2010ari errepasoa (XIII): Frank Schleck, Suitzan garaile

suisseSuitzako Itzuliak ikusmina piztu ohi du urtero, Dauphine Libere bezala, Tourrari begira proba gisa erabiltzen dutelako txirrindulariek. Saxo Bankek Fabian Cancellara eta Schleck anaiak eraman zituen suitzara eta Cancellarak aitzin etapa irabazi zuen. Cerveloko Heinrich Hausslerrek bereganatu zuen lehen etapa, Pablo Urtasun urdiandarraren aurretik, baina hurrengoan Saxo Bankek, berriz ere aginte makila hartu zuen. Frank Schleck helmugaratu zen lehen postuan, eta Team Columbiako Tony Martinek jantzi zuen liderraren maillota. Horrenbestez, bi txirrindulariok faborito bihurtu ziren itzulia eskuratzeko.

Ondorengo bi etapan Petacchi eta BMC Racing taldeko Burghardtek irabazi zituzten, hurrenez hurren –Burghardtek itzulia bukatu aurretik beste etapa bat sartuko zuen zakuan-. Suitzako itzulian, mendiko etapa handiren bat izan ohi du urtero, eta aurtengoan, egurrean ibili ziren hainbat txirrindulari. Azkenean, Robert Gesinkek irabazi zuen eta sailkapen nagusiko lehen postua bereganatu zuen. Ematen zuen igotzaile holandarrak poltsikoan zuela itzulia, baina ez zen hala izan. Gesink ez da batere ondo moldatzen erlojupekoetan, eta hori agerian geratu zen Suitzan. Tony Martinek irabazi zuen azken etapa. Eta Franck Schlekek itzulia eskuratu zuen Lance Armstrongen eta Jacob Fuglsangen aurretik -hirurak argazkian-. Nola Schleckek ala Armstrongek Tourraren atarian sasoi betean zeudela erakutsi zuten. Frantziako Itzulian, ordea, gauzak ez zitzaizkien nahi bezala atera. Ez batari ez besteari.