanian, azken urteetako dopin auziak direla medio, telebista kateek txirrindularitza bazterrean utzi dute, eta ZDF eta ARD kateek iragarritakoa betez gero, aurten emango dute Tourra azkenekoz. Ullrich ‘Puerto auzian’ sartu izana ez zuten batere ondo hartu. Haien kuttuna zen Rostockeko mutikotea. Azken urteetan, beste txirrindulari alemaniar batzuek, Schumacherrek eta Sinkewitzek kasu, positibo eman dute. Txirrindularitzak sinesgarritasuna galdu du Alemaniako hedabideentzat. Baina hara non denboraldi honen hasieran ziklista alemaniarrak puntaren puntan dauden.

Kloden beteranoak, Euskal Herriko Itzuliaz gain, etapak irabazi ditu Paris-Nizan eta Nazioarteko Kriteriumean. Europan denboraldi hasieran jokatzen diren lasterketa garrantzitsuenetakoak dira biak ala biak. Eta Martini buruz zer esan. Algarveko Itzulia eta Paris-Niza irabazita etorri zen Euskal Herrira, eta nahiz eta gurean sailkapen nagusia ez lehiatu, etapa eraman du. Uztaila urrun da, baina ez litzateke harritzekoa izanen Kloden eta Martin Tourra lehiatzea. Beharbada ez maillot horia janzteko, baina bietako bat agian podiumetik oso aparte ez da ibiliko. Nola jokatuko dute horren aurrean Alemaniako hedabideek? Ez ikusiarena egingo al dute ala euren txirrindulariei merezi duten arreta eskainiko diete? Aukeran, bigarrena nahiago. Gaztelaniazko esaera zahar batek dio zerurantz txistua botatzen duenari aurpegian erortzen zaiola bueltan, eta hain zuzen, esaera hori etorri zitzaidan burura Zallako erlojupekoa bukatuta.

Beste gogoetatxo bat: joan den urtean sortu zuten RadioShack taldea, Armstrongek zortzigarrenez Tourra irabaz zezan. Balentria handia zatekeen, egiazki. Estatubatuarrak kale egin zuen, eta haren antzera, talde osoa hondoratu zen Avoriazera bidean. Aurten, Armstrong gabe oso ondo ari da talde zuri-gorria. Urrutira joan gabe, Euskal Herriko Itzulia bezalako proba batean bi txirrindulari sartu dituzte podimean, Frantzian ere oso emaitza onak lortu dituzte –Paris-Nizan eta Nazioarteko Kriteriumean- eta Markel Irizarrek Andaluziako Itzulia irabazi du. Hiru asteko itzulietarako liderrik izango duten ez dago garbi, baina ugazabarik gabe bikain ari dira. Babesletza ez omen dute ziurtatua datorren denboraldirako. RadioShackek txirrindularitzan jarrai dezan motiboak ematen ari dira taldeko ziklistak, ezta?

Argazkia: Roberto Bettini / cyclingnews