Multzoak aztertuz (VI): Besteak

Tropela.net webguneko lehiaketetan puntu gutxien banatu izan duen multzoa dugu berau. Hala ere, azken sailkapenean aurrean ibili nahi duen orok aukeraketa ona egin beharra du kasu honetan ere.

kreuziger_sentencia_cronoescalada.jpgAzken multzo honetan, lehiaketarako interesgarriak sorta daitezkeen ezaugarri desberdineko txirrindulariak pilatzen dira. Bertan, etorkizun ederra espero zaien baina itzuli handietan oraindik ezer gutxi erakutsi duten gazte jendea, hirugarren mailako sprinterren bat, Tour hasiera polita egin ondoren – aurreneko erlojupeko baliatuta adibidez – egunero banatzen diren sailkapen orokorreko puntuak pila ditzakeen baten bat edo helmugara iristen diren ihesaldietan trebatuak diren txirrindulariekin topo egin dezakegu. Norberaren arabera gelditzen da zein nolako ezaugarriak dituzten txirrindulariak aukeratuko dituen jakitea.

Badira sailkapen orokorrean aurrean amaitzeko aukerak dituzten txirrindulari batzuk. Dena dela, mota honetako apustu batek garesti irten dezake, askotan beraien talde buruentzat lanean jarduteko aproposak izanik, ihesaldietan sartzeko aukera gutxiago izaten baitituzte.

Roman Kreuziger: Suitzako Tour ikaragarri baten ondoren datorkigu Frantziara. Taldean ez da ageri punta-puntako beste liderrik, beraz askatasuna izango duela dirudi. Bestalde, Txekiarraren aurka joan daitekeena, oso gaztea dela eta ez dugula 3 asteko itzulietan bere maila ikusteko aukerarik izan. Partehartzaileen artean gehien aukeratu denetakoa dugu.

Vladimir Efimkin: iazko Espainiako Itzulian ondo moldatu zen sailkapen orokorrari begira. Ez naiz izango ni Espainiako Itzulia Tourrari begira konparaketa ibiltzeko erabiliko duena baina urte osoa Frantziara begira dago eta sasoi-puntu egokian iritsi daitekeela ematen du.Uztaileko berotzarrarekin nola moldatuko den nere zalantzak ditut.

Maxime Monfort: denboraldi oso ona egiten ari da. Oso erregularra parte hartu duen lasterketa guztietan eta belgiarren esperantza datozen urtetako 3 itzulietako sailkapen orokorretarako. Dauphine Liberen sasoiko agertu zitzaigun, dena den, aurten egun pila bat korritu dituenaren susmoa daukat eta ez dakit “erre” samartuta iritsiko ez ote den.

136-orig.jpgThomas Lovkvist: taldean lider bezala Kim Kirchen izango badu ere, aspalditik berarengandik hainbeste espero den suediar honek aurrerapauso bat eman dezake. Erlojupekoetan ondo moldatu eta mendian gora hobetzen ari dena. Dena den, honek ere ez du oraindik 3 asteko itzulietan inongo emaitzarik.

Sylvain Chavanel, Cyril Dessel, Remy Di Gregorio, Pierrick Fedrigo: aurten, orokorrean, frantziarren denboraldia hobea da. 4 gizon hauengan izan ditzakete esperantzak sailkapen orokorrera begira. Fin iritsiko direla dirudi eta hauetakoren batek protagonista izatea lortuko balu, ezin harritzeko denik esan.

Bestalde, lehen esan bezala, punta-puntako esprinterrik egon ez arren, bada azkar samarra den txirrindulariren bat edo beste. Horien artean Geert Steegmans nabarmendu beharko genuke. Bere taldekide Tom Boonen falta denez, honek izan beharko du esprintetan sartuko den gizona. Ez dirudi, hala ere, sasoiko dabilenik, ez da behintzat aurrean agertu korritu dituen probetan.

Esprint “arraroetan” puntuak pila ditzaketen beste txirrindulari batzuk ere badira bertan: Elmiger, Mondory, Renshaw, Backstedt, Geslin, Lequatre edo Flahaut bezalakoak, nahiz eta ziurrenik denek parte hartuko ez duten.

Eta azkenik, ihesaldietan puntuak pilatu ditzaketenak daude. Ezin hasiko naiz izen guztiak aipatzen baina denen ahotan ibil daitezke Flecha, Voigt, J.I.Gutierrez, Ballan, De la Fuente edo Gilbert bezalako txirrindulariak.

Ez da aukeraketa erraza, bakoitzak ikusi beharko du zein motatako txirrindulariengatik apustu egin nahi duen.

Zorte on guztioi.

Argazkiak: www.as.com, www.highroadsports.com