Denboraldi erdia uztailera begira?

Frantziako TourraJakina da azken urteetan modan dagoen jarrera bat dela baina ez nago batere ados urte osoa Frantziako Tourrari begira pasatzen duten txirrindulari eta berauen zuzendariekin.

Orain dela urte gehiegi ez zela Greg Lemond izan zen moda hau abian jartzen, hala ere modu batean ulertu daiteke Estatu Batuetan txirrindularitzak garai hartan jarraipen txikia zuelako, eta zuen apurra Tourrak bakarrik zuelako.

Baina ordutik gaur arte egoera askoz gehiago larritu da. Nola liteke urtean zehar lasterketa mordo bat irabazi edo behintzat irabazteko aukerak izan eta denboraldi osoa uztaileko lasterketara begira pasatzea. Norbaitek ulertzen al du zenbait txirrindulariren aukera hori?

Tourra bakarrak irabazten du baina dirudienez txirrindulariak beraiek ez dira horretaz jabetzen. Benetan gehiago balio al du Tourrean aurreneko bosten artean egiteak, adibidez, udaberriko klasika, Paris-Niza, Dauphine edo Giroan irabazteak baino? Nola liteke Mancebo, Landis, Leipheimer, Kloden, Zubeldia, Mayo, McGee, Rogers eta hainbat eta hainbat txirrindulari denboraldiaren erdia baino gehiago indarrak gordetzen egotea uztailean Tourrera sasoi puntu egokian iristeko? Ez al dira konturatzen Tourrean zerbait baldin badago ikaragarrizko maila dagoela eta oso oso gutxi izaten direla nabarmentzen direnak? Benetan balio die azkenean lasterketa 5. amaitzeak? eta hori kasurik onenean, ez baita kasu bakarra izaten urte osoa Tourrari begira jarri, uztaila iritsi eta ezer egiteko gai ez direla ikusitakoa.

Hain garrantzitsua da Tourra? Beti izan behar du frogaren batek garrantzitsuena, eta modu batean ados nago momentu honetan Tourra dela baina hortik askorentzat urteko lasterketa garrantzitsu bakarra izatera jauzi handia dago. Izan ere inork dudan jartzen al du iazko bi txirrindularirik onenak Tom Boonen eta Danilo Di Luca izan zirela? Eta Flandriako Tourrean, Paris–Roubaix, munduko txapelketa, Euskal Herriko Itzulia, Amstel Gold Race, Flecha Valona edo Giroan emandako ikuskizunengatik izan zirela? Batak Tourrean ez zuen parte hartu, bestea erorketa baten ondorioz lasterketa uztera behartua ikusi zen, eta hala ere urteko bi txirrindularirik onenak izan ziren nabarmen.

2003 urtean aldaketa bat etorriko zelakoan jarri nintzen. Izan ere, urte hartan, apirilean Euskal Herriko Itzulian eta Liege-Bastogne-Liege klasikoan aurreneko biak izan ziren Mayo eta Hamilton eta Paris Nizan irabazlea izan zen Alexander Vinokourov zoragarri ihardun ziren Tourrean. Mundu guztiaren aurrean erakutsi zuten denboraldi erdi on bat egin ondoren (hauen kasuan zoragarria izan zen denboraldi erdi hura) posible zela Tourrean ere ondo ibiltzea eta esperantzetan nintzen hurrengo urteetan aldatuko ote zen. Ba ez, okerrera eta dena egin zuela uste dut.

Aurten gainera beste arrisku bat gehiago nabarmendu daiteke. Armstrong handiak txirrindularitza utzi du eta denak hark utzitako tronoaren bila doaz. Ullrich edo Basso bezalako txirrindulari batek urte osoa Tourrari begira emango balu, neurri batean ulertuko nuke, Tourra irabazteko gaitasuna dutela erakutsi dutelako baina sekula ulertuko ez dudana da tropelean dauden txirrindulari on baina Tourra sekula irabazteko modurik ez duten mordo horrek beren denboraldia modu honetan hankaz gora botatzea.

Izan daitezela faborez Tourreko protagonista nagusiak urte osoan zehar nabarmendu diren txirrindulari berberak, erakuts dezatela posible dela urte osoan ezkutuan egon gabe Tourra irabazi daitekeela, ia modu horretan bada ere denoi begiak irekitzen zaizkigun.

Txirrindulari desberdinen urte honetako planifikazioa jakin aurretik hona hemen Tourra Ivan Bassok irabaztea nahiko lukeen zale bat, aspaldidanik esana baitu Italiako Giroa korrituko duela, irabazteko asmoarekin gainera, bigarren helburu bezala Tourra izanez. Horrelako txirrindulariak behar ditugu, begirada guztiak Tourrarentzat bakarrik ez duten jendea, egoera honi buelta ematen hasteko.