Kazakhstango eguzki printzak!!

VinokourovGaurko etapak aurrekoa bezala oso aspergarria izateko itxura guztia zuen. Kostata baina ihesaldia ere egin da, jende nahiko aproposarekin (Euskaltel-Euskadikoak non ziren?) eta bazirudien aurreko egunekoa errepikatuko zela. Baina ez. Haizeak eta kazakhstandarren Astana taldeak gauzak nahasteko zuen gogoak (errebantxarako gogoa ote??) eta guzti horrek sortutako urduritasunarekin izan diren erorketek gaurko etapa ederki bizitu dute, eta ikusleok gozatzeko aukera izan dugu.

Azkenean tropela bitan zatitu da eta atzeko tropelean faborito nagusi bakarra, Cristophe Moreau. Frantziarren itxaropen nagusiak majo sufritu du bere taldekideekin batera ahalik eta denbora gutxien galtzeko. Azkenean 3 minututik gora galdu ditu helmugan. Niretzat lehen ere aukera gutxi zituen podiuma egiteko. Orain batere ez. Garbi dago erorketa eta bestelako inzidentziek oraindik zeresan handia izango dutela eta gaur faborito dena beharbada bihar jada ez dela izango.

Bukaera ere ikusgarria izan da. Bazirudien Hunter eta Boonenen arteko lehia ikusiko genuela helmugan (beste esprinterrak atzeko tropelean ziren) baina azken kilometroaren barruan zegoen azken kurban hiruzpalau ziklista hesiaren aurka joan dira eta Boonen garaipeneko lehiatik at geratu da. Beraz, Hunterrek bidea libre zuen Tourrean lehen garaipena lortzeko. Eta horrela izan da. Halere, eskuak ez ditu jaso marra pasa arte “lokomotora suitzarrak”, Fabian Cancellarak, ia-ia bere hirugarren garaipena lortu baitu. Ikusi al duzue nondik hasi duen esprinta eta nola topatu behar izan duen bidea beste guztiak banan-banan aurreratzeko? Eta hori guztia eserlekutik ipurdia altza gabe!! Ai ama!!

Halere, ez ditu guztiak aurreratu. Hunter hegoafrikarrarentzat izan da garaipena. Hegoafrikarrek Frantziako Tourrean lortzen duten lehen garaipena noski. Eta hori gutxi balitz, hirugarren postuan brasildar bat sartu da: Murilo Fischer. Nola aldatzen ari diren gauzak kamarada!

Baina ez dira hor bukatzen gaurko kontakizunak. Gaurko etapako ekintza nagusia aipatzea falta zait. Lau kilometroren faltan gertatu da. Tropelean talde indartsurik ez zegoen kontrol lana egiteko. Bapatean tropeleko laino artetik Kazakhstango eguzkiak zerua argitu du eta aurrera egitea erabaki du. Hasieran denok genituen zalantzak. Nor ote zen. Baina kamerak gerturatu direnean, bere benda guztiak ikusi ahal izan ditugu. Saiakera txiki bat izan da. Bagenekien ezinezkoa zela. Baina saiakera horrekin Alexandre Vinokourov-ek zera esan nahi izan digu: “Hemen nago oraindik. Eta gerra emateko prest”. Badirudi, argia ikusten hasi dela partehartzaile guztientzat hautagai nagusia zena.

Berehala sailkapen nagusia begiratzera joan naiz. 19. postuan aurkitu dut, liderrarengandik 8 minutu eta 5 segundora. Eta nire buruari galdera: Zer dira 8 minutu, 100 kilometro erlojupekoan eta Pirinioetako 3 etapa geratzen direnean?

Vinokourov zaleak garenontzat, kinieletan aukeratu dugunontzat eta ikuskizunaren zaleak zaretenontzat berri pozgarria izan da. Beharbada, nahiak eta gogoak itsututa nauka eta ez da horrenbesterako izan. Larunbateko erlojupekoan ikusiko dugu ea zenbateraino errekuperatu den.

Has dadila eraso festa!

Argazkia: Fotoreporter Sirotti