Murtziarra nagusi

Valverde 2008ko Tourreko 1. etapanNagusitasun handiz Valverde murtziarrak etapa garaipena eta liderraren mallot horia eskuratu zituen atzoko lehen etapan. Hasieran Schumacher eta gero Kirchen saiatu baziren ere, Valverdek bere bizikleta “flamantearekin” aurre hartu zien guztiei azken ehun metroetan.

Bagenekien Valverderi bukaera hau egoki zetorkiola, baina irakurri nion beharbada ez zutela nahi lehen egunean liderraren mallota eskuratzerik nahi horrek eskatzen duen arduragatik. Kontuak kontu, lehen egunean soinean jarri duela (portzierto, ez al zioten lau bat taila handiagoko mallota jantzi podiumean?).

Indurain txirrindulari ohiak Valverdez zioen bere ustetan sasoi onegian iritsi dela lasterketa garrantzitsura. Ni ere uste berekoa naiz. Oraindik 3 aste luze geratzen zaizkie lehiatzeko eta Valverde besteak baino indartsuago dagoela erakutsi du. Zaila 3 astetan zehar puntu honi eustea, zalantzarik ez.

Aurtengoan bonifikazioak ez dira izango eta galdutako eta irabazitako segundo guztiak beren garrantzia izango dute. Hori ederki dakite antolakuntzakoak beraiek ere eta horren erakusle webgune ofizialean emaitzak jartzeko izan zuten atzeraldia. Eta faboritoen artean nabarmen kaltetua suertatu zen txirrindularia Soler izan genuen. Kolonbiarrak erorikoa izan zuen eta 3 minutu galdu zituen. Dakizuen bezala Girotik eskumuturrean pitzatu bat izan eta lasterketa utzi zuen. Oraingo erorketa honek ez dakigu zenbaterainoko eragina izan dezakeen txirrindulari gaztearengan.

Etaparen nondik norakoari dagokionez, eguneko ihesaldian Ruben Perez sartu zen. Zaila zuten iheslariek helmugaraino iristea etapaz gain liderraren mallota jokoan zegoela ikusita. Hala ere ahalegina egin zuten baina ezerezean geratu zen.

Gaurko etapak ere bukaeran aldapatxo bat du eta horrek abiadura handiko sprinterrak kanpoan utziko dituela uste dut. Ihesaldi saiakerak ere izango dira ibilbideak horretarako erraztasunak ematen baititu, baina tropela osorik iristen bada atzoko protagonistak errepikatuko direlakoan nago. Valverde berriro saiatuko dela? Ez ninduke harrituko.

Argazkia: www.marca.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.