Cancellara lokomotoraren beste erakustaldi bat

Cancellara. 1. etapan garaipenaAurre ikusi bezala, suitzarrak ez du hutsik egin eta etapa eta maillot horia eskuratu ditu. Tropela.net-eko lehiaketako %69,5a gustura izango da beraien aukeraketak ez baitie hutsik egin.

Lasterketa 16:00etan hasi da Van Hummel herbeheretarrarekin eta ordu horretan bukatu da kiniela egiteko epea. Ordurako asko zuen kinielari azken errepasoa egin eta telebistara joango zineten, izan ere Armstrong 16:17an ateratzen baitzen. Ikusmin ikaragarria estatu batuarrak eragin duena. %23,8ak ondo ibiliko dela espero du eta gaurko etapan zer egiteko gai zen ikusi nahi genuen. 18. txirrindularia zenez lasterketari ekiten, ez zuen zail denborarik onena egitea. Hala izan da nahiz eta guztiz eroso ez dugun ikusi bizikleta gainean. Bagenekien gainontzeko espezialistak denbora hori hobetuko zutela, baina zenbaterainoko ona izan den ez genekien. Momentuz amerikarra lasterketako lehen postuan zen.

33. txirrindularia irteeran Tony Martin genuen. Alemaniarra ondo zegoela bagenekien, izan ere Suitzako Itzulian etapa garaipena eskuratzeaz gain mendiko sailkapena irabazi baitzuen. Baina espero al zenuten hain erlojupeko onik egingo zuenik? Alemaniarrak Armstrongen denbora 7 segundotan hobetzea lortu du. Tropelean %25,6ak aukeratutako txirrindularia eta badirudi lehen egunetik etekina aterako diola Tropeleko laurdenak.

Erlojupekoa aurrera zioan eta espezialistak agertzen hasi dira. Hurrengo Leipheimer zen eta honek ere ez du hutsik egin. Tony Martinen denbora 3 segundotan hobetzeko gauza izan da. Orduan konturatzen hasi gara Armstrongek egindako denbora ona izan zitekeela. Momentu horretan Astanak bi txirrindulari lehen hiru postuetan zituen eta etapako sailkapenak ez du aldaketarik izan Kreuzigerrek bere lana egin arte. Txekiarrak forma onean dela erakutsi du eta 2 segundogatik ez da lehen postuan sartu. Liquigaseko txirrindulariaren denborak Armstrong podiumeko postuetatik at utzi du momentu horretan.

Astanak, ordea, gaur ederki erakutsi du talde ikaragarria duela. Klöden izan da hurrengoa lehen postuak dantzan jarri dituena. Erlojupeko bikaina alemaniarrak egin duena eta bere taldekidearen ordurako markarik onena 8 segundotan hobetu du. Helmugaratu denean Astana taldeak 3 txirrindulari zituen lehen 5 postuetan. Ikaragarria!

Lasterketako lehen postuek, beraz, horrela jarraitu dute azken 6 txirrindulariek denborak jakin ditugun arte. Wiggins britainiarrak, erlojuaren kontrako espezialista britainiarra, bidea bere ezaugarrietarako egokia izan ez arren, Klödenen denbora hobetzea zegoela erakutsi du. 3 segundotan murriztu du bere denbora eta behin behineko lider jarri da ingelesa. Baina oraindik Cancellara, Contador eta Evans falta ziren besteak beste helmugaratzeko eta denborak hobetu dituzte.

Hurrengoa helmugaratzen Cancellara, Suitzako lokomotora geldiezina eta aurtengo Suitzako Itzuliaren irabazlea izan da. Honena bai izan dela erakustaldia! Cancellarak bere aurretik zuen txirrindularia harrapatzeko gauza izan da, eta ez zen edozein txirrindulari, Menchov bera baizik, aurtengo Giroko garailea. Suitzarrak Wigginsen denbora 19 segundotan hobetu du.

Contadorrek gaur Espainiako koloreak zituen maillota estreinatu du eta esan behar ez duela batere gaizki egin. Espainiarrak taldeko liderra zein den erakutsi nahi zuen eta Amstrong, Leipheimer eta Klöden taldekideen denbora hobetu du nahiz eta Cancellararena ezin izan duen hobetu. Pintokoak bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Hala ere, erlojupeko bikaina 2007ko Tourreko garaileak gaur egin duena.

Dagoeneko Evans eta Sastre falta ziren helmugaratzeko. Evansek, ohi bezala, denbora polita egin du eta Klödenengandik 1 segundora geratu da etapako 5. denborarik onena eginaz. Sastre, berriz, erlojupekoetan ondo moldatzen ez dela ezagun du eta faboritoen multzotik ia minutu bat galdu du.

Euskaldunei dagokionez, Mikel Astarlozaren lan bikaina aipatu nahiko nuke. Pasaiatarrak 12. postuan amaitu du gaurko etapa eta sailkapeneko faboritoenekiko 26 segundoko atzerapena besterik ez du. Ia gaurko sentsazio on honek horrela jarraitzen duen eta pozen bat ematen digun pasaiatarrak.

Gaurko etapari dagokionez, ondorengo ondorio hauek atera daitezke. Alde batetik, espero bezala, Cancellarak etapa irabazi du eta lider jarri da. Ez dakiguna da ia asteazkeneko taldeko erlojupekoaren ondoren lidergoari eusteko gauza izango den Contador 18 eta Wiggins 19 segundora izanda. Erlojupeko ona egin beharko du Saxo-Bankek asteazkenean maillotari eutsi nahi badio. Beste ondorioetako bat faboritoek gaurkoan ez dutela hutsik egin Menchov eta Kirchen izan ezik. Errusiarrak Contadorrekiko 1’13” atzeratu da eta Kirchenek 1’39”. Badirudi bi txirrindulari hauek ez diotela bide onetik ekin aurtengo Tourrari. Armstrong, berriz, faboritoen artean da Contadorrengandik 22 segundora. Ezustekoren bat emateko gai izango al da Texaseko txirrindulari mediatikoa?

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.