Eskuak gora!

Eskuak goraAspaldian ez nuen horrela sufritzen eta gozatzen etapa bukaera batean. Cuencako amaiera ikusgarria izan da eta gainera etxeko taldeko, Euskaltel-Euskadiko asturiarrak, Samuel Sanchezek egin duen jaitsiera beldurgarriak bihotza azkartu dit eta izerditan hasiarazi dit. Atzetik zuen tropeltxoak ez dio inolako baimenik eman, liderrak, Alejandro Valverdek helmugan ahalik eta gainsari gehien hartu nahi zituelako eta ahal bazuen etapa irabazi nahiko zuelako. Azken kilometroetan (ez dakit zenbat izan diren baina oso luzeak egin zaizkit) Valverderen hiru taldekide aritu dira jo eta su asturiarra harrapatu nahian. Samuelek ez du inoiz 10 segundu baino gehiago abantailarik izan baina bere abilezia eta ausardiari esker azken aurreko kilometroa tropeltxoa baina azkarrago egin du. Honela, azken kilometroari 8 segundu abantailarekin ekin dio eta juxtu-juxtu baina etapa irabaztea lortu du. Ikusgarria eta pozgarria! Gainera unetxo batez gozatzeko eta eskuak gora altxatzeko astia ere izan du.

Adierazgarria izan da, argazkian ikus dezakezuen bezala, tropeltxoan denbora berean helmugaratu diren bere bi taldekideek ere (Igor Anton eta Aketza Peñak) nola jaso dituzten eskuak gora. Vuelta honetatik taldea esku hutsik ateratzeko arriskua gero eta handiagoa zen, Vueltaren amaiera gertuago zegoen heinean. A ze lasaitua hartu duten guztiek.

Aitor Elduaienek, Euskadi Irratiko kazetariak esan duen bezala, azkenenean asturiarrak atera behar izan ditu babak eltzetik. Fabada asturiar ederra prestatu digu gaur Samuelek zaletuoi. Zorionak Samueli eta zorionak taldeari!!