Multzoen azterketa (I). Hautagai nagusiak

2009. urteko aurreneko lehiaketa irabazi nahi duenak, aurreneko multzoan fin ibili beharko du txirrindulariak hautatzerako garaian. Bertatik lau gizon aukeratu behar direla kontuan izanda, garailea eta honek gertuen izango dituenak asmatzea ia ezinbestekoa izango da gainera. Baina honezkero partaideek soberan dakitena esaten gehiegi luzatu gabe, joan gaitezen harira, hots, multzoa osatzen duten txirrindulariak aztertzera.

cunego_evans

-    Alberto Contador: aurkezpenik ez du behar espainiarrak. Iazko Itzulian bera izan zen garaile, eta aurtengoan ere hautagai nagusitzat har daiteke. Aste bakarreko itzuli gehienetan bezalaxe, ibilbidea lagun izango du. Gauzak normal direla,  hartzen ez duenak hanka-sartze handi xamarra egin izango du.

-    Andy Schleck: anaietan gazteenak ez du oraindik berarengandik espero den mailarik eman aurten. Tirreno-Adriaticon baxu xamar azaldu da, eta horrek zalantzak sortarazten ditu bere sasoi-puntuari dagokionez. Gainera, erlojuaren aurkako saioan faborito gehienak baino ahulxeagoa da. Hori bai, berezko talentuak eta igoera motz baina gogorrek bere alde egiten dute. Arriskatu nahi duenak aukera hobeak ditu beste batzuengan dena den.

-    Antonio Colom: Itzulian podiuma zapaldutako gizona da mallorcarra. Denboraldi hasiera indartsua darama, eta berez hau zuen sasoiko lehen erronkarik nagusiena. Euskal errepideetan motibazio berezia topatzen du, eta horrek eta bere jarrera erasokorrak beste batzuekiko erlojuaren aurka gal lezakeen denbora berreskuratzen lagun liezaioke. Apustu fidagarria, baina podiuma zapaltzeko ere arazoak behar lituzke.

-    Cadel Evans: iragan urtean bezalaxe, Coppi-Bartali-n lortu du bere aurreneko garaipena australiarrak, dagoeneko onenen artean egoteko prest denaren seinale. Nekez ikusiko dugu erasoan, baina bere dohainak lasterketa irabazteko aproposak dira. Erabakiorra izango den erlojupekoan gutxi izango ditu aurretik. Apustu seguru antzekoa; Contador bera baino faboritoago da, baina hortik aurrera ez da Silence-Lottokoa bezain txirrindulari osorik.

-    Carlos Sastre: iazko Tourreko garaile izanda ere, ez dut Euskal Herriko Itzulian bere partaidetza onik gogoan. Bera bezalako erresistentzia handiko gizonentzako moduko lasterketa ez da hau, eta beraz ez nuke inondik inora ere bere alde egingo.

colom_llsanchez

-    Damiano Cunego: Evans-en aurretik izan da berriki Italian, datorren astean izango diren igoeren antzekoak zeuzkan lasterketa batean. Ardenak gertu ditu, eta beraz Il Piccolo Principe-k maila altua erakustea espero behar da. Zallako erlojupekoa dela eta irabazteko baztertu egingo banu ere, podiuma ez luke urruti behar.

-    Fränk Schleck: bere anaiarekin gertatzen denaren aurka, postua ia erabat ziurtatzen duen gizonaren bila ari denak hementxe dauka bere aukera. Bi puntu baino ez dauzka bere aurka: erlojupeko saioa, garaipenarengandik urrundu egingo duena seguru asko, eta Milano-San Remoren aurretik izan zuen erorikoak bere garapena moztu egingo zuela agian. Nazioarteko Kriteriumean ordea maila txukunean bueltatu da, eta ondorioz, hona hemen beste gizon seguru bat.

-    Juan José Cobo: Itzulia irabaztea zer den badakien beste gizon bat. Iaz bere mailarik onena erakutsi ez bazuen ere (hein batean Saunier Duval taldeak izandako arazoek eraginda), Gaztela eta Leon-en garaipenaren gozoa dastatu du berriki. Horri sasoiko denean erakusten duen indarra eta Matxinek zuzenduko duela gehitzen badiogu, hautagai sendoenen pare jartzeko modukoa da kantabriarra, erregulartasun puntu bat faltan badu ere.

-    Kim Kirchen: Californian izan zuen erorikoaren ostean, ez da berriz ere lehiatu Columbiako txrrindularia. Hortaz, eta ibilbidea berez mesedegarri lukeen arren, albora uzteko modukoa iruditzen zait.

-    Luis León Sánchez: iazko denboraldi hasiera onaren ostean hemen zeregin handiegirik izango ez zuela esan eta asmatu egin nuen. Aurten ordea horren aparte izango denik ez dut uste, baina argi izan behar da aurrez-aurre izango dituen gehientsuenak bera baino eskalatzaileagoak direla, bai behintzat Lazkaomendi edo Arrate bezalako mendateei aurre egiteko. Jokatuko den erlojupeko motan ere nekez atera ahalko ditu diferentziak bere moduko gizaseme handi batek. Beraz, murtziarra baino aukera hobeak badirela uste dut. Dena den, benetako apustua, zirt edo zart egitekoa, aurtengo Paris-Nice-aren irabazlearengan aurki daiteke.

-    Robert Gesink: herbeherearrak ere hasiera baten helburu nagusitzat jo zuen lasterketa hau. Hala ere, Californiaz geroztik bere emaitzek nekez isladatzen dute garapenik, eta beraz, zalantza puntu bat izan liteke bere inguruan. Igaroko dituen igoerak eta erlojupekoa bera ez datozkio gaizki, baina oraindik gainerakoen pare egoteko puntu bat faltan duela esango nuke nik. Hamar lehenetan postua lortu beharko luke, baina hortik aurrerakoek bera baino indartsuagoak dirudite.

-    Samuel Sánchez: Paris-Nice-n belauna mindu ostean bere hautagaitza kolokan jarri zen bezalaxe, Laudioko Sari Nagusian erdietsitako garaipenak kinieletan goian kokatzen du berriz ere. Azken egunetako ibilbidea berak baino hobeto ez du inork ezagutuko, eta lasterketako osagarri guztiek bere motibazioa piztu egingo dute. Irabazi egin nahi badu ordea, Jainkorik badela sinetsi eta euria barra-barra bota dezan eskatu beharko dio. Edozein kasutan ere, Laudiokoaren ostean berme handi xamarra da asturiarra.

-    Thomas Dekker: bere emaitzek agian erakusten ez duten ibilbide gora-beheratsuarekin aurrera darrai holandarrak, eta oraingo honetan Mr.Hyde-en itxura ari da erakusten. Silence-Lottok uneotan gizon fidagarriagorik baduela jakinda (eta ez Evans bakarrik), bidean puntu asko galtzeko arriskua ikusten diot bere alde egiteari, ordainetan kasurik onenak ere, ezusteko erraldoirik ez bada, irabazi handirik ekarriko ez lukeen bitartean.

* Lasterketa lehiatzea espero den txirrindulariak baino ez dira aztertu.

Argazkia: Sirotti eta AFP Photo