Bilera garrantzitsua

Pat McQuaid, UCIko lehendakariaAzkenean iritsi da eguna. Gaurko egunerako jarri zen hitzordua. Ez nago ziur gaur gauzak behingoz argituko diren ala gehiago nahastuko diren baina gutxienez elkartu eta erabaki batzuk hartzen saiatuko dira. Bilera garrantzitsua izan daiteke, baina nire ustez bilera pisutsuak ezkutuan egiten dira eta ez oraingo hau bezala. Halere, UCIko lehendakari den Pat McQuaid irlandarrak (argazkikoa) jo eta ke jarraitzen du egoskor, txirrindularitzaren irudia garbitu nahian. Prentsan irakurritakoaren arabera UCI, ziklista taldeak eta hauen medikuak elkartuko dira eta iazko ekainean Puerto auzian zikinduta geratu ziren izenekin erabaki bat hartuko da. Badirudi zerrenda beltz bat egiten saiatuko direla. Baina nola iritsiko dira adostasun batera? Uff… a ze saltsa egon daitekeen, ezta? Continue reading “Bilera garrantzitsua”

Bassori gehiengo zigorra Tourraren bezperatan

Ivan BassoIaz Puerto Operazioan bere izena azaldu zen. CONIk, behar besteko frogarik ez zela eta, kasua artxibatzea erabaki zuen baina datu gehiago baleudeke, berriro ere kasuarekin jarraitzeko aukera gorde zuen. Eta halaxe izan da.

Tirabira nahaspilatsu hartan, Bassok erruduntasuna aitortu zuen eta bere kolaborazioagatik zigorra jaistea eskatu zuen. Beharbada bere kolaborazioa ez da behar bestekoa izan, beharbada zigortzaileek gupidagabe jokatzea erabaki dute. Kontuak kontu, 24 hilabetez txirrindularitza profesionalean aritu ezinda baztertuko dute. Ullrichek bezala Bassok ere txirrindularitza utziko al du? Azaroan 30 urte beteko ditu eta ez dakit ba…

Tourra ere badator. Bai, tamalez Puerto Operazioak ere bere partaidetza nabarmendu nahiko du aurtengo edizioan ere. Seguru txirrindulariren bat edo eta talde oso bat kanporatua izango dela, beti ere zurrumurruei kasu egin ezkero. Beraz, adi ibil zaitezte hurrengo egunetan Tropela zaleok zuen kinielak egiterako garaian!

Guretzat, Frantziako Tourra abiatu da

IbilbideaGaur jarri dugu martxan Frantziako Tourreko lehiaketa handia, gauerdian. Urteko lehiaketa nagusia dela esan daiteke bai lasterketa partaidetzari dagokionez baita Tropeleko kiniela eta sariei dagokienez ere. Txirrindulariak Londresetik abiatu aurretik 3 aste izango ditugu gure aukeraketa egin, tropeltxoak antolatu eta gure kinielari azken ukituak emateko. Hiru aste hauetan batzuk azken lasterketak mimo handiz jarraituko dituzte txirrindularien forma zein den ezagutzeko eta urteko proba garrantzitsura nola eta ze asmorekin joango diren jakiteko.

Frantziako Tourrak ere gaurko eguna aprobetxatu du bere webgunea eraberritzeko. Dotorea baina oraingoz Londreseko lehen etapa ze ordutan hasiko den ez dute jarri. Garaia iritsi da eta guk dena prest jarri dugu zuek guztiok ziklistekin gozatu dezazuen. Tropelean, lagunekin, euskaraz!

Eta hori gutxi balitz, ondo pasatzeaz gain, izugarrizko sari ederrak irabazteko aukera izango da. Nork irabaziko ote du irabazlearentzat dagoen itsas-bidaia ederra? Frantziako Tourra hasi bitartean sarien zerrenda osatuz joango gara. Orain zuena da hitza. Has dadila festa!

Emakumeen Bira

Emakumeen Bira 2007Euskal Bizikletaren ostean, emakumeei dagokie euskal errepideetan barrena bizikleta gainean aritzea. Bihar hasiko da Emakumeen Bira. 5 egunetan zehar hogei talde eta 120 txirrindulari inguru izango dira lehiaketan. Euskal ordezkaritzan Bizkaia Panda Software talde bizkaitarra izango da.

Aurtengoan Eneritz Iturriagak ez du parte hartuko, jakingo duzuen bezala gaixo izan baita orain hilabete inguru arte eta ez dago sasoi betean. Dirudienez bere helburua Italiako Giroan parte hartzea da. Ia bere maila lortzen duen eta Italian garaipenen bat eskuratzeko gai den. Gure animorik beroenak Eneritzi!

Iazko garaile izan zen Svetlana Bubnenkova Fenis-Colnago taldeko txirrindulari errusiarra era bertan izango da eta seguru aurtengoan iazkoa errepikatzeko gogoz izango dela.

Bihar Iurretan 4,3 kmtako erlojupekoa jokatuko da arratsaldeko seietatik hasita. Bigarren etapa Elorrio-Elorrio izango da, hirugarrena Eibar-Eibar, laugarrena bi sektoretan banatua, Urduña-Urduña 13,6 kmtako erlojupekoa goizean eta arratsaldean Urduñatik Bilborako lasterketa. Igandean eguerdiko ordubata aldera amaituko da Bilbotik Iurretarako bidea egin ostean.

Zorterik hoberena opa diegu gure ordezkari euskaldunei!

Euskaldunon onespenarekin, Zaballa garaile

Tino ZaballaAzkenean Efimkinek ezin izan zion eutsi lidergoari Tropelari bezperan esperantzatsu agertu bazitzaion ere. Baina arrazoi zuen talde sendoa zuela adierazi zuenean, izan ere Tino Zaballa kantauriarrak izugarrizko erakustaldia eman ostean, etapa eta itzulia irabazi baitzituen. Euskaldunen artean nabarmendu zitzaiguna Patxi Vila izan genuen, 9. etapan eta sailkapen nagusian 6. postuan. Bide batez esan Lampre taldearekin berritu duela beste bi urtetarako, Euskaltel taldearen eskaintza izan badu ere.

Beharbada jakingo duzuen bezala, Zaballa Puerto Operazioko zerrendan azaldutako txirrindularia da. Euskal Bizikletak iraun duen hiru egunetan zehar Aitor Osa eta Joseba Beloki ETBko esatari izan ziren eta poza agertu zuten txirrindulari kantauriarrak garaipena lortu zuelako, beraien ustez Puerto Operazioaren ondorioz sufritutakoak sufritu eta gero, txirrindulari hauekin kritiko izan direnei errugabetasuna erakusteko modua izan baitzen.

Ez dira guztiak iritzi berekoak. ciclismo2005 webgunean kritika zuzena egin zaio euskal lasterketari. Euskal txirrindulari zaleon onarpen maila salatzen zaigu bertan eta hau dela merezi dugun txirrindularitza dio webgunearen arduradunak. Seguru zeresan handiak emango dituela adierazpenok.