Zerk huts egin zuen Euskaltelen iaz?

EuskaltelLaranja koloreko txirrindularien iazko iharduera benetan eskastzat jotzen du txirrindulari zale mordo batek, beraien artean neuk. Ez da ulertu erraza urte batzuk lehenagoko talde berberarekin (fitxaketa batzuk gehitu beharko genizkioke gainera…) egon den maila aldaketa izugarria. Beste taldeak gora egin dute eta laranjazkoek aurreko urtetatako bere maila horretan jarraitu dute? Edo Euskaltelekoak izan dira maila jeitsi dutenak? Arrazoiak ez daude hain garbi eta ez da bidezkoa zenbait zaleek medikuaren iskanbilarengan (gogoratu Losa medikuaren kasu guztia) aurkitu duten lotura zuzena. Ez dut ukatuko nik hori izango zenik arrazoietariko bat, baina sekulan ere ez arrazoi bakarra. Planifikazio aldetik hutsune handiagoa ikusten nuen eta hara non Igor Gonzalez de Galdeano fitxatu duten betebehar horretarako.

Ikusiko dugu zerbait aldatzeko gai den baina printzipioz behintzat gauzak nahiko garbi ekarri dituenaren susmoa daukat, txirrindulari bakoitzarentzat denboraldirako plan pertsonalizatu bat, bakoitzak denboraldiko zein garaitan bere sasoi punturik hoberenean egon behar duen jakiteko.

Errepikatu ezin dena aurreko urtekoa da. Askotan bakoitza bere erara zebilela ematen zuen, inork ezarritako “planning” bati jarraitzen ez zioten itxura emanez. Iaz denboraldiaren aurreneko zatirako liderra Samuel Sanchez zen, eta ados arazo fisikoak izan zituela, baina onartu ezin dena garai berdinerako beste inor ez egotea sasoi puntu egokian. Talde bat 25 txirrindulari inguruk osatzen dute eta onartezina da iaz aurreneko zatian eman zuten itxura. Onartu al daiteke Italiako Girorako hilabete batzuk lehenago liderrak Aitor Gonzalez eta Haimar Zubeldia izango zirela esan eta lasterketa horren aurretik eta bertan eman zuten itxuria ematea? Nola liteke bi txirrindulari hauen kasuan berauen sasoi punturik onena komunikabideetan esan zen fetxak baino hilabete bat edo bi beranduago izatea? (gogoratu Aitor Suitzan eta Haimar Tourrean).

Errua norena zen? Txirrindulariena eman zizkioten planak bete ez zituztelako edo planifikatzaileena (Madariaga, Gorospe…?) benetan planifikaziorik ez zelako egon? Haimar eta Aitor Gonzalez plan bat jarri zitzaien Girora ondo iristeko edo “Giroan liderrak zuek izango zarete” esan eta ez zitzaien segimendurik egin? Oso esku arin jokatu zela iruditzen zait, ezin da onartu Haimarri Giroa jarri helburutzat eta bere sasoi punturik hoberena Tourrean ematea. Kasu honek gainera zalantza gehiago sortzen dizkit, Haimarrek beti esan izan baitu Tourra duela gogoko eta denboraldia eta bere sasoi puntua berak nahi bezala planifikatu zuen susmoa dut. Eta ez diezadatela esan niri benetan Giroa prestatu zuenik, bere indar faltaz gain sekulako jarrera falta erakutsi zuelako Giroa hasi aurretik. Bere hitzetan “¿Conoces el Stelvio?” galderari “no, bueno, me suena por el nombre” erantzuten duen batek Girora begira zenbaterainoko intentzioa zuen argi eta garbi erakusten zuen froga argi bat da.

Honez gero Mayori buruz zer esan behar dudan zain ere egongo zarete, hau baita nire ustez talde honetako izar nagusia. 2003 eta 2004 denboraldi zoragarriak egin ondoren, iaz kale egin zuen. Jakingo banitu arrazoiak gustura esango nituzke baina ez dut horrelako pribilegiorik. Nire ustez Igorreko txirrindulariaren akats handiena Tourra iritsi arte batere agertu ez izana zen. Nahiz eta 2004 zoragarri bat egin, sekulako erakustaldiekin Tourrean huts egin zuen. Pertsonalki, Tourrean huts egin arren denboraldi oso ona egin zuenaren iritzikoa naiz, baina noski, hemen Tourrak bakarrik saltzen du eta jende askoren begietara denboraldi eskasa izan zen. Hori kontutan hartuta beste guztiaz ahaztu eta Tourrean pentsatzen jarri zen buru belarri baina indar falta edo bere buruari sartutako presioaren ondorioz huts egin zuen.

Hala ere, bera huts horretaz jabetu dela ematen du, Giroa korritzeko intentzioa ere azalduz, nahiz eta ematen duen azkenean ez dela berarentzat aproposa izango litzatekeen karrera arrosaren irteeren izango.

Ia bada talde honen iazko hutsunerik handiena, planifikazioa, Igor Gonzalez de Galdeanorekin konpontzen hasten den eta urtean zehar garai bakoitzean tokatzen zaion txirrindulariaren sasoi puntu egokia ikusten hasten garen.