Galdera asko… eta erantzun gutxi!

Bosisio erasoanAsko ziren atzoko Pescocostanzoko etaparen zain zeuden zaleak. Goian amaitzen den aurreneko etapak beti izan ohi du ikusmin berezi bat, asko izaten baitira airean dauden galderei erantzuna aurkitu nahian izaten direnak.

Eta beti moduan, asko ziren atzorako zeuden galderak. Hautagai nagusienen artean nor izango da aurrena mugitzen? zein ikusiko da indartsuen? zein izango da Astanako lider nagusia? Contador Giroa lehiatzeko moduan iritsi al da? ixilean dagoen Menchov Tourrera begira dago edo Giroa buruan sartuta du? nor izan daiteke aurtengo “Andy Schleck”?… ia beti izaten diren galdera antzekoak.

Etapa ikusi ondoren hasi da, hau ere askotan bezala, jende asko ondorioak atereaz. Foroetatik pasatzea besterik ez dago Riccó, Di Luca eta Contadorren izenak bakarrik irakurtzeko Giroa irabazteko hautagai bakar bezala! eta ez naiz ni hori ukatzen ihardungo dena baina Giro osoko goi-amaiera errazenean ateratako ondoriok Milanen ikusi dezakegunarekin ez ditut zuzenki lotzen. Adibidez, zergatik ez du bada aurten Leonardo Piepolik sailkapen nagusia lehiatuko? aldapa gora ez dut ikusten bera bezain indartsurik (bere taldekide Riccó agian) eta erlojupekoan galdutakoa irabazteko gai ikusten dut nik. Bestalde, denak Contadorrekin harrituta daude eta azken astean orain baino hobeto egongo dela denak ziur daude. Ni ez naiz preparazio gaietan aditua baina ez dut batere garbi bere sasoi-puntuak hobera egingo duenik. Ez dira aste asko pasatu Euskal Herrian ikaragarrizko sasoian ikusi genuela eta orain sasoi-puntu horri nola edo ala eusten aritu daiteke. Preparazio gaietan adituago den baten hitzak irakurri nahi nituzke esan dudana aldrebeskeria galanta ote den jakiteko.

Laburbilduz, egia da atzo 4 txirrindulari nabarmendu zirela baina ez genuke ahaztu behar Giro hau benetan erabakiko duten etapak atzokoarekin alderatuz ez dutela inongo zer ikusirik. Protagonistak errepikatu daitezkeela? agian bai baina mesedez ez gaitezen erori ondorio ukaezinak atera nahi horretan. Badago oraindik denbora eta ibilbide gogorrik gauzak asko aldatzeko eta.

“Sorpresen” artean Chris Anker Sorensen egon daiteke. Ez podiumeko postutan sartzeko baina bai mendiko etapetan bera baino askoz ezagunago eta denen ahotan dabiltzen horiekin batera ibiltzeko adina.