Badator uzta berria!!

Igor Anton garaileGaur mendiko etapa garrantzitsuetako bat genuen Espainiako Vueltan eta berriz ere euskaldun bat izan dugu garaile, Igor Anton gaztea. Etapa, berez gogorra bazen, zer esanik ez Almerian bota dizkien euri jasenkin. Denok dakigu, ordea, euskaldunak euriarekin ondo moldatzen direla. Ohituta daudelako ote? Zer erremedio!

Lehen ihesaldietatik ikusi ditugu euskal txirrindulariak aurrean (Chaurreau, Landaluze, Egoi Martinez…) baina azken kilometroetako diferentziak ikusita gaurko etapa garailea indartsuenen artetik aterako zela ondorioztatzen zen. Eta horrela izan da tropeleko oilar indartsuenak (Valverde, Vinokourov eta Sastre) mokoka hasi direnean, hauei eutsi dien bakarrak Igor Anton eta Samuel Sanchez Euskaltel-Euskadikoak eta Discoveryko txirrindulariren bat izan dira.

Orduan indartsuenak elkar kontrolatzen hasi dira eta Igorrek une hori aprobetxatu du aurrera egiteko. Oraindik laupabost kilometro zituen helmugarako baina atzekoek nahiko lan zeukaten elkar zaintzen. Gainera, Samuelek ere kontrol lan pixka bat egin du eta bizkaitarrak profesionaletako bere lehen garaipena lortu du. 23 urte soilik eta a ze garaipena! Zorionak Igor!

Berak esan duenez, indarrez nahiko juxtu iritsi da (eta zein ez?) baina duela urte batzuk gure Roberto aittonak Vueltan lortutako garaipena zeukan gogoan ia uneoro eta esperientzia horrek asko lagundu dio zer egin behar zuen erabakitzerakoan. Azkenean bere erasoak fruitua eman du eta beste garaipen bat euskaldunontzat! Ederra!

Orain, Egoi Martinezekin borroka polita izango duela dirudi Vuelta honetako lehen euskalduna zein den ikusteko. Nik uste Egoik mendiko saria irabaz dezakeela eta Igorrek, berriz, lehen euskalduna izateagatik 100 puntu emango dizkiela Tropelako kinielan berarengan kofidantza zutenei.

Hemendik goraintziak bidali nahi dizkiogu Roberto Laisekari bere errekuperazio lanetan serio demonio ariko baita datorren urtean berriz ere gerra emateko prestatzen. Animo Roberto!