Tropela.net-en neguko atsedenaldia

TropelaTxirrindularitza denboraldi ofiziala amaitu da eta dagoeneko hurrengo urteko denboraldiaren aurrerapenen berri jasotzen ari gara. Orain egun gutxi izan zen 2008ko Tourreko aurkezpena eta laister aurkeztuko dituzte Giroa eta Vuelta ere.

Tropela Elkarteko kideok ere atsedenalditxo bat hartuko dugu txirrindulariek bezala eta egun hauek indar berritzeko baliatzeaz gain, hurrengo urteko denboraldia prestatzeko aprobetxatuko ditugu. Honek ez du esan nahi webgunea itxiko dugunik, ez eta gutxiagorik ere! Webgunea martxan izango da berriak nahiz lehiaketen inguruko kontsulta egiteko, baina ez da albiste berririk izango otsaila ingururarte. Beraz, Mayoren kasuaren berriren bat agertzen bada edo bestelakoren bat, salbuespenak salbuespen, Tropela.net-en ez dute islarik izango.

Ez genuke nahi urteko azken post hau urteko balantze txiki bat egin gabe amaitzerik nahi. Txirrindularitzari dagokionez, iaz Liberty, Ullrich, Basso eta bestelako kasuekin hasita aurtengo Vinokourov, Rasmussen eta Mayorengana iritsita, eskandalutik eskandaluta ibili gara. Ez da atsedenik izan. UCIk estu hartu nahi ditu ustezko txirrindulari dopatuak, zigor gogorrak eta errugabetasun presuntziorako ia malgutasunik izan gabe. Beharbada estuegi, eta honek UCIrenganako mesfidantza zabaldu du txirrindulari zaleongan. Txirrindulariek ere ez digute asko lagundu beraiengan genuen konfidantza hori mantentzen, gero eta gehiago baitira EPO nahiz transfusioak egin dituztela aitortu duten txirrindulariak (Sinkewitz, Hamburger,…). Ikusi egin behar 2008ak zer ekarri digun. Oraingoz aurreratu diguten berrikuntzarik garrantzitsuena zeresan handia emango duen Pasaporte Biologiko bat izango dutela txirrindulariek.

Euskal txirrindulariei dagokionez Igor Antonen Romandiako Tourreko etapa garaipena, Mayoren Giroko etapa garaipena eta David Lopezen Alemaniako Itzuliko etapa garaipenak dira besteak beste izan diren garrantzitsuenak. Hauek gutxi balira, ezin ahaztu aurtengoan Euskaltel-Euskadik Tourrean egindako lan ikaragarria: sailkapen nagusian Zubeldiaren 5. postua, Astarlozaren 9.a eta Amets Txurrukaren lehiakorrenaren saria. Zalantzarik gabe taldelanaren emaitza izan zuen Euskaltel-Euskadik aurtengo Tourrean.

Tropela.net-i dagokionez, urtetik urtera partehartze maila gora eta gora doa eta hori guretzat oso pozgarria da. Iaz Tourrean 3800 partehartzaile izatetik 6200 pasatxo izatera pasa gara aurtengoan, eta orohar lehiaketa guztietan gero eta gehiago zarete parte hartzen duzuenak. Gure eskerrik beroenak guztioi, zuek gabe ezingo baikenuke proiektu hau dagoen lekuraino eraman.

Gure eskerrik beroenak ere gure txirrindulari maiteei, urtez urte maillotak oparitzen dizkiguzuen guztioi, bai baitakigu askorentzan ez dela hain erraza mailot bat oparitzea. Eskerrak ere gure laguntzaileei, aurtengoan ere hauei eskerrak ez balitz ez baigenuke izan ditugun sari zoragarririk eskaintzeko aukerarik. Eskerrik beroenak Eroski Bidaiak, Atxaspi Hotela, Ipintza Sagardotegia, Orbea, Astore, Hitza, Argia, Goiena, Lan Mobel, Esait, Etxeondo, Gailur Ardoak eta Gipuzkoako Txirrindulari Elkarteari.

Hurrengo urtea aurtengoa baino oparoagoa eta gozagarriagoa izango denaren esperantzan, ‘geroarte’ batez agurtzen zaituztegu.