Tranpetan dabilenari… zigorra!!!

Roberto HerasOraingo honetan Roberto Heras izan da, baina ez da ez lehenengo ez eta azkenekoa izango doping munduan sartuta ikusten den kirolaria. Alde batetara utzita txirrindularitza eta beste kiroletan dopingari ematen zaion tratamendu desberdina (gai honek beronek luze hitz egiteko adina emango liguke), argi dagoena da horrelako kasuek, Heras berari aparte txirrindularitza osoari kalte egiten diola.

Espainiako Itzulia hainbeste aldiz irabazi eta hain sona handia duen txirrindulari baten doping kasua beti izango da tropeleko beste askorena baino entzutetsuagoa baina kasu honetan, analisiaren inguruan sortutako iskanbilak oraindik eta famatuagoa egin du kasu hau.

Zale askoren ahotan entzun daiteke: “txirrindulari denak goraino hartuta doaz”. Ez zait justua iruditzen esaldi hau. Bestela, nola liteke urtean izaten diren ehundaka analisietatik apur batzuk bakarrik positibo ematea? Hori al da doping-a jeneralizatuta egotea? Egin ditzatela txirrindularitzan egiten diren analisi kopuru berdina futbolean, atletismoan, igeriketan edo beste edozein kiroletan eta egindako analisien positiboen % ikusi ondoren hitz egin beharko genuke. Hala ere esan dut nahiago dudala gai hau aparte utzi.

Herasek, eta beno, egia esateko positibo eman duten %98ak ukatu egin zuen ezer hartu izana. Beti moduan bera errugabea zela eta akatsa analisia egiteko makinetan egongo zela esaten zuen. Positibo ematen duten guztiek beraien atzetik doazela pentsatzen dute (esan hori egiten dute behintzat), kasu oso gutxi ezik, denek beren burua errugabetzat jotzen dutelarik. Heras bera, bere abokatua eta Manolo Saiz (a zer erridikulua egin duen gizon honek bere UCI PRO TOUR babestuaz. Iaz sistema honekin txirrindularitzara “garbitasuna” etorriko zela nabarmendu eta bere taldean Nuno Ribeiro, Nozal eta Herasen kasu zikinak agertu, ay ay ay Manolo!!!) txirrindulariaren errugabetasuna behin eta berriz aldarrikatzen ihardun ziren kontraanalisi garaian. Edozein zirrikitu aprobetxatu nahi izan zuten prozesua bertan behera botatzeko. Barkatu, baina ni benetan errugabea izan banintz, egon seguru nire errugabetasuna frogatzeko mila froga egiteko prest izango nintzela, nire analisiak garbiak zirela erakutsiz. Ba ez, hauen kasuan segituan kontraanalisia bertan behera bota nahi izan zuten. Barkatu, baina lehendik nahiko garbi banuen Herasi zerbait topatu bazitzaion erruduna zela, jarrera horren ondoren oraindik eta gehiago.

2 urteko zigorra erori zaio eta nire ustez justua, eta esaten uzten badidazue, zigor txikia. Kasu honetan, Herasen adina kontutan hartuta, 2 urte edo 5ekoa izan antzerako izango zen, txirrindularitza uztera derrigortuta ikusiko baita, hala ere, zigorrak 2 urtekoak baino gogorragoak izatearen aldekoa naiz. Afizionatu mailan positibo ematen duenari profesionaletara pasatzeko debekua emango nioke, eta profesionaletan positibo ematen duenari 5 urteko zigorra. Ikus dezatela tranpetan ari direnek behintzat beraien egoera profesionala benetan kilikan dutela.

Ze bestela, eman dezagun 24 urteko gazte baten kasua. Doping-ez josita hainbat karrera irabazi, famatua izan, kontratu zoragarriak egin datozen 5-6 urtetan eta 31 urte dituela tranpetan aritu dela igarri. Zer galtzen du txirrindulari horrek bere ohoreaz aparte? Oso gutxi.

Herasek 2 urteko zigorra. Ados zaudete? Nire iritzia izan duzue, 2 urteko zigorrak gogorra dirudien arren gehiagokoa izan balitz ere lasai geldituko nintzateke. Merezi duela garbi daukat.

5 erantzun “Tranpetan dabilenari… zigorra!!!”(e)an

  1. Baina gaur egungo txirrindularitzan, txirrindularia jakitun al da zer hartzen duen eta zer ez? Eta jakitun izan arren, errudun eta kaltetu bakarra txirridularia al da? Nik uste det errudun handiagoak geratzen direla zigorrik gabe.

  2. Galdera benetan onak Oihan!!! eta erantzun bat emateko, ziur nago txirrindulari batek badakiela ondo zer hartzen ari den, zertarako den eta zer mesede edo kalte egin diezaioken. Eta ez dut hau esaten inungo jakintzarik dudalako gai honetan, baizik eta zentzuzko jokaera bakarra dela iruditzen zaidalako. Esfortzu limiteetan ibiltzen diren gizonak dira, errekuperatzaile eta botika batzuk hartu beharrean ikusten direnak. Ez al da logikoena zer hartzen duten jakiteko nahia izatea. Ez dut dudarik badakitela momentu bakoitzean zer hartzen duten, eta ez baldin badakite beraiek nahi ez dutelako dela (burugabekeria galanta izango litzatekeena).
    Bigarren galdera ere benetan interesgarria. Aurreneko iritzian ez nuen gai honi buruz hitzik egin baina badut honi buruzko iritzia ere. Doping gai guztiak medikuntzarekin lotuta daude, talde guztiek bere mediku eta laguntzaileak dituzte. Ez al litzateke logikoena taldeko medikuek izatea kulparen zatirik handiena? zergatik ez dira medikuak zigorrik handienaren jabe izaten? ba askotan taldeko lider eta izarrek, taldeko medikuaz gain euren mediku pertsonala izaten dutelako. UCIk mediku pertsonalak debekatuko balitu eta ondorioz txirrindulari guztien osasun eta errendimentu zaintza taldeko medikuengan utziko balu (hau da, doping kasuan taldeko medikua ere arriskuan ikusiko balitz), arazo honen zati handi bat konpontzeko bidean izango ginateke baina arrazoi bat edo bestearengatik sekula ez da pauso hau eman eta txirrindulariak jarraituko du errudun eta kaltetu bakar bezala.

  3. Iepa Aritz. Ez al duk uste arinegi ari haizela hitz egiten? Benetan uste al duk medikuak direla produktu horiek banatzen dituztenak? Beste edozein drogaren bila botikara joaten al haiz? Han bazeudek mordoa eta hala ere kale eskinako tipo hori ari duk dirua egiten. Bada kirolean ere bueltaka zebilek kale kantoiko tipoa.

  4. Ez dakit nik taldeko medikuak diren produktuak banatzen dituztenak edo ez, baina gutxienez susmagarria da zenbait taldetan izan diren doping edo ez gaitasun kasuak. Phonak-en Camenzind, Hamilton eta Santi Perez-ekin edo Libertyn Nozal, Ribeiro, Heras kasuekin… ez dakit, baina kasu horietan taldeko medikuak ez baldin badu ardura eta ezagutzarik… beste kontu bat da hori frogatzea.

  5. Epa danoi. Nere ustez, ondo ari zarete neurri handi batean, izan ere, taldeko medikuak kontrol lanetan gogor hasiz gero egoera desberdina izango litzateke. Hori bai, nik ez dut uste medikuak direnik kirolariei produktu horiek luzatzen dizkietenak. Baliteke hau edo hura hartu gomendatzea, baina produktuak ekartzen eta saltzen dituztenak, beste batzuk dira, trapitxeroak, eta askotan kirolariak medikuak ezer jakin gabe ibiltzen dira negozio horietan. Eta ez ahaztu lagunok, edozein kiroletan, irabaztea baloratzen dela, eta kirolariak hortik bizitzeko zerbait egin beharra izaten dutela.

Iruzkinak itxiak daude.