Mikel Astarloza: “Nire errugabetasunaz seguru naiz erabat, erabat!”

Mikel Astarlozaren prentsa oharraren ondoren Amara Hotelaren aurrealdeaGaur eguerdiko 12:00etan genuen hitz ordua Mikel Astarlozarekin Amara Plaza Hotelean. Txikia geratu den Oria aretoan, komunikabide eta jarraitzaile askoren artean, Tropela Elkarteko bi kide ere bertan ginen Twitter bidez prentsaurrekoa zuei zuzenean eskaintzeko.

Gure “txioetan” genioen Euskaltel-Euskadiko inor ez genuela ikusten, baina irteeran Amets Txurruka bere lagunartieko presidentearekin batera ikusi dugu, baita Haimar eta Joseba Zubeldia anaiak, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari ohiak. Baina esan bezala, Euskaltel-Euskadiko ordezkaririk ez da egon Mikel Astarlozaren inguruan prentsa aurrekoa ematen izan den unean. Lagunak eta jarraitzaileak bai, hauek bera eserita zen mahaiaren atzean izan dira Astarlozaren peñako kamiseta moreak zituztela. Ezagunen artean, ordea, Iñigo Chaurreau (Mikelen lehengusua, txirrindulari ohia eta egun kazetari lanetan), Jose Luis Arrieta (Euskadiko Txirrindularitza Federazioko Presidentea), Martxelo Otamendi (Berriako zuzendaria), Fermin Aramendi (EITBko kazetaria)… behintzat ikusi ditugu.

12:00ak puntuan sartu da Mikel txalo zaparrada artean aretora. Argazki kamerek ez zuten atsedenik hartzen Mikel mahaiaren atzean eseri den arte. Une horretan, espero genuen prentsaurrekoa hastera zihoan.

Mikelek komunikatuaren irakurketan eskerrak eman dizkigu bertaratu garen guztioi eta garbi utzi digu ez duela galdera edo elkarrizketarik erantzungo auzia argitu arte. Ulergarria deritzot jarrera hau, kontua delikatua baita eta edozein motatako gaizki ulertze batek egoera nahastea besterik ez bailuke lortuko. Seguru naiz komunikatua bera idaztea ere asko kostako zitzaiola bere barrukoa ahalik eta hobekien publiko egin ahal izateko.

Bost minutu inguruko prentsa aurrekoan ustezko positiboaren berria nola jakin zuen esan digu. Horretaz gain, garbi utzi nahi izan du berak ez duela arauz kanpoko ezer hartu eta errugabea dela, erabat seguru. Guri ere errugabetasunaren sentsazioa helarazi digula esan beharra dut, han geundenoi begira eta konbentzimendu osoz esan baitu errugabea dela.

Kontra analisia ostiralean bertan eskatu zuela esan digu eta Madrilgo laborategietan egin diren analisietan irregulartasunak izan direnaren datuak omen ditu. Hori bai, oraingoz ez ditu publiko egin, baina behar den unean plazaratuko dituela esan digu. Dagoeneko egoera honek kalte handia eragin diola aipatu du eta nahiz eta kontra analisiak bere errugabetasuna konfirmatu, egungo sisteman sinesgarritasun guztia galdu duela esan digu. UCIko araudi guztia beti bete duela esan du, uneoro non den jakinaraziz eta analisi guztiak eginez pasaporte biologikoak eskatzen duen bezala. Egun dauden kontrolekin arauz kanpoko zerbait hartzea “kirol suizidioa” izango litzatekeela gaineratu du.

Prentsaurrekoa bukatzeko zin egin du berak ez duela debekatutako ezer hartu eta mahai gaina ukabilez joaz, kosta ala kosta dena argitu arte ikertuko duela esan du.

Txalo zartek eman diote bukaera prentsaurrekoari. Mikel Astarlozak, banan banan, bertaratutako guztiak agurtzeari ekin dio, gu barne. Twitterrean genioen bezala, agurtu gaituenean, askoz lasaiago ikusi dugu txirrindulari pasaitarra. Guk azalpen honen beharra genuela komentatu diogu eta berak esandakoak esan ondoren, barruak lasaiago dituela erantzun digu. Zalantzarik ez azken egunetan inpotentzia eta amorruak hartuta egongo zela Mikel eta gaur, denon aurrean publiko egin du bere egoera eta bere bertsioa.

Bi aldeen informazioa badugu. Alde batetik Mikel Astarlozak gaur eman duen azalpena eta bestetik txirrindulari pasaitarra lehiaketetatik kanporatu duen Madrilgo laborategiaren analisia. Berdinketa hau puskatzeko B laginaren kontra analisiaren zain geratzea besterik ez zaigu geratzen.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.