Bilera garrantzitsua

Pat McQuaid, UCIko lehendakariaAzkenean iritsi da eguna. Gaurko egunerako jarri zen hitzordua. Ez nago ziur gaur gauzak behingoz argituko diren ala gehiago nahastuko diren baina gutxienez elkartu eta erabaki batzuk hartzen saiatuko dira. Bilera garrantzitsua izan daiteke, baina nire ustez bilera pisutsuak ezkutuan egiten dira eta ez oraingo hau bezala. Halere, UCIko lehendakari den Pat McQuaid irlandarrak (argazkikoa) jo eta ke jarraitzen du egoskor, txirrindularitzaren irudia garbitu nahian. Prentsan irakurritakoaren arabera UCI, ziklista taldeak eta hauen medikuak elkartuko dira eta iazko ekainean Puerto auzian zikinduta geratu ziren izenekin erabaki bat hartuko da. Badirudi zerrenda beltz bat egiten saiatuko direla. Baina nola iritsiko dira adostasun batera? Uff… a ze saltsa egon daitekeen, ezta?

Aurreko astean ere egin zen antzeko bilerarik baina oraingoz ez dugu izan inolako aldaketa edo erabakiren berririk. Bilera honi, ordea, garrantzia gehiago eman diote, bai deitzaileek eta baita komunikabideek ere.

Frantziako Tourrak ez du bere iritzirik plazaratu azkenaldian. Duela asko, adierazi zuen ez zuela Puerto auzian edota bestelako doping kasuetan sartuta zegoen ziklistarik onartuko. Baina, dirudienez, hori egiteko ahalik ez du. Iaz ere ez, baina azkenean Tourrak nahi zuena egin zuen eta bi hautagai nagusiak (Ivan Basso eta Jan Ullrich) eta Manolo Saizen talde osoa kanporatuak izan ziren. Tourra berearekin atera zen eta aurten ere beste horrenbeste egitekotan da.

Martxa honetan, txirrindulari ugari (Alejandro Valverde hautagai nagusietako bat barne) urteko lasterketarik garrantzitsuenean (eta boteretsuena) lehiatzeko aukerarik gabe gera daitezke. Izen gehiago ere botako nituzke baina oraingoz nahiago dut nire zerrenda beltza niretzako gorde. Oraindik ia 20 egun ditugu aurretik eta badirudi iaz bezain besteko mugituak izango direla. Txirrindularitzaren onerako izango al da garbiketa hau? Batzuk baiezkoan daude eta beste batzuk ezezkoan. Gauza guztietan bezala.