Heroien lasterketa

Ez du Paris-Roubaix, Flandesko Tourra edo Lieje-Bastonje-Lieje bezalako lasterketen historia, baina larunbatean jokatuko duten Montepaschi Strade Bianche aipatutako proba guztiak bezain ikusgarria da. Izan ere, Gaiole in Chianti eta Siena arteko 190 kilometroetako 70 bat asfaltatu gabekoak dira. Koldarrek jai dute lasterketa honetan. Ausarta izan behar da gero horrelako ibilbideari aurre egiteko. Denera, asfaltatu gabeko zortzi zati zeharkatuko dituzte partaideek, horietako batzuk maldan gora.Guztien artean zailenari, 132 kilometroaren inguruan egingo diote aurre; 11,5 kilometro, haietako gehienak aldapan gora. Azken aurreko zatia, Colle Pinzuto, ere ez da makala: 2,4 kilometro %15eko aldaparekin.

2007an egin zuten aurreneko aldiz eta irabazleen zerrendak erakusten du bai taldeek bai ziklistek oso serio hartzen dutela Montepaschi Stade Bianche: hurrenez, hurren Alexandr Kolobnev, Fabian Cancellara, Thomas Lovkvist eta Maxim Iglinskiy gailendu dira 2007tik hona. Aurtengoari dagokionez, besteak beste, George Hincapie eta Cadel Evans (BMC-Racing), Fabian Cancellara (Leopard-Trek) Philippe Gilbert eta Andre Greipel (Omega Pharma Lotto) eta Ryder Hesjedal (Garmin) ariko dira.

Joan den urteko Giroa asfaltatu gabeko errepideotatik igaro zen, eta ziur tropelazaleek oraindik ere fresko izango dituzte oroimenean etapa hark utzitako irudi ikusgarriak. Txirrindulariak lokatzez beteta helmugaratu ziren. Eguraldi makurrak, jakina, are gogorragoa bihurtzen du lasterketa.

Apurka-apurka denboraldiko lehen hitzordu garrantzitsuak iristen ari dira. Igandean Paris-Niza hasiko da, eta txirrindularitza gose gabiltzanontzat atariko bikaina izango da Montepaschi Strade Bianche.