Jens Voigten eskutitza Euskal Herriko zaleei (euskaratua)

Eskutitz hau euskal zale guztiari dago zuzendua, beti hor baitaude. Nire ibilbide profesionaleko azken 14 urteotan euskaldunekin harreman estua izan dudala sentitzen dut. Euskal Herriaren oroitzapen oso onak ditut izan ere nire momenturik onenak euskal mendietan jazo baitira. Profesional moduan nire lehen garaipena 1998ko Euskal Herriko Itzulian izan zen. Oraindik Gan taldeko maillot txuri-urdina nerabilen. Garaipen honek nire ibilbide profesionala aldatu zuen betirako eta hoberako.

Euskal zalearen pasio eta parekidetasuna lehen aldiz bizitzeko zortea ere izan nuen. Egun hotz eta euritsua izan zen, hala izan arren haietako askok zuzenean ikusi zuten etaparen amaiera eta haietatik gehiengo handia podiumeko zeremonian geratu zen. Momentu hau izan zen Euskal Herriarekiko eta euskaldunekiko nire maitasun eta errespetuaren hasiera.

Ordudanik, beti sinatu dut lasterketan parte hartzeko nahiz eta denboraldiko zail eta konplikatuena izan. Hala eta guztiz ere, txoratu egiten nau nire Euskal Herri maitera itzultzeak.

Gogoan dut 1998ko Frantziako Tourrean eskalatzaile onenaren maillota soinean izan nuenekoa ere, baina egun bakarrez izan zen Piriniotako lehen etapan birritan erori bainintzen. Ia helmugara iritsi ezinda geratu nintzen eta galdu egin nuen, baina euskal zaleek, beste behin ere, babesa eman zidaten eta animoak helmugarainoko bidean. Mendiak beraien banderez estaliak ziren eta beraien kamisetak laranja kolorekoak ziren, zale hauei dagozkienak. Beraien bandera nazional famatuen itsaso gorri eta berde eta zuri bat. Eta euskal zalea zerbaitetan famatua bada, justua delako eta mundu guztia animatzen duelako da, baita erortzen direnak eta ia gehiago jasan ezin dutenak. Ez zaie axola. Berdin animatzen zaituzte munduko txirrindularirik onena izan eta “tropeltxoan” bazoaz ere. Benetan gogoko du eta eskertzen dut.

Nire 14 urteko txirrindularitza profesionalaren ibilbidean euskal zalea beti ikusi izan dut txirrindularitzaren fanik apasionatu eta leialenen gisa. Batzuetan badirudi ia negarrez daudela “benga! benga!” eta “animo! animo!”. Sekula ez dut inolako arazorik izan. Beti izan da txirrindulariok tartetik pasatzeko lekua. Sekula ez dute inori txisturik jotzen. Beti justu eta apasionatu. Sekula ez dut euskal zalerik ikusi lasterketan arazorik edo txisturik jotzen, ezta txorakeriarik egiten ere. Kirol honekiko pasioz beteriko fanak zarete, fanik leialenak, informatuenak eta apasionatuenak. Gure kirolean egiten dugun lan gogorra ulertu eta preziatzen duzue.

Aurreko asteko Euskal Herriko Itzulia nire azkena izan daiteke. Beste behin ere, garaipen bat oparitu nahi nien, baina beste era bateko lana egiten ari nintzen. Nire kapitainei laguntzeko nengoen, azken igoerarako kokapenik onenean jar nitzan. Ez nuen indarrik izan, ez eta aukerarik gehiago emateko.

Baina, beti bezala, han ziren. Ez dio axola 5 gradu eta elurra edo euria ari duen, ezta udarako eguzkia den ere, beti dira fidagarriak eta prest esku bat botatzeko sufritzen ari zarenean.

Beraz, 14 urte bizikleta gainean guztia ematen aritu ondoren, tarte bat hartu nahi nuen hau esateko: Eskerrik asko, nire euskal zaleei!!! Eskerrik asko bihotz bihotzez hor izateagatik eta hain atsegin eta liluragarri izateagatik nirekin nire karrera guztian!!!

MILA ESKER! [eskutitzean ere euskaraz]
JENS VOIGT, 2011ko apirila

Itzulpena: Egoitz Lizaso