Vinokouroven lehen garaipena 2 urteko zigorraren ondoren

l'Ain-eko Tourra. Vinokourov garaile 3. etapako 2. sektoreanKazakhstandarra l’Ain-eko Tourra UCI ProTourreko lasterketa ari da lehiatzen eta atzo arratsaldean jokatu zen sektorean garaipena lortu zuen. Dakizuen bezala, 2007ko Tourreko positibo entzutetsu haren ondoren, 2 urterako zigortu zuten Astanako txirrindularia. bi urteko zigorra bete ostean, berriro ere bizikleta gainean da profesional gisa.

35 urte ditu Vinokourovek, baina sasoiko dagoela dirudi. Atzo bi sektore jokatu ziren: bat goizean Leles Monts-Jura-an 103,2 km-tako mendiko etapa. Arratsaldean, berriz,  8,6 km-tako erlojupekoa. Kazakhstandarrak 9’50” segundo behar izan zituen ibilbidea betetzeko eta Elijzen eta Horner taldekidearen aurretik geratzea lortu zuen.

Vinokourovek bere burua probatu nahi zuela adierazi du, eta inolaz ere ez omen zigorrak eragindako amorrazioz. Bere helburua horrelako zigor baten ostean lasterketak irabaztea posible dela erakustea zela adierazi du, eta esan daiteke lortu duela.

Gaur  l’Ain-eko Tourreko azken etapa jokatuko da. Etapa hau 129,6 km-takoa izango da eta Colombier-en amaituko da. Lasterketako lider Horner da eta Astana taldeak bere esku dagoen guztia egiten saiatu beharko du lasterketa irabazi nahi badu ez baitu erraz izango, Turpin eta Moncoutie 19 eta 20 segundora ditu hurrenez hurren eta hauek ez dute amore emango.

Di Lucak EPOa hartu zuela baieztatu du B laginak

Di Luca eta Menchov hizketan 2009ko Giroko 18. etapan (postiboa eman zuen etapetako bat)Dakizuen bezala, Di Lucak positibo eman zuen aurtengo Giroan CERA motako EPOarekin. Positibo hau Giroko 11 eta 18. etapetan hartutako laginetan egindako azterketatik ondorioztatu zuten.

Lehen azterketa hauek Bartzelonako laborategietan egin ziren. B laginaren azterketak, berriz, Châtenay-Malabry Pariseko laborategi ezagunean. Azken azterketa hauek asteartean egin omen ziren eta Di Luca ordezkatuz  Santo Davide Ferrara doktorea izan zen, Padova Unibertsitateko mediku espertoa. Emaitza hauek Austriako Dopinaren Kontrako Mundu Agentziara bidaliak izan ziren eta kasua itxitzat ematen da honenbestez.

Di Lucak, bere aldetik, hurrengo orduetan auziaren inguruan adierazpenak egingo dituela espero da. Bere abokatua den Ernesto De Tonik, berriz, Châtenay-Malabry laborategiaren azterketa metodoa auzitan jartzekotan omen da. Seguru txirrindulari italiarrak bere eskutan dagoen guztia egingo duela baina ez zait iruditzen CONIk ezarri diezaiokeen 2 urteko zigorra ekiditeko gai izango den.

Askotan gertatu ohi izan den bezala, kasu honetan ere B laginak hasierako analisiak emandako emaitza baieztatu du.

Contador eta Armstrongek sinatutako maillotak zuen eskura

Contador eta Armstrong 2009 Tourreko podiumeanAurreratu genizuen bezala, Alberto Contador eta Lance Armstrong txirrindulari ezagunen maillotak ditugu gure parte hartzaileen artean banatzeko. Dakizuen bezala Alberto Contador aurtengo Tourreko garailea izan da eta irabazten duen 2.a da. Lance Armstrong, berriz, 7 Tour irabazi ostean berriro txirrindularitza profesionalera itzuli da aurtengoan eta 3. postuan sailkatu da Tourrean. Zalantzarik ez bi txirrindulari paregabeen maillotez ari garela.

Urriaren 2an “2009ko Sari Banaketa Ekitaldia” burutuko dugu. Oraindik ez dakigu non izango den, baina lasai, garaiz jakinaraziko dizuegu eta. Sari banaketa ekitaldi honetara 2009an Tropela.net-en jokatu diren lehiaketa guztietako sarituak gonbidatuak izango zarete, baita urteko sailkapenean podiumeko postuetakoak ere. Sari banaketa ekitaldi honetan irabazi dituzuen sariak banatzeaz gain, aurrez aipatutako bi maillot baliotsu horien zozketa egingo dugu bertara joan eta sarituak izan zareten guztien artean. Sariak banatzeaz gain, “luntx” bat ere izango da bertan.

Oraindik saririk irabazi ez baduzu garaiz zabiltza. Abuztuaren 19tik aurrera, eta 29ra bitartean, Espainiako Vueltako lehiaketan parte hartu al izango duzu. Eta azken aukera irailaren 27an jokatuko den Munduko Txapelketaren lehiaketan izango duzu (adi ibili kiniela egiteko epearekin). Zorte on guztioi!!

Koldo Fernandez de Larreak egun gutxitan bigarren garaipena

Koldo Fernandez de Larrea. 2009ko Burgoseko Itzuliko lehen etapan garaipenaOstiralean Getxoko Zirkuitoan garaipena lortu ostean, gasteiztarrak bere herriko festen hasierarekin batera egun gutxitan bigarren garaipena lortu du. Gaur hasi da Burgoseko Itzulia eta Briviescan amaitu den etapan garaipena lortu du Cabello (Burgos Monumental) eta Maesen (Topsport Vlaanderen) aurretik. Urteari dagokionez, hirugarren etapa garaipena du Euskaltel-Euskadiko esprinterrak. Zorionak Koldo!

Gaurko etapa garaipenari esker, lasterketako liderraren maillotarekin irtengo da biharko etapan. Iaz ere hirugarren etapan garaipena lortu zuen Koldok, beraz, pentsa daiteke beste etapa garaipen bat lortzeko moduan egon daitekeela. Tourrean gauzak ez zaizkio nahi bezain ondo joan eta erorketa bat izan eta gero, zortzigarren etapan Frantziako lasterketa utzi beharrean izan zen kontrolez kanpo iritsi eta gero. Badirudi sasoia eta motibazioa berreskuratuta garaipenen aroan sartu dela gasteiztarra.

Mikel Astarloza: “Nire errugabetasunaz seguru naiz erabat, erabat!”

Mikel Astarlozaren prentsa oharraren ondoren Amara Hotelaren aurrealdeaGaur eguerdiko 12:00etan genuen hitz ordua Mikel Astarlozarekin Amara Plaza Hotelean. Txikia geratu den Oria aretoan, komunikabide eta jarraitzaile askoren artean, Tropela Elkarteko bi kide ere bertan ginen Twitter bidez prentsaurrekoa zuei zuzenean eskaintzeko.

Gure “txioetan” genioen Euskaltel-Euskadiko inor ez genuela ikusten, baina irteeran Amets Txurruka bere lagunartieko presidentearekin batera ikusi dugu, baita Haimar eta Joseba Zubeldia anaiak, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari ohiak. Baina esan bezala, Euskaltel-Euskadiko ordezkaririk ez da egon Mikel Astarlozaren inguruan prentsa aurrekoa ematen izan den unean. Lagunak eta jarraitzaileak bai, hauek bera eserita zen mahaiaren atzean izan dira Astarlozaren peñako kamiseta moreak zituztela. Ezagunen artean, ordea, Iñigo Chaurreau (Mikelen lehengusua, txirrindulari ohia eta egun kazetari lanetan), Jose Luis Arrieta (Euskadiko Txirrindularitza Federazioko Presidentea), Martxelo Otamendi (Berriako zuzendaria), Fermin Aramendi (EITBko kazetaria)… behintzat ikusi ditugu.

12:00ak puntuan sartu da Mikel txalo zaparrada artean aretora. Argazki kamerek ez zuten atsedenik hartzen Mikel mahaiaren atzean eseri den arte. Une horretan, espero genuen prentsaurrekoa hastera zihoan.

Mikelek komunikatuaren irakurketan eskerrak eman dizkigu bertaratu garen guztioi eta garbi utzi digu ez duela galdera edo elkarrizketarik erantzungo auzia argitu arte. Ulergarria deritzot jarrera hau, kontua delikatua baita eta edozein motatako gaizki ulertze batek egoera nahastea besterik ez bailuke lortuko. Seguru naiz komunikatua bera idaztea ere asko kostako zitzaiola bere barrukoa ahalik eta hobekien publiko egin ahal izateko.

Bost minutu inguruko prentsa aurrekoan ustezko positiboaren berria nola jakin zuen esan digu. Horretaz gain, garbi utzi nahi izan du berak ez duela arauz kanpoko ezer hartu eta errugabea dela, erabat seguru. Guri ere errugabetasunaren sentsazioa helarazi digula esan beharra dut, han geundenoi begira eta konbentzimendu osoz esan baitu errugabea dela.

Kontra analisia ostiralean bertan eskatu zuela esan digu eta Madrilgo laborategietan egin diren analisietan irregulartasunak izan direnaren datuak omen ditu. Hori bai, oraingoz ez ditu publiko egin, baina behar den unean plazaratuko dituela esan digu. Dagoeneko egoera honek kalte handia eragin diola aipatu du eta nahiz eta kontra analisiak bere errugabetasuna konfirmatu, egungo sisteman sinesgarritasun guztia galdu duela esan digu. UCIko araudi guztia beti bete duela esan du, uneoro non den jakinaraziz eta analisi guztiak eginez pasaporte biologikoak eskatzen duen bezala. Egun dauden kontrolekin arauz kanpoko zerbait hartzea “kirol suizidioa” izango litzatekeela gaineratu du.

Prentsaurrekoa bukatzeko zin egin du berak ez duela debekatutako ezer hartu eta mahai gaina ukabilez joaz, kosta ala kosta dena argitu arte ikertuko duela esan du.

Txalo zartek eman diote bukaera prentsaurrekoari. Mikel Astarlozak, banan banan, bertaratutako guztiak agurtzeari ekin dio, gu barne. Twitterrean genioen bezala, agurtu gaituenean, askoz lasaiago ikusi dugu txirrindulari pasaitarra. Guk azalpen honen beharra genuela komentatu diogu eta berak esandakoak esan ondoren, barruak lasaiago dituela erantzun digu. Zalantzarik ez azken egunetan inpotentzia eta amorruak hartuta egongo zela Mikel eta gaur, denon aurrean publiko egin du bere egoera eta bere bertsioa.

Bi aldeen informazioa badugu. Alde batetik Mikel Astarlozak gaur eman duen azalpena eta bestetik txirrindulari pasaitarra lehiaketetatik kanporatu duen Madrilgo laborategiaren analisia. Berdinketa hau puskatzeko B laginaren kontra analisiaren zain geratzea besterik ez zaigu geratzen.