2010ari errepasoa (XII): Brajkovicek Contadorri eutsi zion Tourraren atarikoan

Dauphine Libereren
hasiera ezin garratzagoa izan zen euskal txirrindulari batentzat,
Haimar Zubeldiarentzat. Usurbileko
txirrindulariak eskumuturra hautsi zuen eta lasterketa utzi behar
izan zuen. Ez hori bakarrik; eroriko hark itxiko zion Haimarri
Tourreko atea, noiz eta sasoi betean zegoenean. Zorigaiztoa albo
batera utzita, Alberto Contadorrek
irabazi zuen aitzin etapa. Nahiz eta berak esan itzulia irabaztea
ez zuela buruan, faborito nagusi bihurtu zen proba hasi eta
berehala. Grega Bole esloveniar
gazteak eta Juan Jose Haedo
argentinarrak irabazi zituzten hurrengo bi etapak, hurrenez hurren,
eta Contadorrek lehen postuari eutsi zion. Gauzak horrela, etapa
erabakigarria iritsi zen, erlojupeko luzea. RadioShackeko
Janet Brajkovicek erakustaldia emanda
irabazi zuen etapa…Eta maillot horia jantzi zuen, gainera.
David Millar eskoziarra 26 segundora
sailkatu zen etapa hartan eta gainerakoak, oso urrun; tokitan,
Contador barne (minutu eta 46 segundora).
Vogondyren etapa garaipena eta gero,
mendia iritsi zen. Aurreneko maldetan Astanako Dani
Navarro
, Contadorren taldekidea, nagusitu zen;
bakarrik helmugaratu zen, etapa puska egin eta gero. Eta itzulia
bukatu bezperan etapa erraldoia iritsi zen: helmuga Alpe D’Huezeko
gainean zuena. Alberto Contadorrek ahaleginak eta bi egin zituen
esloveniarra atzean uzteko; haize bolada bortitzek ez zuen ziklista
erasokorren lana batere erraztu, eta hori horrela, igotzaile
espainiarrak etapa bai, baina Brajkovicek aise eutsi zion lehen
postuari. Azken etapa Boason Hagenek
poltsikoratu zuen, eta 24 urteko Arkaitz
Duran
gasteiztarra bigarren iritsi zen helmugara.
Pena. Gutxigatik egin zion ihes garaipenak. Brajkovicek zur eta lur
utzi gintuen 2006ko Espainiako Itzulian. Gazte-gaztea zela
Espainiako Vueltako lehen postuan izan zen zenbait egunez. Ordutik
ez du bere burua gehiegi erakutsi. Dauphine Libere orain arteko
garaipen garrantzitsuena izan da, ezbairik gabe. Datorren
denboraldian, nagusirik gabe, Armstrong gabe alegia, beharbada
erantzukizun handiagoa hartu beharko du Bruyneleen taldean, eta
ikusi ahal izango dugu noraino irits daitekeen. Gainerakoan,
etorkizunari begira oso kontuan hartzeko beste izen bat utzi zigun
lasterketak. Tejay Van Garderen 23
urteko estatubatuarra. Hirugarren sailkatu zen. Erne mutil honekin;
Espainiako Vueltan ere bikain aritu zen. Euskaltel Euskadirentzat
ere Dauphine oso ona izan zen: taldekako sailkapenean nagusitu zen,
Egoitz Martinezek mendikoa irabazi
zuen eta Romain Sicard gazteak 11. postuan bukatu zuen.