Lokomotorak kea dariola jarraitzen du!

cancellara2.JPGHemen dugu berriro ere lokomotora suitzarra. A zer sua duen hanketan beronek. Garbi geratzen ari da ibilbide lau eta motzetan ez duela areriorik. Ezin esan ematen duen lehen erakustaldia denik baina larunbatean eta atzo erakutsi zuen nagusitasuna ikustea ezin esan erraza denik. Hain gustuko duen Paris – Roubaix klasikoaren hasiera den Compiegnen eskuak goian zituela ikusteko moduan izan ginen.

Ez nuke nahi hala ere erakustaldi honek atzoko etapa lotsagarria estaltzerik. Ez zait bidezkoa iruditzen txirrindularien jarrera hori. Txirrindularitza hain zalea ez den batek jarraitzen duen proba bakarra izan daitekeela jakinaz, nola azaldu atzoko etaparen garapena? bai, beti izango dira kilometro asko zirela, aurreko egunean mina hartutako jende asko zela eta makal joatea komeni zitzaiela… hala ere, ez zait iruditzen atzoko etapa justifikatzeko adinakoak direnik. Parisera iristen den azken eguna ematen zuen, txanpainak eta argazkiak bakarrik falta ziren.

Espero dezagun gaur atzo baino borroka handiagoa ikustea. Atzo Egoitzek ia asmatu zuen ihesaldi bat iritsiko zela esaterakoan. Agian gaurkoan ere pentsakera berdinarekin jarraitzen du baina nire ustez gaurkoan berriro ere esprinta ikusteko moduan izango garela uste dut. Helmugara iristen diren ihesaldiak azken astean izan ohi dute arrakasta eta gaurkoan ere jai izango dutela uste dut.

Kanpoan uso, etxean otso

Boonen eta SteegmansEderra egin duzu Gert! Zu bai bihurria. Sekula burutik pasa al zitzaizun zure kintako Boonen lagun zaharrarekin Tourreko sprint batean lehia izan eta gaindituko zenuela? Hala ere, ez da horren arraroa. Denboraldi txukuna daramazu. Lau garaipen eta beste hainbat lasterketetan lehenengo postuetan ibili zara. McEwenen bideratzaile gisa ezagutu zintugun. Ez nolanahikoa gainera. Baina aurten, Gert, iritsi da unea nolakoa zaren erakusteko. Argazkia: AFP Photo

Boonen kidearen azaleko ezaugarri berberak dituzu. Garaiera eta pisu ia berberak. Palmaresean, ordea, bada aldea. Baina berdin dio. Zu gai zara jaio zinen herritik, Hasselt-etik, hurbil besoak altxatuta helmuga gurutzatzeko. Benetako otsoa aurki daiteke daramazun maillot horren azpian. Alabaina, idazpuruko esaera zaharra ez dagokizu guztiz Gert. Izan ere, kanpoan zein etxean egin baitiezu ulua gainontzekoei.

Hori bai, ez egin kasu zenbait hedabideri. Atzokoa “joko maltzurra” izan zela diotenei. Zuk badakizu zer den Tourrean irabaztea, Gert.

Medikuaren partea…

0812_discocrash_phspt.jpgVaitkus ez da gaurko etapan irtengo, Hushovdek min handia du nerbio ziatikoan, Bennatik ez du saihetsik hautsita eta irtengo da, Cancellara liderrak kolpea du eskumuturrean eta irtengo da, Ventoso, Hoste, Fred Rodriguez… Eta Cavendish gaztearena ere marka da gero… Lehenengo etapan erori eta atzo ere sekulako kolpea hartu zuen (telebistako irudi ikusgarrietan argi ikusi zen).

Eta bitartean, Steegmans. Aurten, hiru garaipenekin zen, eta ez nolanahikoak: Algarven, Haselbacher, Vaitkus eta Petacchi garaitu zituen; La Pannen, Bennati, Balducci Pollack, Brown eta beste batzuk; eta Dunkerken ere irabazi zuen.

Eta atzo, Boonen maisua bigarren utzi zuen. Ez da edozein, ba, Steegmans.

Gaur etapa luzea dute, eta esprinta izango da, ziurrenik. Ea, bada, nola erantzuten duten atzo erori zirenek. Bestela, betikoa izango dugu: McEwen, Boonen…

McEwenek berdin jarraitzen du

Azken urteetan Frantziako Tourrean sprinterrik onena izan dela uste dut inork ez duela zalantzan jartzen. Maillot berdea ez du beti irabazi izan baina esprintetan besteek baino martxa bat gehiago duela erakutsi izan du. Eta aurtengoan ere bide berdinetik dioala dirudi… mcewen.JPGatzoko erorikoak besterik esaten ez badigu behintzat.

Azkenengo zuzengunean erritmo aldaketa egin zuenean denak gurpiletik aterata irabazi zuen, nagusitasun osoaren seinale. Nahiz eta Hushovd edo Boonen bezalako txirrindularik han ziren, ez zuten irabazteko inongo aukerarik izan. Eta hori guzti kilometro gutxi aurretik izan zuen erorikoaren ondoren.

Ikusiko dugu gaurko honetan ere australiarra dugun nagusi edo atzo agertu ez ziren Bennati, Napolitano, Cavendish edo Zabelek, Hushovd, Boonen eta Freirerekin batera ezustekoan harrapatzeko moduan diren.

Tropelako lehiaketan oso gutxik hartu duten Murilo Fischerrek puntuak ematen jarraituko duela uste dut. Bere puntuak garrantzitsuak izan daitezke aurrean dabiltzan taldeentzat.

Lokomotora suitzarra!

cancellara.JPGLarunbatean gertatutakoa aspaldian ikusi gabe ginan. Nola liteke hain kilometro gutxitan (7,9km) txirrindulari batek bigarrenari 13 segundu eta hirugarrenari 23 segundu ateratzea? ez da ulertu erraza, hala ere Cancellara tartean denean edozer espero daiteke. Nik neuk oraindik ahoa zabalik jarraitzen dut emandako ikuskizunarekin.

Erlojupeko motzetan areriorik ez duela erakutsi du, ez eta gerturatzen zaionik ere. Suitzako Tourrean aurreneko erakustaldia eman zigun eta Frantziako Tourrean hori berretsi besterik ez digu egin. Tourrean geratzen zaizkion helburuak beste pare bat egunetan lidertza mantentzea eta erlojupeko luzeetan ere bere maila erakustea izango da. Duela urte batzutik honutz asko hobetu da erlojupeko luzeetan (urrutira joan gabe hor dugu azken munduko txapelketan egin zuen sarraskia), hala ere prologoan baino arerio gehiago izan behar lituzke, batez ere, esaten duten bezala aurreneko erlojupekoak bere gogortasuna baldin badu. Vinokourov, Kloden, Zabriskie eta bestelakoen aurka lan handiak izan behar lituzke, baina Cancellara tartean denean eta erlojupekoa denean, nik suitzarraren kontrako apusturik ez nuke onartuko badaezpada. Jadanik kuriositatez nago aurreneko erlojupekoan zer egingo duen jakiteko.